Teknopolisek zientzia-dibulgazioaren Europako telebista-programa onenaren saria

Maider Egüés, Teknopolis saioko zuzendaria eta aurkezlea
Maider Egüés, Teknopolis saioko zuzendaria eta aurkezlea

Elhuyar Fundazioak ekoizten duen Teknopolis saioak zientzia-dibulgazioaren Europako telebista-programa onenaren saria jaso du gaur, European Science Foundationek (www.esf.org) antolatu duen European Media Awards 2009 sariketaren barruan. Zehazki, Teknopolisi egokitu zaion saria Jonhson & Jonhson popular science TV Award saria izan da. Sari-banaketa Hannoverren (Alemania) ospatu da gaur, eta saria jasotzera Maider Egüés Teknopolisen zuzendari eta aurkezlea, Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusia eta Beñar Kortabarria Teknopolis saioko erredaktorea gerturatu dira.

Teknopolis zientzia-dibulgazioaren Europako telebista-programa onena dela erabaki duen epaimahaia honako pertsona hauek osatu dute: Derek Nelson, AlphaGalileo Fundazioko negozio-zuzendaria, BBCko produktore ohia eta ESAko (European Media Centre-ko) aholkularia; Carl Johan Sundberg, Euroscience and Karolinska Institute-koa; Philippe Bijvoet, VRT The Flemish Radio and Television Network-ekoa; Frederik Wittock, Johnson & Johnson Pharmaceutical Research Europakoa eta Barbara Gallavotti, italiar telebistako kazetaria.

Maider Egüések adierazi duenez, “Europa mailako telebista-programa onenaren saria jasotzea oso garrantzitsua da guretzat, gure lanaren errekonozimendu bat baita”.

Teknopoliseko lantaldea
Teknopoliseko lantaldea

Teknopolisek 12 urte daramatza ETBko kateetan emititzen, eta atzo (urriak 13) egin zuten programaren aurkezpena Elhuyar Fundazioaren egoitzan. Elhuyarrek ETBrentzat ekoizten duen programa hau asteazkenero emango da ETB3n 21:30ean, eta igandero ETB2n 11:00etan eta ETB1en 20:00etan. Bestalde, aurreko denboraldietako programa guztiak eskuragarri daude http://teknopolis.elhuyar.org webgunean.

dibulgazioa, Teknologia, telebista, zientzia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude