Erre genituen sorginekin nahikoa ez daukagu

Erre genituen sorginekin nahikoa ez daukagu –

Erre genituen sorginekin nahikoa ez daukaguAlex Sarduiren adierazpen batzuen inguruan egosi den putzopila ikusita, jaiki eta ozen hitz egiteko garaia heldu zaidala erabaki dut. Hementxe uzten dut adierazpen horiek entzuteko esteka, gehiago irakurri aurretik entzuteko gomendioarekin, zuhurra eta bidezkoa baita, sarritan egiten ez bada ere, juzgatu behar denaren berri zuzena izatea. www.dailymotion.com/video

Belarrian entzumena eta buruan zentzun apurra duen edonork ulertuko du Alex Sarduik bere poza adierazten duela argi eta garbi, euskal kantagintzaren panoraman azken aldian hainbeste emakume gazte ikusita, eta nabarmentzen duela egoera berri honek ekarri duen aberastasuna. Nola liteke horrelako adierazpenak egin ondoren, ikusten ari garen erreakzio bortitz neurrigabea sortzea? Hasieran nioen bezala, arrazoi nagusia seguru asko izango da, harrikatzaile gehienek adierazpenak ez dituztela entzun. Hori sinetsi nahi nuke behinik behin, zeren hori ez bada, zer ote orduan? Zer esan du infernuko garrak gora jauzika ipintzeko?

Bada, esan du, berak, bere inguruan eta bere denboran ez duela diskriminaziorik ezagutu, beti ikusi duela tratu berdina ematen, neska nahiz mutilei. Eta bere iritzia zintzo eta xalo azaltzeak Inkisizio berriaren aulkira eraman du, gizajoa.

Kazetariaren itaunketaren nondik norakoari ez dio nonbait atzeman, inozo. Ala errebelde? Emakumeen gorakada nabarmendu duenean, argitaratu gabe baina nonbait indarrean dagoen estilo libururen batek aginduta edo, iritsi zaio lehen galdera: Bai baina,… gauzak lehenago ez ziren horrela, ezta? Erantzuna, berriro jarrera baikorrean, (asko irabazi dugu horregaz) ez da katiximak agintzen duena izan, eta beraz, bigarren galdera heldu zaio, hau ere erantzun zuzena zein zen iradokiz, nahiz eta galdera erabat ulertezina izan (egia da eta beharbada azkenean, ez?, asko badakigu zelan biolentzia matxista eta holako gauzak eszenatoki gainean eta kanpoan eta musikaren inguruan bebai, horrek asko zabaltzen du aukeria, ez?, igotzeko eta ausartzeko). Alexek zer erantzungo eta berak bere inguruan ez duela diskriminaziorik sumatu. Orduan kazetaria, nabarmen harrituta, kantagintza arlokoa ez den arren, eta Alex bere esperientziaz diharduen arren, esandakoa zuzentzen dio womansplaining bete-betean (zuk ez zenuen ikusiko baina beti egoten da diskriminazio punttu bat,… gizartea horrela delako). Eta Alex koittaduak berriro ezetz, berak ez duela ikusi bere inguruan, noski inoiz zalantzan jarri gabe beste tokietan horrelakoak gerta daitezkeenik.

Katiximapean hazi ginenok ezin katixima usaina ez sumatu, zabaltzen den tokian. Eta pasadizo honi kiratsa dario. Dogmaren kirats nazkagarria. Inkisizioaren kirats higuina. Sorgin ehizaren kirats ustela. Alex Sarduik barkamena eskatu behar izan du, Espainiako errege zahar lapurra bailitzan, sorgin ehiztari eta inkisidoreen gogoan baino ez dagoen hutsagatik. Barkamena eskatu behar izan du, zintzo eta xalo bere iritzia askatasunaz emateagatik. Nekez errepikatuko du. Askatasuna ebatzi diote. Digute esan beharko nuke zehatzago, denak bizi garelako Inkisizio berriaren begiramenean, eta soineko urratzaileen beldurrez. Ez Alex, ez zara libre zinez uste duzuna adierazteko. Obeditu, zure ibilbideaz zerorrek baino gehiago dakien kazetariari, eta aintzat hartu egiten dizun galderak berarekin daraman erantzun iradokia. Gainerakoan sorgin ehiztarien tropa zintzurrera jauziko zaizu ausikika.

