EPPK-ren agiria euskal jendarteari

EPPK-ren agiria

Euskal Preso Politikoen kolektiboak agiri bat plazaratu zion euskal jendarteari pasa den asteazkenean. Esaldietako batzuk nabarmendu eta agiri osoa dakargu hona.

“Presoon eskubideen alde daudenei eskatzen diegu begirunea eta laguntza.”

“… jakitera eman nahi dugu azken urteotan Kolektiboa uztea erabaki dutenek parte hartzeko atea zabalik izango dutela…”

“…ziklo politikoa aldatu delarik, horren araberako Kolektiboaren funtzio berria finkatu behar dugu…”


EPPK-REN AGIRIA EUSKAL JENDARTEARI

EPPK-ren agiriaAgiri honen helburu nagusia euskal jendarteari EPPK hausnarketa-prozesu garrantzitsu baten atarian dagoela oroitaraztea da. ETAk borroka armatua bertan behera utzi osteko bost urteotan kartzeletan bizi izandako egoerari buruzko azterketa oinarri hartuta, aurrera begirako urratsak eztabaidatu eta erabakitzea izango da Euskal Herria, Espainia, Frantzia, Portugal eta Suitzan bahituta gauden EPPK-ko kideok abendutik aurrera burutu beharko dugun ariketa politikoa.

Abian prozesuaz geroztik, Ezker abertzaleko antolakunde bakoitzak bere eztabaida prozesua antolatu du. EPPK-k badu berezitasunik ordea, gure elkartea ez baita bere horretan antolakunde politiko berezia, eta bai Euskal Herriaren askatasun borrokaren aurkako errepresioak osatutako taldea, antolakunde desberdinetako kide edota herritar soilak biltzen dituena. Beraz, bi berezitasun horiek oso kontuan izango ditugu hausnarketa-prozesu honi heltzerakoan: etsaiak bahituta gauzka eta Kolektibo anitza osatzen dugu.

Hausnarketa berri honi heltzerakoan oso kontuan izango dugu baita ere orain artean erresistentziarena izan dela EPPK-k askapen prozesuan bete duen funtzio nagusia. Beraz, ziklo politikoa aldatu delarik, horren araberako Kolektiboaren funtzio berria finkatu behar dugu. Funtzio berri hori bi norabidetan finkatzea izango dugu helburu: batetik, nola egingo dugun bat presoon eskubideen eta askatasunaren alde ari diren herritar soil eta erakundeekin kartzelak husteko ahaleginean; eta, bestetik, nola egingo dugun bat Ezker abertzaleko antolakundeekin, herritarrekin eta eragileekin Euskal Herriaren independentzia-prozesuan gure alea jartzeko.

Hausnarketa-prozesua eta ondoriozko ildoa erabakitzea EPPK-ko kideoi dagokigun arren, gure nahia da, behin oinarri gisa erabiliko dugun txostena gureganatu ostean, gure azterketa eta aurrera begirako planteamendu horien nondik norakoak konpartitzea. Euskal jendarteari oro har jakinarazi nahi diogu zeintzuk diren gure azterketa eta ildoak, ahalegin berezia eginez presoon eskubideen eta kaleratzearen alde dauden erakunde, eragile eta herritarrengana iristeko. Era berean, behin prozesua amaitutzat ematen dugunean, gure hausnarketaren ondoriozko ildoa eta Kolektiboak hautatuko dituen mintzakideak nortzuk diren jakinaraziko dugu.

Gure hausnarketa-prozesua gardena izango da, ez baitugu deus ezkutatzeko, eta bai aldiz euskal herritarrekin gatazka gainditu eta gure Herriaren askatasunaren bidean urratsak elkarrekin egiteko nahia.

Hori bai, kide bakoitzak ekarpenak Kolektiboaren baitan egingo ditu, batzarren bidez, guztion artean aurrera begirako ildoa adostu, aberastu eta guztion bozaren bidez erabakitzeko.

EPPK-ren agiriaHausnarketa-prozesu hau EPPK-ko kideon artekoa izango bada ere, jakitera eman nahi dugu azken urteotan Kolektiboa uztea erabaki dutenek parte hartzeko atea zabalik izango dutela, beren ekarpena egin eta, ondorioz, Kolektiboak bere osotasunean erabakiko duen ildoarekin bat egiteko, besteok bezalaxe Kolektiboaren arauekin eta eztabaidaren irizpideekin leial arituz.

Azkenik, hausnarketa eta eztabaida prozesua abiatzera goazen honetan, jakitun gara zailtasunak izango ditugula oinarrizko idazki politikoak geureganatzeko eta, era berean, aurreko prozesuetako eskarmentuagatik dakigu espekulazio eta manipulazioa helburu duten jokabideak egon daitezkeela.

Horregatik, presoon eskubideen alde daudenei eskatzen diegu begirunea eta laguntza.

Batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura! Denon artean lortuko dugu!

Euskal Herria bihotzean, 2016ko abendua

EPPK

Euskal presoak Euskal Herrira! Amnistia! Independentzia!

EPPK-ren agiria

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.