EAEk “I need Spain” eslogana erabiliko du kanpaina turistiko berrian

Euskal Autonomia Erkidegoak “I need Spain” (Espainia behar dut) markarekin salduko du bertako turismo kultural eta gastronomikoa Espainia, Erresuma Batua, Frantzia eta Alemanian. Joan Mesquida, Espainiako Turismorako estatu idazkariak eta Pilar Zorrilla, Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuordeak gaur goizean Bilboko Guggenheim museoan sinatu duten akordioak 600.000 euroko aurrekontua du. Kopuru horren erdia eusko Jaurlaritzak jarriko du eta beste erdia Espainiako gobernuak.

Urte amaiera arte iraungo duen kanpaina honek bi fronte nagusi izango ditu: Kulturala eta Gastronomikoa. Kulturalari dagokionean Guggenheim museoan grabaturiko spot bat izango du kanpainak eta gastronomikoari begira Martin Berasategi, Andoni Luis Aduriz eta Pedro Subijana euskal sukaldarien irudia erabiliko du.

Mendebaldeko Europara begira

Mendebaldeko Europan zabalduko da kanpaina hau: Espainia, Erresuma Batua, Frantzia eta Alemanian. Erresuma Batuari dagokionean Londresko Harrod’s mitikoan ekitaldi gastronomiko bat egingo da Urriaren 2tik 28ra, euskal gastronomia bultzatzeko xedearekin. Frantziaren kasuan, sarean lan egiten duten bidai agentziekin harremanak mantenduko dira eta Alemanian berriz turismoan bitartekari lanak egiten dituztenen artean turismo kulturala sustatuko da.

4 pentsamendu “EAEk “I need Spain” eslogana erabiliko du kanpaina turistiko berrian”-ri buruz

  • ez dakit nik ba 2010-07-06 13:53

    halantxe goaz euskaldunok eta halantxe doa gure herri maitia…..kanpora ia!!

  • joseba barandiaran 2010-07-06 22:08

    nik ez dut uste ez Kafka batek, ez Zaldieroak, ez Zakilixutek berak, euren fikziorik fikziozkoenean ere, errealitatea gaindituko luketenik.

  • […] Patxi Lopez bera ere, hor dabiltza, Espainiaren eta espainiar selekzioaren propaganda egiten. I need Spain atzerrian, Euskaltel Spagne txirrindularitzan eta “Espainian sinisten dut, Espainia gara!” […]

  • Pachi López eta konpainia izan dira Euskal Herriak behar zuen bultzada, euskaldunon abertzale grina berpizteko eta, bidebatez, erregionalismoak ipurdi bistan uzteko eta gestio politiko hutsean sasiabertzaletasuna ezkutatzen zutenei koloreak ateratzeko.

    Inoiz ez zitzaidan burutik ere pasatuko EH independente bat lortzeko tresnarik indartsuena PSOE, PP eta PNVko “espainiazaleak” izango zirenik.

    Hala ere, bejondeigula. Segi, segi horrela, Pachi.