EAJk gol bat sartu PSE-EEri?

rahego.flikcr
rahego.flikcr

Berriak bost ospetsuri egin die pare bat galdera: 1- Nola ikusten duzue Lopezen inbestidura, eta 2- Nolakoak izanen dira datozen garaiak.

Gutxi edo asko, galdetutakoen izenak ezagututa (Josune Bereziartu, Oihane Perea, Andoni Aizpuru, Fito Rodriguez eta Jokin Muñoz), irakurleak aurrez daki zein izango duten erantzuna, gutxi gora behera.

Jokin Muñozen erantzunak, ordea, harrituta uzten du: EAJk ia-ia nahiago zuela PSEk gobernatzea krisia dagoen lau-bost urte hauetan, PSE higa edo gasta zedin, eta gero bera azaldu lauzpabost urte barru abertzaletasunaren ikur balitz bezala. Iruditzen zait neurri batean EAJk sartu diola gol bat PSEri. Garai latzak zetozela ikusten zuten EAJkoek, eta transbertsalitate horren bila joan beharrean nahiago izan dute PSE gobernuan jarri datozen urte latz hauetan. Oso irakurketa bihurria da, baina nik ez nuen inondik inora espero Ibarretxek politikari agur esanen zionik.

Irakurri ditugun analista guztiek, EAJk atsegabetuta eta mingosturik utzi duela boterea diote. Muñozek, aldiz, EAJk sartu diola gola PSE-EEri.

Benetan uste du Muñozek hain maltzurra eta kalkulatzailea dela EAJ? Nahita egin diela uko 30 urtetan zehar garatu dituen botere mekanismoei?

Seguru asko, EAJk datozen urte hauetan Muñozek dioena prestatuko du, alegia, abertzaletasunaren ikur jendetsuenaren itzulera, baina beste kontu bat da, oso bestelakoa, hori berariaz egin duenik azken hauteskundeetan.

Zer irizten diozu zuk zeuk?

Jokin Muñoz, politika

Ez dut hankarik eta, batez ere, ez dut bururik. Begi bat bai, ordea. Eder askoa.

3 pentsamendu “EAJk gol bat sartu PSE-EEri?”-ri buruz

  • Ba, nik estimu handi diot Jokin Muñozi, bai idazle bai pentsalari gisa (gure etxe barneko kontuak kanpotik ikusteko ahalegin horiek kontuan harturik), baina iritzi zehatz horretan, ez dakit, iruditzen zait nola edo hala konspirazio teoria horietan erori dela. Ez dut uste ez EAJ, ez alderdi bat ere gai denik horrelako kalkuluen arabera jokatzeko (eta beharrik!). Sinesgarriago iruditzen zait EAJren barneko tirabiretan pentsatzea, eta aspaldin zegoela etxe horren barnean hainbat “etxeko”, Ibarretxeri belarra moztu nahi ziona eta, kostata, baina lortu duena, jakin gabe ongi zer etorriko zen gero (eta zer etorriko den). “Etxeko” horien barnean, segurik, batzuek euren kalkuluak egin zituzten baina gaizki atera (erran nahi baita, PSE-EAJ arteko gobernua lortzearena). Beno, nire inpresio hau korda luzekoa da eta ezin dut ohar honetan dena azaldu. Saiatuko naiz, agian, bertze euskarri eta aukera batean horretaz luzatzen.

  • Benetan kuriosoa iruditzen zait diozuna, Bixente … alde batetik alderdi batek halako kalkulu surrealistak egin ditzakeela ukatzen duzu, eta segituan jarri zara zu zure konspirazio teoria propioa azaltzen.
    Bere burua engainatu nahi ez zuen inork bazekien PSE-k PP-ren eskutik lehendakaritza lortu nahi zuela. Hain tontotzat hartzen al dituzu PNV-ko mitxeliñak!
    En fin, benga: zein da hurrengo konspirazio teoria?

  • Barkatu, Joandux, inori mina eman nahi izan diodalako inpresioa jaso baduzu. Agian, presaka idazteagatik, gaizki eman dut ulertzera erran nahi nuena. Saiatuko naiz nire ideia zehazten. Konspirazioak, nire lexikoan, elkarte batek, edo agentzia halako batek, edo alderdi batek ere, egin ditzake. Eta bertze kontu bat da alderdi guztien barnean dauden tirabirak (eufemistikoki erran ohi den bezala: “sentikortasun” ezberdinen arteko tirabirak). Kasura: nolabait Jokin Muñozek adieraztera eman duena konspirazio bat izanen litzateke, hots, EAJk, alderdi gisa, kalkulaturik izan balu bezala aginte-tresnak PSEren eskuetan uztea, hain zailak datozen garai hauetan; nik apuntatu dudana, aldiz, EAJ barnean betidanik ezagutu ditugun bi joeren arteko tirabiren emaitza ezustekoa izan zaio aspaldin PSErekin (eta legitimitate osoz, kontuz!) gobernatu nahi zuen joerari; joera honetakoek, urte hauetan (beraien planteamenduekin sinetsirik, noski) ez diote laguntzarik eman Ibarretxeri bere planak aurrera eramateko eta, azkenik, beraientzat ere guztiz deseroso den egoera batean gelditu da EAJ. Ez dut uste analisi honek (okerra, agian, baina hala eta guztiz ere) zerikusirik duen konspirazio teoriekin, alderdi guztietan gertatzen diren (eta beharrik!) barne tirabiretan askotan suertatu ohi diren ezusteko emaitzekin baizik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude