EAJri gutun irekia, EITBn izan zituen «praktika eredugarriak» berriro salatuz

Asteartean, EITB taldeko LABeko kideok prentsaurrekoa eman genuen, komunikabide publikoaren kudeaketan EAJk egin zuen «praktika eredugarri» larri bat salatzeko, kasu bakar horretara mugatuz bestalde. Ez dugu arazo osoa berriro errepikatuko Interneten erraz aurki daitekeelako, baina funtsean:EAJ gobernuan zegoenean EITBren diruarekin VILAU MEDIA S.L. enpresa pribatua sortu izana azaltzen genuen, eta bertan diru publikoen erabilera okerra (erdaraz “malversación de fondos públicos“) eman zela salatu genuen, ustez Andoni Ortuzarrek izendatutako kideen aldetik. Legez EITBk ezin zuen zorpetzetan sartu, eta VILAUk eskatu zuen 700.000€ko kreditu baten abal osoa sinatu zuen EITBk, eta exekutatzerakoan tamaina horren zuloa estali behar izan zen diru guztion diruarekin.

 Badirudi agerraldiak eragina izan duela EAJn, izan ere berehala prentsa oharra atera zuen, eta bertan hiru kontu leporatzen dio LABi: Lehena, enpresa hori gaizki ibiliaren arrazoia badakigula. Agian EL MUNDOn Ortuzarrek azaltzen zuena izan daiteke, hain zuzen ere «EITBko egungo zuzendariek VILAUrekin zerbitzuak ez kontratatzea». Beste arrazoirik ez dugu ezagutzen, baina… kopeta eduki behar da halakorik onartzeko ere! Enpresa pribatu bat diru publikoarekin sortu, beti azpikontratatuko duelakoan, ondo badabil dirua bazkideen artean banatu, eta gaizki badabil -gertatu den moduan- galerak berriro diru publikoarekin estali.

Leporatzen digun bigarren kontua agerraldiak asmo politikoa edukitzea, «gerra zikin politikoa» eginez. Jakina asmo politikoa zuela. Jendarte eragileok noiz dugu bestela alderdiak interpelatzeko edo zigortzeko aukerarik? EAJ bere jardun politikoan sindikatuok ezereztatzen eta gardentasunetik iheska ibiltzen denean? Eta oharrak «gerra zikin politikoa» eta Andoni Ortuzarrek EITBko zuzendari nagusiaren kargua 2008an utzi zuela ere aipatzen duela, hari horri tira egingo diogu. Izan ere kargu-uztearen data egia bada ere, idazkian bere konfiantzako kideen jardunaz aritu ginen. Eta egia da ere bere funtzioak Bingen Zupiriak eskuratu zituela, ETB eta EITBko zuzendari ardurak bateratuz. Zera aipatuko genuke ere, denboraldi batean era ulertezinean pertsona berak bateragarri egin zituela bere zuzendari karguak EITBNET eta VILAUn Ortuzarren esanetan «lanaldi erdian» enpresa bakoitzean. Hau ere bere garaian salatu genuen, eta, berriro eskatzen ez bazaigu, ez gara luzatuko.

Azken aipamenak ez dira dohakoak, hurrengoa ere ez, baizik eta hari beretik tira egitearren. Izan ere, gonbidatuta egon eta informazioa jaso arren, DEIA ez zen agerraldira azaldu, eta hurrengo egunean ez zuen gaia aipatu ere egin. Ordea, gaur egun Bingen Zupiriak zuzentzen zuen egunkariak beste informazio bat kaleratu zuen. Hain zuzen ere EITBko zuzendaritzak EXPRESSIVEri egindako kontratu eskasa kritikatzen zuen. Kointzidentzia hutsa? Ez dugu uste. Izan ere beste enpresa honek ere salatzen genuenaren izaera bertsua du: EITBren kapitala, kontseilu-kideak, eredua… eta kezka bera, hondoratzen ari den beste txiringito bat. Baina badirudi EAJrentzat egunkari horrek daraman ildoa -ez soilik gai honekin- ez dela inondik ere elektoralista edo “guda zikin politikoa”.

Ez dugu idatzia amaitu nahi EAEn hauteskundeak datozela berriro aprobetxatu gabe, eta EAJren «praktika eredugarriak» eta «egiten jakin» hori azaldu gabe. Horri «know-how» uste dugu esaten ziotela, eta oraindik youtuben ikus daiteke «EITB new style» bideoa, beste enpresa pribatu bati ordaindu zioten 48.000€ko auzolotsa ematen duen auto-bonboa, non hainbat protagonista azaltzen diren. Administrazioak argaltzeaz aritzen direnean, poltsikoa loditzeaz hitz egiten ari dira, EITBra 2000n iritsi zirenean organigrama husteko konpromisoa hartu, eta hirukoiztu zuten bezala. Kontuen Epaitegiak berak ere salatu du jokabide opako hori. Hauxe da EAJren enpresa publikoen eredua, kudeatzaileez osatutako egitura opako eta minimoak eta lan guztia azpikontratatu negozioa eta prekarietate itzelaren mesedetan. Eta hori da leporatzen digun hirugarren kontua, langileekin ez gogoratzea, haiek halakoetan soilik aipatzen dituztenean. Jada ez duzue inor engainatzen.

Jon Otegi, EITBko LABen izenean

LAB Zerbitzu Publikoetako zuzendaritzako kidea eta EITBko ordezkari sindikala. Gasteiz

5 pentsamendu “EAJri gutun irekia, EITBn izan zituen «praktika eredugarriak» berriro salatuz”-ri buruz