Erreferenteak

Erreferenteak

Orain dela gutxi lagun batek idatzitako bertso paper batzuk irakurri nituen. Maniki baten larrutik idatzi zuen lagunak. Handik denbora batera gaia aukeratzearen zergatia azaldu zidan.

ErreferenteakAzken aldian ohartu omen da nerabeek dendatik dendara pasatzen dituztela arratsaldeak, herriko plazan pipak jaten egon ordez. Kezkagarria iruditzen zitzaion eta ez da harritzekoa.

“Kartzela honen iluntasunak/ itsutu ditu zearo/ irudi batek balio baitu/ ehun hitzek baino gehiago”, dio bertsoetako batek. Ispiluan begiratu eta orduak maniki batekin alderatzen pasatzen omen dituzte. Denok behar ditugu erreferenteak, izan errealak edo ez.

“Artista ona behar du gero/ simulatu zituenak/nola liteke gorputz batean/ irudikatzea denak?”, idatzi zuen lagunak. Gerrialdean nabarmentzen diren girringolen tamaina eta aldez alde mugitzen diren haragi zatiaren neurriak guztionak berdin balira bezala. Denonak ezberdin izan, baina denok berdin izatea nahi; agian hori da gakoa.

Titi bat bestea baino handiago izatea, ipurdian zelulitis markak azaltzea, bi izterrek elkar igurztea kriminalizatu dizkigute. Besapean haragia zintzilikatzea, lepo pean menditxo bat egitea, galtzen gainetik tontorrak bistaratzea kriminalizatu dizkigute. Hori gertatzen baita, erreferenteak hautatu ordez inposatzen dizkigutenean. Neurrietan, erdietan lekurik ez dugunez, gainezka egiten dugula. Neurrietan, erdietan kabitzen ez garenez, gainezka egiten dugula, margenetan geratzen garela.

“Dagoeneko hazten hasi zait/ barreneko jakinmina/ zein itxuratan inspiratu zen/ egin ninduen makina?”, esaten zuen lagunak. Eta neuk ere jakin nahi nuke erakusleihotik begira dagoen manikiak zenbat bera bezalako aurkitzen dituen kristalaren bestaldean. Jakin baitakigu, kristalak beti markatzen dituela bi mundu, bi errealitate, bi alde.

“Gailurra inoiz ez da izaten/ besteen sostengu habe/ baina ordea, ez da mantentzen/ oinarri sendorik gabe”, bukatzen du lagunak bertso sorta. Eta hor gakoa, manikia gailurra izan arren neuk sostengatzen dudala. Neuk kriminalizatzen ditudala “soberan” daudela esan dizkidaten haragi zatiak. Sartzen ditudala neure girringolak estutzen eta gorantz eramaten dituzten prenda ezin deserosoagoetan. Uzten ditudala halakoak eta bestelakoak erosi gabe, gerrialdeak ihes egin didalako edo izterrak bistaratzen zaizkidalako; eta horrela, gailurraren zimenduak ez ditut, ez ditugu inoiz astintzen.

Erreferenteak