Elkartasunaren tenorea

images3.jpg
Ez naiz ailegatu Isturitzera. Ez dut asmorik bertara joan eta katastrofea ikusteko. Nahikoa dut komunikabideetatik jakindakoa: erre egin da Gure Irratia. Kra.Irudikatzen ditut kristal guztiak, Iparraldean berinak deitzen dituzten horiek, beroak lehertuta eta keak erabat belztuta. Irudikatzen ditut, halaber, egun hauetako haizeteak eramandako euri tantoak bertatik sartzen aparailu digital kiskalien gainera, eta zinez pitzatzen zait barrena. Kra.Bai, badakit Laffite eta Lhanderen hiztegiak salbatu direla mirakuloski sutearen erdian, eta hori sinbolotzat hartu duela zenbaitek, suaren gainetik euskara salbatuko dela pentsatzeko. Baina neuk eman nion albistea Luzien Etxezarretari, hainbeste urtean bertan ibilitako alma mater izan denari, eta, akabo gure artxiboak, esan zuen. Kra. Akabo orain arte egindako lana. Kra eta kra. (…)
…Euskararen gainbehera ez dirudi ezerk gera dezakeenik Iparraldean, baina Seaskarekin batera, Gure Irratia da, zalantzarik gabe, galtzearen abiadura balaztatzen duena. Bertakoen idiosinkrasia erabiliz, Hegoaldekoon neurri hanpatsuetan erori gabe, izan badirela erakusten die irratiak Iparraldekoei. Zerbitzuak ere eskaintzen dizkie beste bi irratitxoei, Irulegiri eta Xiberuko Bozari. Inoiz edo behin galeraren zentzua norabidez aldatzen bada, zaude ziur Gure Irratia egonen dela gertaera horren oinarrian, gaur gaurkoz tresna hoberik ez baita hiru probintziotan. Programazioa eztabaidagarria iruditu liteke, hango zenbaiten mintzaira ere bai, baina dagoen bakarra da, bokazioz garbia eta ekinaren ekinez egina. Kra. Desertuaren erdian. Kra.(…)
…Orain kiskalita dago. Goitik behera suntsituta. Denon ardura da hura zutik jartzea, ostera. Ez gaude bera gabe bizitzeko moduko luxura iritsita. Derrigorrezkoa da Gure Irratia. Eta geuk ordaindu behar dugu, beste inork ez du ordainduko eta. Ez, behintzat, Frantziak.Mahaitxo bat jarri ei dute Durangoko Azokan. Eta egongo dira gehiago ere bazterretan. Urgentea da. Gure Irratia desagertzen bada, kra, irrati bat baino zerbait gehiago galduko da. Kra.

H. Etxeberria. Joan zen zapatuan El Mundon argitartutako zutabetik.

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude