Ensayo sobre la ceguera.

 84-663-1230-7_med.jpg
Apalategian zain egon den liburua da ENSAYO SOBRE LA CEGUERA (Punto de Lectura, Madrid 2003). Bagenekien egunen batean heldu behar geniola, baina bata eta beste, beti geratu da atzean. Ez dugu asko irakurri Saramagoren orain arteko lanetik, artikuluak eta TODOS LOS NOMBRES gogoangarri hura baizik ez, berari SAUTRELA telesaioan elkarrizketa egiteko erabili genuena. Egun hartan, Saramago umore txarrez zebilen, emaztearekin haserretuta, antza, baina, hala ere ez zuen hutsik egin elkarrizketan. Alabaina, askoz hobea izan zen “banbalina arteko” gure elkarrizketa. Egia esan, Antonio Lobo Antunes ezagutzetik gentozen eta, egia, ez dut nik sekula ezagutu halako idazle konpultsibo eta harrigarririk, lagun Miguel Sánchez-Ostiz ez bada. Galdetu genion Saramagori: Zergatik dago Lobo Antunes haserre zurekin? Argia izan zen haren erantzuna: Idazleok ere mundu gara, normala da Antonio nirekin haserre egotea, berari eman izan baliote Nobel saria, neu ere haserre nintzateke berarekin, Portugalen ez dago biontzako lekurik… Kontua da, ENSAYO SOBRE LA CEGUERA hau, Kafkaren ezpalekoa iruditu zaigula, neurri batean, bederen. Argumentua abiarazteko trikimailua bikaina da oso, Kafkaren kakalardoaren parekoa METAMORFOSIAn. Istorioaren garapena ere bikaina (luzexka egin zaigun arren irakurketa), amaiera ere aparta,  elkarrizketak deskribapenetan bikain txertatua eta hori guztia… Errepaso itzela ematen dio Saramagok giza kondizioneari nobela honetan, suspentsez betetako kontu batekin… Eta Jon Alonsoz itzultzaileaz oroitu gara behin eta berriz. Domaia da, baina ez dugu esku artean haren euskarazko itzulpena. Euskadi Saria eman ziotela uste dut, lan horregatik. Seguru Alonsok ongi egin zuela, baina ENSAYO SOBRE LA CEGUERA irakurri ahala jarri gara pentsatzen nola arraio konpondu ote zituen nafarrak freskura eta tonuari dagozkion arazoak. Hurrengo batean ikusi beharko dugu hori, lehenago itsu geratzen ez bagara. Zuritasunez itsu.

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

3 pentsamendu “Ensayo sobre la ceguera.”-ri buruz

  • Adarra jotzen ari al haiz, Konatxe? Jon Alonsok ez zian euskaratu Saramagoren “Ensaio sobre a cegueira”, egile beraren “História do Cerco de Lisboa” baizik (“Lisboako Setioaren Historia”). Eta ez zioaten Euskadi saririk eman, nahiz eta (oso oker ez banago behintzat) finalisten artean izateko hautatu.

    Bide batez, bitxikeria bat kontatuko diat. Nik duela urte batzuk letu nian “Esnayo sobre la ceguera”, eta ba al dakik liburu horren izenburua entzun edo irakurtze hutsak zer ekartzen didan gogora? Garai batean gure paisaiaren parte ziren ohol-gazteluetako zokondo ezkutuetan egin ohi ziren mokordoek zabaltzen zuten kaka lehortuaren usaina. Zuzen habil, beraz: giza kondizioneari buruzko nobela duk, bete-betean.

  • Ez nauk adarra jotzen ari: benetan izan duk lapsus bat, Pipi. Baina, como hay Dios, Jon Alonsoren itzultzaile-arazoez aritu naizela gogoeta egiten, Saramagorena irakurriz batera. Alabaina, utz iezadak esaten, “mokordoek zabaltzen zuten kaka lehortuaren usaina” baino gehiago ere badagoela liburu honetan. Artifizioa bikaina asmatu zian Saramagok nahi zuen gaiez hitz egiteko (giza-kondizionea, ordena, amodioa, militarren papera, gizarte aurreratuen absurdua…). Nire ustez, nobelaren arazo nagusia duk, Saramago bera liluratuta geratu zela hain ideia onarekin, eta luzeegi egin zuela idazketa. Nobela honek, geniala izateko, ipuin behar zian. Ala ez?

  • Ohar txiki bat egin beharrean nagok, Konatxe. Nire komentarioarekin ez nian esan nahi Saramagoren “Ensayo sobre la ceguera” nobela kaka bat denik. Egia esan, beldur ninduan hala ulertuko zela. Baina ez duk hala.

    Nik ironiarik gabe, metaforarik gabe eta denotazio hutsean esan nian (eta esaten diat) Saramagoren nobela hori aipatzen didaten aldi bakoitzean ohol-gazteluetako zokondoetako mokordoek zabaldu ohi zuten kaka lehorraren usaina datorkidala. Azken batean, nobela horren fikzioan itsutasunaren zabaltze orokorrak sortzen duen arazoetako bat ez al da giza kaka edozein tokitan lehortzen dela, kaka lehorraren usaina zabalduz? Ba nobela irakurtzen aritzen nintzela, usain horren oroitzapena izaten nian beti buruan iltzatua.

    Irakurri nuenean, niri nobela gustatu zitzaidaan. Zoritxarrez, ezin diat esan luzeegi iritzi nion edo ez, ez dudalako hartarainoko zehaztasunez gogoratzen. Baina bai, nobela ona iruditu zitzaidaan, eta ados nagok hire iritziarekin.

    Hala ere, argi zagok Saramagori irakurri dizkiodan liburuen artean arrastorik sakonena utzi didana “O ano da morte de Ricardo Reis” izan dela, kolorerik gabe. Ez zakiat hori den Saramagoren nobelarik onena; seguru asko ez. Baina irakurri nuen garaian irakurri nian, irakurri nuen moduan, eta arrasto sakona utzi zidaan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude