Ekonomia eta ogasun sailburu berriari, atrebentzia ez bada

Ekonomia eta ogasun sailburu berriari

EKONOMIA ETA OGASUN SAILBURU BERRIARI, ATREBENTZIA EZ BADA

Ekonomia eta ogasun sailburu berriari, atrebentzia ez bada
EAJ-BBBtik hartutako argazkia

Asteburu honetan, irakurri nuen Pedro Azpiazu Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburu berriari hedabideetan egin zioten elkarrizketa, eta fundamentuzko hainbat gauza esaten zuela pentsatu nuen. Beste gauza batzuen artean zioen, soldaten igoera guztiontzat onuragarria zela, batetik kontsumoa astintzeko eta, bestetik, ogasunek diru gehiago biltzeko, soldata igoerak pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren gehitzea dakarrelako; eta enpresaburuei, berriz, gizartearekin solidaritatea eskatzen zien, sozietateen gaineko zerga berraztertzera dei eginez.

Bejondeizula! ELAk urteak daramatza ideia hauek zabaltzen eta, orain, berak sortutako ideiak balira bezala datorkigu Ekonomia eta Ogasun saileko burua. Diskurtsoa aldatzen ari dira, garai berriak datoz, pentsatu nuen… baina?

Baina Finantzen Euskal Kontseiluak eginiko bileraren ostean konturatu nintzen aurrez eginiko adierazpenak zinismo handiz eginak zirela, espresio potoloak erabiliz hitz ustelak zabaltzen jardun zuela. EAJko agintari instituzional nagusiak bildu ziren “tramite” barregarri bat betetzeko. Akabo urrats berrien gure esperantza, galtzaileak betikoak izaten jarraituko dugu!

2016rako diru bilketaren aurreikuspenak 5 puntutan huts egin dute: milioi asko dira. Horren ardurak, erantzukizunak, norenak dira? Enpresei presio fiskala gehitzeko asmoa baztertu egin zuten. Zergatik? Arrazoi gorderen bat ote dago Aldundiek eta Jaurlaritzak eginiko eszenaratze horretan?

Berriro ere boteretik egiten den urraketak ez du inongo erantzunik, ez ezkerreko alderdi politikoen aldetik, ez gizarte zibilaren aldetik ere. Horrelako jarrerek umezurtz sentiarazten naute langile-eskubideen defentsan, egunerokotasunean, zerbitzu publikoen garapenaren aldarrikapenean.

Garai berriak zetozela sinestarazi nahi ziguten agintariek, baina ipurdi bistan geratu dira, seguru asko Confebasken aurrean koldar hutsak direlako. Berriro ere Confebask irabazle.

Inaxio Etxeberria Loidi
(Ogasun eta finantza saileko teknikaria)

Ekonomia eta ogasun sailburu berriari, atrebentzia ez bada

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.