Izenburua argituz amaituko dut. Bizi dugun garai honetan sorgin ehizaren berrinterpretazio sinplifikatu bat nagusitu da, elkartasun panfeministaren apologiaren eskutik. Sorginak beti emakumezko, eta inkisidore, torturatzaile eta borreroak beti gizonezko. Sorginak emakume indartsu eta ahaldunduak zirelako erretzen omen zituzten gizonek. Nagusituta dabilen sinplekeria honetan ordea, besteak beste, funtsezko elementu bat falta da:. Nor ziren salatzaileak? Gutun hau ez da sorgin ehizari buruzko tesi bat azaltzeko leku egokia, baina aurreratu dezaket egin berri dudan galderaren erantzuna biziki lagungarria dela edozein eremuko eta garaiko sorgin ehizak antzemateko, nola sortzen eta garatzen diren ulertzeko eta salaketa arrazoituaz deuseztatzeko. Zoritxarrez, duela 300 urtekoak ulertu gabe diraugun honetan ez da batere harritzekoa berriak sortzea.

Erre genituen sorginekin nahikoa ez daukagu  Erre genituen sorginekin nahikoa ez daukagu

27 pentsamendu “Erre genituen sorginekin nahikoa ez daukagu”-ri buruz

  • Beno, Alex nahiko memelo eta inozoa izan da. Bogan eta indarrean dagoen feminista-monjenen katiximaren aurka iritzia ematea ere. 😉

  • Arras ados. Makurrena gazteen artean heldu dena.

  • Alexi entzun... 2024-09-24 23:56

    Sarduik barkamena eskatu die emakumeei: “Deklarazioak lekuz kanpo daude, ez dut horrela pentsatzen”… “Benetan nago damututa, hanka sartu dut”… https://www.eitb.eus/eu/albisteak/gizartea/osoa/9587982/sarduik-barkamena-eskatu-die-emakumeei-adierazpenak-lekuz-kanpo-daude-ez-dut-horrela-pentsatzen/

  • Julen Atzo

    Sardueri elkarrizketa entzun ondoren ezin dut ulertu zergaitik eskatu behar duen barkamenik. Entzutean ematen du zintzotasunez eratzun du bera bizi izan duenaren esperientzian ez duela ikusi emakumekiko diskiminazio, bazterkeria, Euskal Herriko gau egungo musika munduan.
    Baina argi eta garbi dago ez dela konbengarria zintzotasunez erantzutea, eta bereziki emakumeen buruz gaiaz ari ganerean.
    Inkizizio ultrafenimista bat dugu gure artean,
    Gai honi buruz beraiek inposatzen dute zer esan, pentsatu behar dena eta zer ezin da esan.
    Eta azkenean erabakitzen duzu hoberena mutu egotea.
    Zoritzarrez Alez Sardui behartuta egon da neo-inkizizioaren aurrean “autokritika” umilagarri egitea.
    Sektarismo eta dogmatismo kiratsa gero handiago eta narda ematen du hainbeste fanatikoekin aurre egitea egunero.
    Azkenean fenimismo dogmatiko eta sektario eredu honek lortuko duena gero eta gizon gehiago emakume eskudideen aldeko mugimendutik aldendu eta hare gehiago aurka egotea.
    Hemen jokoan dagoena, beste gauzen artean, adierazpen askatasuna eta bakoitzak libre izan zintzoki pentsatzen duena esateko eta idazteko, barkamenak eta aurre baimenak eskatu behar barik.

  • Beti Atzo

    Emakumea beti da biktima eta kito –feminismoaren biktimak esana.

  • Kaxka Atzo

    Adierazpen askatasuna eta lau zoro hauen diktadura gaitzesten duen sinadura bilketa egin beharko genuke.

  • Eneko bAt Atzo

    Sardui boxeo-zaku gisara erabilia izan da. Frustrazioa askatzeko eskura izan duten lehenbiziko izen-abizendunaren “hanka-sartzea” probestu eta sekulako jipoia jasan behar izan du gizonak.

    Zilegia izan al da? Norbaitek eztabaidatzen ahal zion, modu hezi eta ganorazkoan. Baina ez. Horren ordez, neurrigabea izan den erantzuna jaso du, zeinak ez dion utzi berak esandakoari ñabardura bat ezartzeko aukerarik eman. Zuria edo beltza, aukeran. Desenkusa eta lotsa edo amildegia.

    Gauza zinez garrantzitsuagoetan erantzun zinez epelagoak ikusi izan ditugu.

  • feminismo histerikoa Atzo

    Emakumeek presentzi eskasagoa dute musikan, umore monologista edo asmatzaile bezala eta abarretan. Baina arrazoia ez da estrukturazko matxismo edo heteropatriarkatua, ez. Herrialde musulman teokratikoetan bai, baina Euskal Herrian ez.

    Arrazoia da sormen eta arrisku-gogoa ezberdina dela, besteak beste, gizon eta emakumeen burmuinak ezberdinak direlako. Gizona txarrenean (hiltzaile, etxegabe…) eta onenean (asmatzaile, ekintzaile…) destakatzen du.

    zuzeu-n bertan artikulu bat atera zen hau azalduz: https://zuzeu.eus/tekno/gizon-eta-emakumeen-adimena-ezberdina-da/

  • Joan Mari Beloki Kortexarena Atzo

    Gizonak ikusi duena azaldu du. Musikaren munduan egin duen ibilbide luzean ez duela erasorik ezagutu esan du garbi aski. Kazetari bezala aurkeztu denak behin eta berriz presionatu du erasoren bat aitor zezan nahiz ez ikusi. Sano eta natural ikusi dut kantaria, neska ez bezala. Gizartean hedatu den wokismo zoroaren beste atal bat gehiago izan da hau. Elite ekonomikoen hatzaparretan erori den jende askok halako egoera zital askotara eramanen gaitu oraindik. Erne ibili beharko dugu eta nolabait autodefentsa antolatu.

  • Mintzo Atzo

    Kontzertuetan gizonak kriminalizatzen ditu ia zer pasatzen zaigun burutik esanaz (denok bortxatzaileak omen), tira ba, merezi ez izan arren hortxe du emaitza

  • MIE Atzo

    Euskadi Irratiko “Distrito Euskadi” saioan, oraintxe, Alex larrutzen dihardute, emakumeen kontrako jarrerak babestu izan balitu bezala, emakumeak geroz eta presentzia handiagoa izateaz pozten dela adierazi duenean. Ternuliano nazkagarriak! Diskurtso irabazlera gehitu eta puntuak irabazi nahian ari dira, errukirik gabe.

    Alexek bekaturik egin badu, baldin horrela bada, bere inguruan ematen den bazterketa ez ikustea izango da, inolaz ere bazterketa horren alde egotea, baina horrela bailitzan jokatzen ari dira Alexekin. Gainera, nik entzun ditudan kritiketan bederen, ez dute adibiderik aipatu ere egin, zertan datzan Alexen inguruan, musikagintzan, ematen omen den bazterketa hori. Irainak utzi eta adibideak jarriko balituzte, jende gehiago legoke haien alde, baina kontua ez da hori, “feministena” eta “woke”ena zein den lehian irabaztea baizik, bere X edo Instagram perfilean jartzeko.

    Gatibuk kantatzen duen bezala, “Eskuzabala izen naz ni bueltie etorko dala pentseurik. Zenbat bider fidxeu nazen eta popatik emoztie.
    Engaineu egin nabe sarri, horregatik ein jot nik ikesi ezagun asko dodala inguruen. Lagunek? lagunek lau bakarrik.”

    Aukera ona dauka orain Alexek benetako adiskideak eta bueltan dabiltzan putreak bereizteko. Animo Alex!

  • Sakristaua Atzo

    Galdera bat Juan Inazio:
    Idazlan hau (nire uste apalean bikaina) Berria-ra bidaltzeko asmorik baduzu? Agian egin duzu honez gero?

  • 1349 Atzo

    Alex Sarduiren kasuan ikusi dugun bezala, gai hau hurrenegi joan zaigu, eta epe luzera ez du gauza onik ekarriko.
    Elkarrizketa horretan bertan esan zuen bera ez zuela inork zentsuratuko, eta gero, emakumeek* egurra eman diotenean, bideo negargarri bat argitaratu du barkamena eskatuz. Nire ustez, bideo honen atzean ondorioen beldurra dago, eta ez konbentzimendua, baina ez dakit nahikoa izango den inkisizioaren atzaparretatik libratzeko…
    Alex Sardui ez dut gustuko, baina oraingoan pena eman dit.

  • Juan Inazio Hartsuaga Atzo

    Sakristauari erantzunez, Berrian arazoren bat edo beste izan dut iraganean gauzak argitaratzeko eta beraz Zuzeu.com da nire plaza. Zalantzarik ez dut osteratxoa egiten dutela egunero hemengo berri izateko, eta honez gero irakurri dutela nire gutun hau, baina ez dut uste hemen argitaratutakoak berean ere argitaratzeko ohitura dutenik. Dena den, zerorrek bidali nahi badiezu, argitaratzea merezi duela esanez, aurrera lasai. Ikusiko dugu zer gertatzen den.

  • Sakristaua Atzo

    Ez dut uste nire bitartekaritza lagungarria izan litekeenik. “Prentsa” txarra dut nik euskal prentsan.
    Hala ere zorionak artikuluarengatik eta erakusten duzun adore eta zintzotasunarengatik.

  • 1349 Atzo

    Sinatzaileen zerrenda ikusteko kuriositatea sartu zait, eta hara hor sorpresa: bertan ikusi ditut Neomak taldeko hainbat partaide, Elektropottotte, eta Alarma Morea. Talde hauek osatzerakoan gizartearen %50 diskriminatu dute, horretaz harro daude, eta besteei lezio moralak ematera ausartzen dira.

    Gizartean egiten ari diren kaltearengatik ez balitz, txiste txar bat izango litzateke.

    Eskerrik asko, Juan Inazio!

  • Aitor S. Atzo

    Tristeena da feminista hauek haserre, ziurtasun falta izugarriarekin, urduri edo/eta triste bizi direla bere bizitzako egun gehienetan. Pozik egongo balira tira, nik behintzat gustorago irakurriko nituzke beraien sorgin-ehizak.

    Nik ez diet feminista erradikal deitzen, nahiago dut monja-feminista deitzea. Izatez deskriptiboagoa da. Erlijio moduan bizi dute emakumeen* (*deitu dioten) aurkako eraso edo ustezko erasoak.

    Nork du soldatarik baxuena? Emakumeak.
    Zeinek egiten du lanik gogorrena? Emakumeak.
    Homosexualen artean, zeinek pairatzen ditu eraso gehien? Emakumeak.
    Arreta zentruetan nori tratatzen zaie okerrago? Emakumeei.
    Eta horrela, inolako froga edo adibiderik eman gabe, behin eta berriro esaten eta errepikatzen duten mantra, egia dela sinisten dute.

    Eta hauxe nire galdera: Zein interes dauka kapitalismoak, Jaurlaritzak, ezker politikoak eta abar luzeak monja-feministei hainbesteko oihartzuna emateko? Nik behintzat ez dut ulertzen. Edo susmagarria egiten zaizkit bururatzen zaizkidan erantzunak.
    .

  • Har Atzo

    Oraindik ez diet feministei entzun izan Ukraniako lehen lerroan paritaterik ez dela ematen, bitxia benetan!!!! Hildakoen ehuneko larogetahemeretzia gizonezkoak izanik, arrakala zeharo nabarmena, ezta????

  • Tenplario Beltza Orain dela 23 ordu

    Diskriminatuak? Euskal Herrian emakumeak aktibitate ekonomiko guztietan dira promozionatuak. Jakin badakit, zenbatetan lanpostu bat irekitzean “ahal bada emakume bat aukeratu” entzun behar dugun. Begira unibertsitateko matrikulazio zenbakiak. Ikusgarritasuna eman behar zaiela, diskriminazio positiboa… EAJren betiko rolloa. Beraz gezurretan ari dira feminista hauek noski. Denok dakigu. Hau gutxi ez, eta gainera taktika mafiosoak erabiltzen dituzte egitate bat dena azaltzeagatik.

    Galdera bestelakoa da. Zergatik ari dira alderdi politikoak sorgin ehiza hauek elikatzen? Zer lotura dituzte botere internazionalekin? Nortzuk dira lobby lotura egiten dutenak? Hau argitu behar dugu eta maskara kendu.

    Animo Sagarduiri, ez dakit honek begiak ireki dizkion, edo beti jakin duen eta horregatik esan zuen esandakoa. Gatibu gehiago existituko ez denez, ea hurrengo bere musika proiektuan ikuspegi erresistenteago bat erakusten duen.

  • juan inazio hartsuaga Orain dela 13 ordu

    Prentsan eta medioetan ageri diren errekazioei begira ibili naiz eta deigarrien egin zaidana aipatuko dut. Batetik, “egiak ez diezazula albiste on bat trakestu” deritzan jokabidea nagusitu da, hedabide gehienetan Sarduik esan ez duen “musikagintzan sekula ez da diskriminaziorik izan” ageri baita, orokortuta eta berak behin eta berriz azpimarratzen duen bere esperientzia pertsonalarekiko lotura ezkutatuz. Ez da harritzekoa, sorgin eta hereje ehiza giroko ohiko joera baita. Harrigarria egin zait baita ere, generoaren araberako bereizketa, adierazpen askatasunari dagokionez. Sarduik inor iraindu gabe bere inpresioa kontatu duelako, Mari eta Maju elkartu eta ortziak eztanda egin du. Aldiz, feminismoaren ikurra bide den Ane Lindane delako batek bere Twitter kontuan, honelakoak txiokatu ditu, Alexen barkamen eskaeraz ari dela: “… le hemos hecho agachar a cabeza” eta “… nos enorgullece que sintáis miedo y vergüenza. Jodéos” (bortxaz behartutako barkamen eskaeraz ez litzatekeela harro egon behar, edukazioz egindako iruzkin bati erantzunez). Hitz hauek sor arazi duten zalapartarik eza egiaztatu ondoren, exajeratzeko beldurrik gabe esan daiteke adierazpen askatasunak generoaren araberako ezberdintasunak dituela gure herri honetan. Azkenik, norbanako batzuek iruzkinetan adierazpen askatasunaren aldeko jarrera azaldu den arren, komunikabide batean ere ez dut aurkitu horren aldeko aldarrikapen instituzionalik. Hamaika aldiz bestelako gai eta alorretan adierazpen askatasuna exijitu duten hainbaten idatzietan ere ez dut adierazpen askatasunaren aldeko ñabardura edo keinu zipitzik aurkitu. Bada zer gogoetatu.

  • Zure hitzak arnasa dira niretzat. Zein faltsua den guztia. 150 sinatzaile horietako askok ez dute plazarik, ez dute kontzerturik, baina seguru nago ez dela ez Sarduiren erruz ez inoren erruz. Merkatua, neskak. Merkaturatzen da hau edo beste eta bezerook gogoak ematen diguna kontsumitzen dugu. Horixe da egia bakarra eta, nahi baduzue, gordina. Ez gaude behartuta hau edo beste kontsumitzera. Eta amorratuta bazaudete, zaudete lasai. Sardui kantaria da, bere izaerari buruz nik iritzi bat izan dezaket eta zuk beste bat, bere produktua gustuko baduzu kontsumitu lasai, eta gustuko ez baduzu ez entzun. Sinplea da. Neskak, ni ere neska naiz, eta ikusten dut makina bat lan egin beharra dagoela, baina zuek hartu duzuen bidetik ez. Hori gure kontrara doa. Zuek eta inkisiziokoak bat zatozte. Zuei nork eman dizue eredu izatearen giltza? Erregetza hori nondik? Saiatu ondo egiten zuen lana eta zorte on musikagintzan, baina beste guztia soberan dago. Sorginak erre zituzten lehen eta sorginak erretzen ari zarete zuek. Beldurra ematen duzue eta pena. Zorionez, gizarteak lepoa emango dizue eta gehienok BECen zein nahinon egingo dugu dantzan gustura asko Sarduirekin zein umorez datorren beste edozeinekin. Umoretik zabiltzate eskas.

  • Zer gertatu da adierazpen askatasunarekin? Sarduik ezin du bere iritzia eman ala? (okerturik egon ala ez). Neoinkisizio berri baten pean bizi gara. Gora Torkemada!!!! (gaur egungo feminismoa).

    Lerro hauetatik, nire elkartasuna Alex Sarduiri. Berak ere eskubidea du nahi duena esateko. Eta agian, arrazoia dauka!!

  • Sarduik bere iritzia besterik ez du eman. Ez du ezer gaizki egin. Berehala zentsura gainera etorri zaio isildu nahian, eta bere hitzak zuzendu ditu. Zergatik? Zer gertatzen ari gure gizartean? Zergatik iritzi pertsonal batzuk, errespetuz eginak, eta inor iraintzen ez dutenak, berehala halako uholde eta tsunamia sortu dute 150 izenek sinatutako idatzia motibatuz eta iritzi aldaketa bat eragin arte? Hau normala al da?
    Hau ez al da abusua? Hau ez al da gehiegikeria?
    Nik egunetik egunera gutxiago ulertzen dut eraikitzen ari garen gizartea.

  • Mikel Haranburu Orain dela 2 ordu

    “Nik egunetik egunera gutxiago ulertzen dut eraikitzen ari garen gizartea”.
    Kontua da gizarterik ez dagoela; gehienez ere, gizarteak, eta askotan “gizaurkak”, elkarren aurka eraikitzen gara, eta bestearen aurka egiteko, erarik errazena da dotrina, edo ideologia, edo katixima baten inguruan bildu eta denak batera jo, axola gabe noren aurka ari garen. Oraingo honetan Alex Sarduiren aurka.
    Bestalde, egungo borroka zelaiak… ez ote diren nahiko “suzedaneoak”, ordezkoak, ETAren arma borroka, esaterako, amaitu zenetik… zeren inguruan sentitu indartsuak garela eta arerioa garaitu ahal dugula…

  • Zergatik kapitalista aberatsek, ezkertiar alderdi politikoek eta komunikabideek oro har monja-feministen ideologia dogmatikoa babesten dute?

  • Gizartea deseraiki nahi dutelako. Kapitalismo honentzat etsaiak dira herriak eta bere legeak, familia, etnia/kultura oro… Kapitalistek suntsitu egin nahi dute arrazoi jakinengatik, ezkerrak ere suntsitu egin nahi ditu bere betiereko etsaiak suntsitzeko beste biderik ez duelako ikusten. Kapitalista neoliberal globalistak eta ezkerra (zati handi bat) bat datoz baliabideetan, helburua desberdina izan arren Gero bananduko dira, hori ziur, baina orain behintzat sinbiosi batean bizi dira.

  • Ane Lindanek Twitter-en esandakoa: “… le hemos hecho agachar a cabeza” eta “… nos enorgullece que sintáis miedo y vergüenza. Jodéos” Sarduik esandakoa baino askoz ere larriagoa da. Non daude 150 sinadura horiek errespetu falta hau saltzeko? Injustizia lotsagarri hau deitoratzeko?

    Horrelako astakeria esateko askatasuna badago, eta onartzen da. Alta, Sarduik fede onez eta errespetuz esandakoa adierazteko, badirudi ez dagoela askatasunik. Inkisizio feminista berehala martxan jarri ditu bere mekanismoak, eta erru guztia heteropatriarkatuari eta balizko kultura matxistari egotzi dio. Ederki!
    Baina berez egin duena, adierazpen askatasuna ukatzea izan da.

    Zer dago guztiaren oinarrian? Benetan gertatzen den guztia matxismo eta heteropatriarkaturen ondorioz gertatu edo sortu da? Noiz arte jarraitu sinplekeria honekin?
    Errealitatea beti feminismoaren betaurrekoekin begiratu behar al da? Honen atzean ez al dago hutsune edota gabezi handia?

    Adierazpen askatasuna aldarrikatzeko garaia heldu da!
    Bada zer gogoetatu. Jakina baietz!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude