EGIren konstituzioaz

Gipuzkoako EGIk aurkeztutako konstituzioa irakurri dut. Edozein independentzia aldarrikapen poztekoa da, batez ere zintzoa bada. Tamalez, EGIkoek etxekoak konbentzitzen lan eskerga izango dutelakoan nago, kanpoan saldu baino lehen, lehendabizi etxean bertan erosi beharko liekete eta. Nekez irudikatzen dut Urkullu eusko Legebiltzarrean horrelako testurik aurkezten. Baina balio beza, behintzat, oraingoz eztabaidatzeko, eta horri helduko diot nik.

Iritzia aurreko artikuluan iruzkin bidez azaltzea pentsatu nuen hasieran, baina berehela konturatu naiz asko esateko nuela eta hobe zela aparte jartzea. Erosoagoa irakurri nahi duenarentzat, zalantzarik gabe. Gaia ezin garrantzitsuagoa eta interesgarriagoa denez, hemen biltzen garenok lasai eztabaidatzeko aukera ondo erabiltzea gustatuko litzaidake, hemen ere, ZuZeun, beste edonon bezala, herria egiten delako. Har bedi, beraz, nire esana aportazio xumetzat.

Hasteko, esango nuke konstituzio hau ez dela berez konstituzioa. Hobe zuten “konstituzio baterako zirriborro/egitasmo” izendatu balute. Bi arrazoi baieztapenerako:

1) Lege-testu oro onartutakoa da, onartzeak lege bihurtzen baitu, eta bien bitartean zirriborroa, egitasmoa edo, behin-betiko testua bada, proposamena da.

2) Honakoa zirriborroa denez, galbaheak baino zulo gehiago ditu. Zuloak nonahi, zehaztasun falta ikaragarria, eta tamalez testuaren bidez ezinezkoa da balizko euskal estatuaren irudia osatzea: norbanakoen eskubideak, eskubideok gauzatzeko bideak, zerga sistemaren oinarriak, ekonomia eredua, erakunde ekonomikoen kontrola, lurralde antolaketa, erakunde bakoitzaren eskumenak, zuzenbide penalaren nondik norakoak, Justizia sistema, poliziaren eta biolentziaren monopolioaren kontrola… Eta argi dago zergatik den zirriborro hutsa: benetako asmoa, nire ustez, ez zen kontituzio bat aurkeztea, programa politikoa baizik. Horregatik, testu legala izateko ahalegin serioa ez denez (eta ez dut uste asmo horrekin egin dutenik ere), ez naiz hasiko benetako kontituzio batek beharko lituzkeen zehaztasunak ezartzen, ez eta hutsuneak betetzen ere. Gainera, lan hori ez da nire ardura, ezta pertsona bakar batena ere. Hemen interesgarriena EGIk ezarri nahi izan dituen oinarriez eztabaidatzea da, tarteka-marteka testuari erreferentziaren bat egin arren.

Hiru arlotan oinarritu dira planteamendu politikoa egiteko, eta hauek bai, nahiko ondo zehaztuta: lurraldetasuna, lurralde antolaketa eta euskararen ofizialtasuna. Nire ustez, hiruretan egin dute huts. Banan-banan aztertuko ditut.

LURRALDETASUNA:

Lurralde bakoitzeko herritarren independentzia-nahian oinarriturik, EGIk Euskal Autonomia Erkidegoa osatzen duten hiru lurraldeak baino ez ditu ikusten euskal estatu batean. Planteamendu errealista omen da. Egia da Nafarroa eta Iparralde tokitan daudela independentzia-nahi horretatik, batez ere Iparralde. Horrela ikusita, lurraldeka ikusita, bai, planteamendu errealista da. Lehen arazoa da, ordea, gaur-gaurkoz EAEan Nafarroan bezain eskuragaitza (irreala) dela independentzia, lortzeko nahia izateaz gain beste oztopo bat baitago: Espania.

Politika fikzioa eginez gero, bihar Espainiak Hegoaldeko euskal lurralde bakoitzaren independentzia onartuko balu, hau da, lurralde bakoitzari independentzia onartuko balio, eta Nafarroak ezetz esango balu, bada, orduan EGIren planteamanduaz eztabaidatu beharko genuke, zirt edo zart egin beharko genuke-eta. Baina hori politika fikzioa da eta ez da gertatuko.

Orain benetako erabakia ez da, beraz, bihar Nafarroarekin edo Nafarroarik gabe estatua sortzea, bihar estatua sortzerik ez dagoelako. Benetako erabakia independentzia lortzeko estrategia Nafarroarekin ala Nafarroarik gabe egitea da, eta EGIk argi utzi du bide hori, gaurtik, Nafarroarik gabe egin nahi duela.

Nahiz eta balizko independentzia tokitan ikusi, Nafarroan ez dute aukerarik ikusten. Hain argi ikusten dute, konstituzio horretan kanpo utzi dute. Planteamendua bestelakoa izan zitekeen, noski: “Goazen denok batera eta, momentua iristen denean, norbaitek atzean geratu nahi badu, bejondeiola!”.

Baina, gainera, Espainiak ezarritako baldintza zorrotz bati jarraitu izan baliote bezala, EGIkoek ate oro ixten diote, etorkizunean balitz ere, kanpoan geratuko liratekeen lurraldeen zati baten integrazioari. Hau da: ala lurralde historiko osoa ala ezer ez. Eta are okerragoa: Nafarroako zein Iparraldeko biztanleei ez litzaieke inolako eskubiderik onartuko herritartasuna lortzeko, balizko estatuan bizi nahiko balute ere, andaluziarren pare, azken errolda Gipuzkoan, Araban edo Bizkaian izan ezean. Trebiñu bai, baina Leitza ez. Iñaki Perurena atzerritarra eta guardia zibil guztiak eskubide osoko euskal herritarrak! Hori errealitatea onartzea bada! Hori ez da lurraldetasunaren tabua apurtzea, Nafarroa eta nafarrak antzarak ferratzera bidaltzea baizik.

Nafarroan independentistak, abertzaleak, ehuneko hogei/hogeitabost dira, bereziki iparraldean eta Iruña inguruan bilduta. Zer esan behar die EGIk pertsona hauei?

Nik ez daukat inolako taburik lurraldetasunarekin, ziur aski EGIkoek baino tabu gutxiago, Euskal Herriaren maparen gainean mugak edo lurraldeak baino lehen jendea ikusten dudalako. Errealismoa da Tafallan independentzia nahi ez badute, erabakia onartzea, baina Leitzan independentzia nahi badute, gurekin datoz. Baina, noski, orduan EAEan ere irizpide bera onartu beharko genuke, ezta? Demagun, Barkaldon. Horregatik, EGIk ez du errealismoa eskatzen. Helburu bat lortzeko begiak ixtea eskatzen du, bidegabekeria ez ikusteko begiak ixtea. Ez dut pentsatu nahi sakoneko arazoa ote den Nafarroaren gehiengoa lehenago izango dela independentista jeltzalea baino. Hori gaizki pentsatzea litzateke, eta ez dut nahi.

Bien bitartean, errealitateak esaten dit Euskal Herri osoa zein zati bat ezin dela bihar independizatu Europan estatua sortzeko, eta ez dakit zergatik etsi behar dugun lurraldetasunean, oraindik independentzia serio hartu ez dugularik. Etorkizunerako hausnarketa bada, tira, baina biharko?

LURRALDE ANTOLAKETA:

Testuan sistema federala ezartzen da, baina ez da batere argitzen zer esan nahi duen horrek. Testua irakurrita, aldundien hasierako zeregina zilborrari begiratzea izango litzatekeela ematen du, Eusko Legebiltzarrak eskumenak aitortu bitartean, bederen. Nolanahi ere, hitzaurrean AEBak hainbeste goraipatu ondoren, Europako federalismo ereduari jarraitu diote: estatuak eskumenak ematen dizkie lurraldeei. AEBetan, ordea, federazioak estatuei kentzen dizkie eskumenak. Horregatik, Europan federalismoak deszentralizazioa esan nahi du, eta AEBetan zentralizazioa. EGIren konstituzioari onetsi behar diot eredu amerikarrari ez jarraitzea, behintzat, eta ez gustatzen ez zaidalako, baina bi milio biztanleko herri batean ni zentralista naiz, egia zor. Gaur egun, Espaniaren morroi, oraindik aldundiei eusteko arrazoi zentzuzko bakarra eskubide historikoek ustez ematen diguten estatusaren aitzakia ez galtzea da, horietan finkatzen baita kontzertu ekonomikoa, besteak beste. Errealitatea da, ordea, Espaniak eskubide historikoak zein estatutu arruntak, denak pasatzen dituela hanka artean nahi duenean. Eta errealitatea da azken hiru hamarkadetan aldundiek euskal nazioa sortzeko oztopo baino ez direla izan, txokokerian bertan gozo geratzeko baino ez. Horregatik, norbaitek sistema honen abantailak azaltzea gustatuko litzaidake, ea zergatik litzatekeen hobe horrela euskal estatu batean. Beste modu batez esanda: zergatik ezin dugu ganbarara igo amonaren lorontzi txinatar ezin itsusiagoa? Zergatik dekoratu behar dugun etxe osoa, gainera, lorontziaren estiloari jarraitzeko? Bestela, norbaitek lorontzi txinatarra polita dela konbentzitzen saiatuko balitz, gustura entzungo nioke.

EUSKARAREN OFIZIALTASUNA:

Euskarari eman zaion estatusa, testuko gauza guztien artean, kezkagarriena iruditu zait. Nik, bederen, independentzia nahi badut, batez ere euskara salbatzeko da, baina EGIren planteamenduarekin jai dugu. Euskara hizkuntza ofiziala izango litzateke, gaztelaniaren eta frantsesarekin batera -hasieratik bertatik Iparralde kanpoan utzi badute, ez dakit zergatik onartu dioten gero ofizialtasuna frantsesari, bide batez esanda-. Euskara eta gaztelania pare egongo lirateke, beraz, eta gaur egungo egoerarekin alderatuta, gaztelania ezagutzeko beharra desagertuko litzateke. Alabaina, euskara ezagutzeko beharrik ere ez litzateke egongo, ezta funtzionarioen aldetik ere. Puntu honetan, oraingo egoeran baino okerrago egon gintezke, administrazioko lanpostu baterako euskara derrigorrezkoa izatea konstituzioaren kontrakotzat joko balitz. Azken hau interpretazio kontua da, testuari zehaztasuna falta zaiolako (nahita edo), baina artikulu batean argi esaten da Justiziako magistratu, epaile eta idazkarientzat euskara jakitea lehentasunezko meritua izango dela, meritua eta ez baldintza.

Badakit zein den erantzuna: egoera soziolinguistikoa. Arazoa da konstituzio honetan ezarritakoa behin-betiko sistema dela, hamar zein bostehun urte barru ere aplikatzekoa, aldatu ezean, bederen. Nire ustez, egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, epekako sistema ezarri beharko litzateke euskal estatu batean (edo estaturik gabe), nahi bada 30 urtekoa, baina 30 urte barru euskal herritar guztiek euskara jakitea derrigorrezkoa izan dadin. Horren ondoren, gaztalaniari zein frantserari “erresidentzia baimena” baino ez nieke aitortuko, eta ingelesaren mesedetan, gainera.

Horri, nik proposatutakoari, argi esanda, hizkuntza inposatzea deritzo, hala nola estatuetan beste gauza asko inposatzen diren. Inposizio horiek beharrezkoak dira beste modu batez helburuak lortuko ez liratekeelako. Horregatik, estatuek legeak egiten dituzte, eta ez aholkuak edo gomendioak.

Berditasunaren izenean desberdintasuna baino ez da babesten askotan. Babesik gabe euskara gaztelaniarekin eta frantsesarekin lehiatzera derrigortzea kondenatzea baino ez da. Hori Herbeheretan badakite, eta Danimarkan, eta Norvegian… Euskal Herrian euskara desagertuko balitz, mundu osoan desagertuko litzatekeelako, baina euskal Herrian gaztelania eta frantsesa desagertuko balira (eta ez dira desagertuko), bi hizkuntza hauek hiztun eskukada txiki bat galduko lukete. Egoerak ez dira parekoak eta tratamendua ezin da parekoa izan. Euskara bezalako hizkuntza txiki batek ez dauka gaur egun inolako etorkizunik administrazioko hizkuntza nagusia ez bada, inposatzen ez bada, beharrezko egiten ez bada, pertsonen zentzuzko eskubideak urratu gabe. Baina  euskara ez ikastea ezin da inoren eskubidea izan. Kontu honetan ere tabu asko apurtu behar dira.

Bukatzeko, testuan badago beste puntu ilun bat euskarari dagokionez: lurralde historiko bakoitzak hizkuntza politikan egindako aldaketa oro onartu beharko luke (!). Ez dakit zein asmo dagoen eskumen honen atzean eta gaizki pentsatzen hasi baino lehen, azalpena eskertuko nuke.

Eta nahikoa eta gehiegi nire aportazio eztabaida honetarako. Norbait interesgarria iruditu bazazio, ni pozik.

Nire ardura nire esanak dira , ez zure ulertuak

14 pentsamendu “EGIren konstituzioaz”-ri buruz

  • Obanoseko infanzoia 2012-12-08 14:30

    Behar bada hobea duzu iparla irakurtzea, ulertzea beste gauza da… Denborarekin prozezatuko duzula ez ditut zalantzarik.

  • Aitortu behar dut ez dudala irakurri proposamena, baina g.etxaguek artikuluan esandako gauza batekin (nik ulertu dudanarekin) ados nago, Euskal Herria ez dela definitu behar lurralde baten arabera, euskal herritar izan nahi duen pertsona-multzo baten arabera baizik. Beraz, Nafarroako hegoaldea edo Arabako hegoalde eta erdialdea adibidez Euskal Herritik kanpo gera liteke. Bai, Tuteran ere egongo da Euskal Herriaren parte izan nahi duen jendea, baina Lesakan Euskal Herriaren parte izan nahi ez duen jendea dagoen bezala.

    Proposamenera joanda, EGIren beste “brindis al sol” bat iruditzen zait, ez badute sinesgarriak izateko funtsezkoa den zerbait egiten, hurrengo urratsa alegia: ez euskal gizartera ireki proposamena eta eztabaida, Interneten argitaratu dutelarik egin nahi izan omen duten bezala, baizik eta beraiek gaztedia diren alderdiaren barrura hedatu proposamen hori. Demagun, EAJren hurrengo biltzarrean.

    Galdera: ba al dauka EGIk proposamena Urkulluri aurkeztu eta onartarazteko bide-orririk? Onartarazi diot, edo bestela alderditik joan, ze bestela EGIk ez dauka inolako sinesgarritasunik edozein euskal alderdi politikotan funtsezkoa den gai honetan proposamen hau egitean.

    EGI: zein egunetan aurkeztuko diozue proposamena EAJren goi agintariei?

  • Izarpezelai 2012-12-08 16:13

    Ez dut konstituzio zirriborro hori irakurri, aitortu behar dut. Baina hala ere nire iritzia ematera ausartuko naiz: E.H.-ko konstituzioa serioegi iruditzen zait edozein taldetxok bere kabuz burutzeko. Nik uste dut talde, alderdi eta erakunde abertzale guztiak adostasun handi batera iritsi bekarko liratekeela holako zirriborro bat egiteko. Eta desiragarria izango litzatekeela ahalegin hori egitea, E.H.-ren onerako. Baina seriotasunez eta alderdikeriarik gabe, eta ez EGIko gaztetxoek azaleko eran egin duten moduan

  • Obanoseko infanzoia 2012-12-08 16:54

    Konstituzioa, gurea, kalean egon behar da.Eskubide erreala eskubide positiboa baino lehenago dago beti. Kalean dagoenean, gau batean idatziko dugu. Badago lana, oraindik han.

  • Agian konstituzioa idatzi aurretik, erabakitzeko eskubidearen aldeko apostua egin beharko genuke eta bide batez lurraldetasuna landu. Bide honetatik Etxarri Aranatzen (Nafarroan) ZER? kanpaina jarri dute abian, herri galdeketa bat bultzazen ari direlarik. http://www.etxarri2012.info web orrian informazio gehiago dago

  • Gaurko Berrian Pako Aristiren gogoeta :
    “Geure sistema politiko propio bat sortu arte, bere botere egituratzailearekin, ez dugu izango herri gisa munduaren aurrean izaera bereizia aitortuko digun paper konstituienterik.”
    Artikulu osoa :
    http://paperekoa.berria.info/iritzia/2012-12-09/004/001/paper_bat_independentzia_jartzen_duena.htm

  • Zergatik ez dute ba EGIkoek euskal konstituzio bat proposatuko ba? Hemen itxura denez mugitzen denari kritikatzea da gehien gustatzen zaiguna. Niri ere ez zait konstituzio proposamen hau gustatzen, izen korapilatsuarekin hasita (ze arazo dago ba Euska Errepublika izenarekin?). Hala ere eskertzekoa da euskal independentziaren alde gaudenok gure proposamenak kaleratzea.

    Lurraldetasuna dela eta ez dela, konstituzio bat eta Estatu bat lurraldeari lotuta egon behar da nahi ala nahi ez. Nik ere uste dut hobe dela hiru lurraldeekin hasi eta besteak batu daitezela hala nahi badute.

  • Gonzalo,

    Bihotz-bihotzez esaten dizut, saiatu zaitez Egikide hauek gorroto pixka bat gutxiagorekin tratazen, bestela ez da ulertzen testu luze eta astun hau (konstituzioa baina astunagoa ziur ezetz, baina hori ezinezkoa da, jejeje). Ulertu nahi duenak, uler dezala, niri argi geratu zait zer proposatu nahi zen: has gaitezen hiru probintziak eta lan egin dezagun hori errealitate bilakatu dadin, gehituko direla besteak nahi badute. Eta errespeta dezagun lurralde bakoitzaren nahia prozesu honetan. Benetan hain da zaila ulertzen?

    Diferentziak markatzea helburuetako bat dela argi daukat: euskal zentralismoa (Espainia eta Frantziaren antzera), euskal federalismoaren aurrean: soberania behetik gora edota goitik behera. Azken batean, zure postura eta hainbeste gorrotatzen dituzun estatu “opresoreen” artekoa ez da hain ezberdina: nazio batean oinarrituriko zentralismo itxia, euskaldunon kasuan autogobernu historia luze bezain interesgarri baten bazterketa. Materialismo dialektikoak ekarritako opari zoragarria:”suntsi dezagun zaharra, berria eraikitzeko, Euskal Herri berria”. Ba bueno, lortu da helburua, bi proiektu desberdin, bi aberri ideal desberdin, bi kontzepzio diferente daude mahai gainean. Hau garbi isladatzea zen garrantzitsuena, artikuluz artikulu joatea baino (noski dela zirriborro bat, proposamen bat! ez lan definitibo bat!). Ulertu nahi baduzu, ulertuko duzu, baina nik ezin dut zure borondate eza ezerrekin konpentsatu, zure esku dago.

    Euskararen kontua dela eta….Patxi Baztarrika eta bide batez, Koldo Mitxelena handiak landuta enfoke beretik dator EGIren postura…
    http://patxibaztarrika.com/euskara-bizikidetzarako-lokarria/#more-581

    Hori kezkagarriena iruditzen bazaizu, ba tira, lan eskerga duzu, abertzaleen zati handi bat konbentzitzea falta baitzaizu, ez abertzaleak deskontatuz,

    PD: “ez dut testua irakurri baina….” horrela hasten diren komentario guztiak eta nere amonak Higgsen bosoiari buruz duen iritziak balio antzeko dutela iruditzen zait, hitz egitea hitz egiteagatik….

    • Mikel, nik idatzitakoan kritikatik haratagoko gorrotoa ikusi baduzu, gorrotoa eta aurreiritzia zureak dira, ez nireak. Baina, batez ere, mamiari ez erantzuteko aitzakia iruditzen zait zure aldetik, eta zeri heldu ez daukazunez, bada, entsaladan gorrotoa, zentralismo itxia eta matelialismo historikoa nahastu dituzu. Oso ondo, horrela oso urrun iritsiko gara. Errespetua, Mikel, besteak beste, hurkoaren esanak kontuan hartzea da, kritikatzeko bada ere. Galdera bakarra zuri eta foruzale federalista guztiei: Ertzaintza eskubide historikoetan oinarritzen bada, zergatik da bakarra eta zentralista, zergatik ez hiru polizia historikoak?

      • ” gorrotoa eta aurreiritzia zureak dira, ez nireak” –> testuko tonuak ez du ba hori helarazten, naiz eta hori guztiz subjektiboa den

        “mamiari ez erantzuteko aitzakia iruditzen zait zure aldetik” —> hain zuzen esan nahi dizudana hori da, ez diozula mamiari heldu, eta ez dakit noraino joan zaren, ensaladaz ari garela gainera, zure mixto bariatua dela, nahiko ozpindua nere ustez (Iñaki Perurena etab. etab.)

        “Errespetua” –> non dago errespetu falta? kritikan?

        ” eta zeri heldu ez daukazunez” –> Errespetuaz ari zinen ezta?

        “zentralismo itxia” –> zuk esan duzu zentralista zarela

        “Mikel, besteak beste, hurkoaren esanak kontuan hartzea da, kritikatzeko bada ere” –> ez al dut ba hori egin?

        ” Ertzaintza eskubide historikoetan oinarritzen bada, zergatik da bakarra eta zentralista, zergatik ez hiru polizia historikoak?” –> gauzak nahasten dituzu, gauza bat da federalista izatea eta beste bat lurralde bakoitzak konpetentzia guztiak izatea (AEBtan ez daude 51 ejerzito, 51 polizia federal, 51 Medicare, etab.)

        • Seriotasunez eztabaidatu nahi baduzu, abisatu. Bien bitartean, ez dut denborarik galduko.

          • Ez dakit non ikusten duzun seriotasun falta…ez dakit nik eztabaidatzeko gogoa den falta zaizuna. Zuk nahi duzun arte.