Esne ekologikoa eta sektorearen egoera (Aitor Aranburu)

Aitor Aranburu – Esne ekologikoa eta sektorearen egoera

Aitor Aranburu - Esne ekologikoa eta sektorearen egoeraAsteartean galdera bat jarri nuen mahai gainean. Kaikuk honakoa baieztatzen du bere iragarkietan: “Euskal Herrian jaso eta ontziratzen den esne bakarra. Km0”. Egia al da hori? Gezurra ote?

Oraingoz 117 lagunek bozkatu duzue, eta inkestaren emaitzak garbiak dira:

  • EZ: 88 boz/%75,21
  • BAI BAINA EZ, EZ BAINA BAI: 21 boz/%17,95
  • BAI: 8 boz/%6,84

Inkestan planteatzen ziren hiru erantzun posibleetatik, eta bildu dudan informazioa kontutan hartuta, neronek (ene iritzi apalean) lehen aukera hautatu dut galderari erantzuteko: ez.

Ez da Euskal Herrian jaso eta ontziratzen den esne bakarra; Igeldoko esnearen adibidea daukagu, esaterako, eta esne asko ontziratzen dute baserritar edo elkarte txikiek. Behiekok kristala erabiltzen du, beste askok plastikoa, eta Igeldokoek tetrabrika. Beste kontu bat esnearen tratamendua da: gordina, pasteurizatua, uperizatua edo esterilizatua… Industriaren ohiko esnea UHT da (uperizatua), nahiz eta esterilizatua ere egin, eta Kaikuren kasuan “Gurea Eusko Label” pasteurizatua ere badute. Europan ohikoena pasteurizatua edatea da (astebete irauten duena), hemen berriz uperizatua (hilabeteak iraun ditzake hotzaren beharrik gabe). Geroz eta ikerketa gehiagok esne gordina edan beharko genukeela diote, baina hori beste gai bat da.

Bertakotasunaren aldarri honek badauzka mila zirrikitu. Kaikuk, euskaldunak izateaz harro bagaude bertako produktuak kontsumitzeko eskatzen digu, baina ez dute irizpide bera erabiltzen behiei jaten ematerako orduan, bistan dena, soja eta bestelakoak normalean itsasoz bestaldekoak baitira. Horretaz gain, kanpaina honen lema indartsuak badu beste koskaren bat. Kaikuk jasotzen du esnea Euskal Herrian, bai, baina kanpoan ere; beraz, marka honetako esnea edaten egonez gero, ez dago bermatuta esne hori hemengoa denik. Azkenik, ez genuke ahaztu behar, jabetzari dagokionez, bederen, Kaiku jada ez dela enpresa euskal herritar bat, kapitalaren gehiengo handia EMMI multinazional suitzarrarena delako (jaitsi “discover our brands” jartzen duen atalera eta bertan ikusiko duzue Kaiku). Euskal Herria Esneak prentsaurrekoan esandakoaren arabera, EMMI-k kapitalaren %66a dauka bere esku.

.

Aitor Aranburuk esne ekologikoa ekoizten du bere baserrian, Etxeberri Goikoan, Olaberrian; Gipuzkoan ekologikoan lan egiten duten hiru esne ekoizle daude, eta kooperatiba Altzon daukate, Behieko.

Lau punturen bueltan hitz egingo digu Aitorrek. Lehena, arestiko erantzunaren arrazoiketa; jarraian, esne sektorearen bilakaera Euskal Herrian; ondoren, ze baldintza bete behar diren esne ekologikoa ekoizteko; eta azkenik, mezu bat ikusleei.

Aitor Aranburu – Esne ekologikoa eta sektorearen egoera

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

2 pentsamendu “Esne ekologikoa eta sektorearen egoera (Aitor Aranburu)”-ri buruz

  • Mila esker artikuluagatik! Beti gertatzen da berdin km0ri ekologikoa deitzen diogu, ezer gehiago jakin gabe. Hanka sartze galanta da berau. Mendez mende jaso dugu “etxekoa ona da” mezua. Baina gaur egun ez du batere zentzurik mezu honek. Berak ondo dioen moduan etxekoa ona da ondo ekoiztu bada. Aspaldi nuen gogoa mezu hori beste baten ahotik entzutekoa. Eta ideia hori saldu gura duenak transparentziaz erakutsi behar du behien bazka, botikak, tratamenduak…. Ekologikoa izatea bertakoa izatea baina askoz gehiago da. Moda ekologikoan gauza bera gertatzen da, guztiz gauza bera. Ohitura hartu beharko genuke mezuen koherentzia aurkitzeko.

  • ganbaratxotik 2016-05-02 16:40

    Zorionak eta eskerrak nekazariokin akordatzeagatik. Segi arakatzen sektorean bada non ikertu. Ezkutuko gauza gehiegi eta gardentasuna auzoan. Diru-gose asezina duen jende mordoa baserritar finen irudi eta lan onaren kontura bizitzen. Jauntxokeria. Mafia itxusiak. Diru beltza. Espekulazioa. Enpresa multinazioanalak (zer dira korrektoreak???). Beldurra mintzatzeko. Klientelismoa. Gezurrak edo erdi-egiak. Hidroponia. Transgeniko izena ezkututatu eta genetikoki eraldatutako barazkiak….

    Eta jende oso ona: baserritar eta laborari bikainak,solidario, militante eta arduratsuak. Teknikari konprometituak. Elkarte dinamikoak. Erosle sentiberak. Etxalde apartak, sindikalista engaiatuak….

    Hori guztia eta gehiago da euskal laborantza, deskubritzeke dagoen mundua, topikoetatik haratago.