Erreka zikinen iturri garbiak

lete-atzo.JPG Xabier Lete, atzo (061213)
Urteko azken zapaturako, Sautrela berezi bat dihardugu prestatzen. Xabier Leterekin grabatutako elkarrizketa bat, bere horretan, izango du ardatz nagusi saioak. Atzo egin genuen grabaketa Donostiako Tabakotegian. Mon Dieu! Aparta da gizon hau adierazpenak egiteko orduan: aratza eta aberatsa oso. Esango nuke bere poesia guztiz dagoela indarrean eta, areago, berriak ere etorriko direla haren eskutik. Desiran gauzka. Alabaina, neuk gehien estimatzen diodana, gurean ia beste inork egiten ez dituen irakurketak egitea da, poesia eta filosofia, batez ere. Bere bizitzako ataka honetan, betiko Xabier Lete izaten jarraitzen du: etenik gabe iturri garbien bila. Ez du edukiko amets handirik, ez ditu halakoak maite batere, baina, arraioa!, gustu ematen du norberaren tribuan ere halako chamanak aurkitzeak. Ruper Ordorika ere eraman genuen, beste saio baterako. Ez zekien Lete bertan egotekoa zenik. Ikaragarria Oñatiarrak hartu zuen poza eta erakutsi zuen admirazioa eta aitortza. Letek poeta gazteei buruz galdegin zigun. Nor hoberik Ordorika baino horri erantzuteko? Oso interesgarria han entzundakoa, lagunok.
leteruperh.JPG Ruper Ordorika, Xabier Leterekin (061213)

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

3 pentsamendu “Erreka zikinen iturri garbiak”-ri buruz

  • “Oso interesgarria han entzundakoa, lagunok.”

    Kontatzen badizkiguzu, danok pozik.

  • Ezin dira hemen esan kamaraz kanpo erabili genituen guztiak, baina, beste kontu batzuen artean, bai Ruper eta bai neu, saiatu ginen Leteri poeta gazteen arradiografia azkar moduko bat egiten eta, oso kuriosoa, biok antzera irizten genion asuntuari. Ulertuko duzu ñabardura guztiak hona ekartzea zaila dela oso artikulu luze bat egin gabe, eta orain ez daukat ez indarrik eta ez gogorik horretarako, esandakoa esanda ere zalaparta piztuko baita. Ez dut mamitu tesi burutsurik. Hala ere, zure kuriositatea asetze aldera, edo gehiago pizteko, nork jakin, oso labur esago dut nire irudipena: asko eta formalki onak dira gaur gurean poeta gazteak, lehen baino hobeto idazten da, baina, akaso, denek euskara batuan ikasi dutelako eta heziketa berdintsua jaso dutelako, beste garai batzuk direlako ere bai, lehengo aldean (Lete, Artze, Arregi, Sarri…), kolorea eta indarra falta dira. “Ahots potente eta nabarmenik” ez da ageri. Salbuespenak salbuespen.

  • Ez dut gaur egungo poesia kontrolatzen baina antzeko kontuak zerabiltzaten (baita oraindik ere) jazz kritikari askok 90eko hamarkadan, ateratzen ari ziren musikari berrien harira. Wynton Marsalis da adibiderik ezagunena eta kritikarien kezkak honakoak ziren: Morroi honek zergatik jotzen du hain ondo, berezko sena duelako ala Berklee akademian trikimailu guztiak ikasi dituelako? Inprobisatzen ari da ala buruz ikasitakoa errepikatzen? Garai zaharretarako musikariekin ez zegoen galdera horiek egiterik, bat ere ez zelako inongo eskolatatik pasatu eta jotzen zutena tabernazulo ilunetan jo eta jo ikasitakoa zen.
    Ez dakit zerikusi zuzena daukan, dena dela eskerrik asko kontatu duzuna kontatzearren.