Ekaitz perfektua, hitzak eta haizea

ekaitza perfektuaJeltzaleek eta ezker abertzaleak beren baitako hankamotza zein duten asmatzen ez da erraza izaten. Tentelak ala zuhurrenak ote garen usmatzea zaila izan ohi da askotan. Abertzaletasunaren eta independentismoaren depresio garaiotan, nekeza egiten da gaia ZuZeuko plazara bertara ekartzea ere, kasu. Espainiar alderdiei dagokienez, berriz, askoz ere nabariagoa da non duten herrena, non gurutzea. Batzuk Moncloan, besteek Ferrazen eta sortzen azkenek Plaza Españako dorre batean, Madrilen. Bertatik datozkie burukomin handienak eta itzaltzen zail diren suak. “Ez baitira berbera” Espainia eta Euskal Herria (hainbestetan errezatu argudioa erabiliz). Mezu kontraesankorrek eztanda egin diete Katalunian ere. Eta mediterraneoko kontuekin eskenatoki politikoa bihurritu bazen, orain Kantauritik gehiago bihurritzera doan sentsazioa dut. Ekaitz perfektuaren atarian ote gauden. Hala izango da?

Kataluniako prozesua eta gure oporrak

Begirale pasibo izan gara Kataluniako prozesuan. Euren ilusioa eta esperantza nola kudeatzen duten begira egon gara, gure ilusio eta esperantzen faltan. Artur Mas, Junqueras eta David Fernandezen maniobrei eta Espainiar Estatuaren jukutriei adi, erabakior ez izateak ematen duen lasaitasunarekin. Egunkarietako azaletan egunero ez egoteak ematen duen baretasunarekin. Subiranotasunaren oporraldi moduko batzuetan, mende hasierako saiakeren eta ETAren menia definitiboaren ostean. Astelehena da Euskal Herrian eta nabari dugu. Edo behar genuen.

Indar abertzaleen indarra

Kurioski, aurrez aipatu egoerara iritsi garenean lortu dute indar abertzaleek botere gehien. EAJk hegemonia irabazi du. EHBilduk, atzeraldian den arren, 300.000 bozen langa igaro du berriz eta Nafarroan lehendakari abertzalea dute lehenengoz. Barealdiak barealdi, botere esparru handi hau oinarri sendoa da bake prozesutik, bestelako prozesu eratzaile batera igarotzeko.

Espainiar indarren noraeza

Sarreran aipatu bezala, indar espainiarrek Madrilen dute gurutzea. Ezker zein eskuin, borroka armatua akituta, epe ertain-luzera nekez lehia dezakete erabakigunea Euskal Herrian duten alderdiekin. “Benetako arazoen” kudeaketaz ari garenean preseski, Madrilen onespena behar baitute. Horra PSOEren baitan kupoa eta kontzertu ekonomikoa dela-eta sortu diren tira-birak. Susana Diaz da Sánchezi enbido egin diezaioken bakarra PSOEn, eta bere hitzek nabarmen uzten dute finantziazioaz eta Estatu ereduaz alderdian duten eztabaida. Eta PPri erreparatuz gero, Quirogaren krisiak argi erakusten du Alderdi Popularrean nork agintzen duen.

Podemosi Katalunian bezalatsu gerta dakioke, erabakiguneei dagokionez, EAE eta Nafarroako autonomia errespetatzen ez badu. Eta orain arte ikusi dugunagatik, ezer gutxi espero daiteke zentzu honetan.

Espainiar Estatuko hauteskundeak eta ‘euskal poltsikoa’

EAJk egin du apustua jada. Pedro Sánchez izango da Espainiar Estatuko hurrengo presidentea. Eta jeltzaleek hala badiote, kuidau! Presidente nor izango den baino, presidentea Moncloara nork eramango duen da benetako gakoa, ordea. Sánchez jauna noren bozekin inbestituko duten. Eta bat ala beste izan eskenatoki zeharo ezberdinetara eraman gintzake. Gobernagarritasuna bermatzeko Moncloan izango den alderdiak akordio sendo bat lotu beharko baitu Ciudadanosekin ala Podemosekin.

Ciudadanosekin akordioa lotuz gero, kontzertu ekonomikoa ezbaian legoke, eta ikusi da Kataluniari zer gertatu zaion poltsikoa ukitzean. ‘Euskal poltsikoa’ ukitzeak ere mugimendu independentista indartu eta bizkortu lezake, arrazoi oso arrazional eta pragmatikoak medio. Gogora dezagun lehen aipatu euskal eskenatokia zertan den, egun nolakoa den EHko indar korrelazioa.

Podemos Sánchezen makulu balitz, ikusteko dago Kontzertu Ekonomikoari dagokionez zer egingo lukeen. Itxura guztien arabera, bi alderdietako liderrek esandakoei erreparatuz gero, ‘euskal poltsikoa’ salbu legoke. Balizko eskenatoki honetan bake prozesua martxan jarriko litzateke, gatazkaren ondorioen inguruko eztabaidari ekiteko. Preso, iheslari eta senideen drama lazgarriari amaiera emateko. Eta horrek prozesu demokratikoa martxan jarriko luke.

Arnaldo Otegi

Ekaitz perfektua, hitzak eta haizeaEuskal eskenatoki politikoan lider argirik ez dagoen honetan, udaberrian, Otegi ziegatik irtengo da. EAEko hauteskunde autonomikoen bezperetan hain zuzen. Ttak! Dejada. Ez dakit zuek, baina, nik neuk ezin nezakeen ekaitza perfektuagorik irudikatu, edozein abertzale perbertituren ametsik bustienak betetzeko.

Barka kristalezko bolari begira jarri izana. Hemen aipatuak ez dira zantzuak eta susmoak baino. Gaiotaz aritzeko geroz eta alferkeria handiagoa duen baten burutazioak. Izan ere, zer astunak diren hitzok, eta zer indartsua den haizea berauok altxa eta eramateko.

Ekaitz perfektua – Ekaitz perfektua, hitzak eta haizea

Ekaitza bainuontzi batean