EAJ, Japonia eta energia nuklearra

Mundu osoa Japonian gertatu den eta une honetan gertatzen ari denari begira dagoenean, erraza litzateke besterik gabe japoniarrei egokitu zaien zoritxarraren inguruko mezu arina egitea. Baina esan bezala bestelako begirada eta ikuspegia da Tartalok gaurkoan proposatu nahi diguna.

Nekez jakin dezakegu ematen ari diren hondamendi naturalen ugalketaren azpian gizakiok amalurrarekiko  erakusten ari garen jokaera arduragabea dagoen ala ez.Eztabaida beraz horretara eramatea gehiegi litzateke. Edonola ere, hondamendi naturalak gertatu ostean hain “naturalak” ez diren bestelako faktoreak sartzen dira jokoan eta hor kokatu behar da Japoniako lurrikara eta tsunamiaren ondoren zentral nuklearretan ematen ari diren leherketa eta istripuak. Bai, horiek ez dira naturalak, horiek gizakiak erabaki ditu, horiek sektore ekonomiko eta politiko zehatzek bultzatu zituzten, eta beraz erabaki horien atzean arduradun politikoak ere egon badaude.

“Istripua” izan duen zentral nuklearrak, batek bederen, duela gutxi “naturalak” omen diren 40 urteak bete zituen eta Japoniako Gobernuak bere bizitza luzatzeko erabakia hartu zuen. Egia esan, zentral nuklearraren funtzionamendua luzatzea bizitzaren luzapenarekin izendatzea edo alderatzea ez zait batere egokia iruditzen baina dirudienez hori omen dago sasoian.

Berriki,otsailaren 14ean hain zuzen, EAJ-k eta CiU-k emendakin bat aurkeztu eta ondoren PSOE eta PPrekin adostu zuten estatu espainoleko zentral nuklearren “bizitza” 40 urtetik gora ere luzatzeko. Esan bezala, senatuko atzeko atetik sartutako emendakina filtratu eta publiko egin zenean EAJ-ko Erkoreka bera irten zen Garoñako zentrala akordioan ez zela sartzen argitzeko. Garoña ez, gainontzekoak bai!  “Nire baratzan ez, kanpoan zergatik ez”? Hori izango al da udal hauteskundeetarako EAJren lelo berria?

Duela hilabete batzuk Errausgailuaren inguruko hitzaldi batean Urnietako lagun batek ederki azaldu zuen nola hasieran biltzen hasi zirenean berehala ohartu ziren proiektu batzuen inguruko afera ez dela lekua,proiektua bera baizik. Eta ondorioz eztabaidak eta borrokak ezin direla planteatu nire baratza berdea jarraitu dezan, denon amalurra, ingurumena eta etorkizuna, jokoan dagoen bitartean.

Bai, Japonen ematen ari diren argazki beldurgarrien atzean arduradun politikoak daude eta gure herrian ere.  Gaurko argazkian bezalaxe, batzuk ingelesa erabiltzen dute pentsatzeko THINK GAUR bezalako ekimenekin adibidez. Eta THINK egiten dutenean energia nuklearra dute buruan, eta errausgailuak, eta abiadura handiko trenak. Finean, porlangintza nazionala eta negozio ikaragarriak.

Zorionez beste askok, Ladi Gagaren bertsioa izanik ere, ingelesez ez, euskaraz abestu baina DANCE egingo dugu igandean Zubietan errausgailuaren aurka.Eta zergatik ez, baita zentral nuklearren kontra dantzatuko ere. Eta horien atzean dauden arduradun politikoak ere izango ditugu buruan, horrelako politikariak guk bederen ez ditugulako nahi “ez gure baratzan ezta Japoniakoan ere”! Animatuko al zarete igandean  Zubietara hurbiltzeko?

hauek ere ingelesez Think egiten dute

Irudia | hauek ere ingelesez Think egiten dute | ezezaguna | LGPL

Begibakarra noski. Baina begi bakarra izateak ez du beti begirada berdina suposatu behar. Are gutxiago ikuspegi bakarra!