Durangoko bonbardaketen 80. urtemuga

Durangoko bonbardaketen 80. urtemuga

Aurtengo Aberri Eguna Gernikan ospatuko da, besteak beste, bonbardaketen 80.urteurrena delako; eta tamalez, beste herri askotan ere urtemuga bera oroitu beharrean gaude.

Durangon zenbait ekimen egin dira egun hauetan, interes handiz begiratu ditut, eta gainera, horren aitzakian eta sareko hipertestuan loturatik loturara jauzi eginaz, gaiaren inguruan irakurtzeko paradas izan dut. Handik eta hemendik topatutako zenbait informazio bildu dut.


Durangoko bonbardaketen 80. urtemugaLehen bonbardaketa 1936ko irailean izan zen.  Gasteiztik heldutako hegazkinek hainbat bonba jaurti zituzten. Bonba horietako bat Ezkurdi pilotalekura jausi eta bertan ziren Gipuzkoa aldeko iheslarien artean 12 hildako eta zauritu asko eragin zituen. Iheslari eta milizianoek odoletan kobratu zuten: herriko kartzelara joan, presoak atera eta Santi Kurutzeko kanposantuan tiroka hil zituzten. Guztira 22 preso hil zituzten, uztailaren 18an altxatzeko prest zeuden erreketeak gehienak.


Bigarren bonbardaketa 1937ko martxoaren 31n heldu zen. Soriatik (Espainia) hegazkin batzuk aireratu ziren goizean goiz. Elorriora 50 kiloko 88 bonba utzi zituzten jausten. Durangora 214. eskuadrila sortaldetik sartaldera sartu zen goizeko 08:30 aldera. Santa Anako kanpaiek alarma deia jo zuten. Jendea ez zen larregi larritu, aurreko egunetan hegazkinek mehatxuzko orriak bakarrik botatzen zituztelako. Sirena entzun zenerako, 13 hegazkin ikusi ziren sortaldetik.

Bonbak Jesuiten San Jose elizaren gainera ere jausi ziren. Elizaren babespean zeudela sinistuta zeuden: elizaren sabaia, arkuak, habeak, koroa, organoa, koloretako beirateak… dena gainera etorri eta gero, hondakinen azpitik 50 bat atera zituzten hilda, emakumeak asko, baina gudariak ere bai; 18 gudari hil ziren bertan. Andra Mari eliza ere erasotu zuten, eta arkupeetan azoka zegoen une horietan.

Bonbaketari italiarrek bonbardaketaren mementoa fotografiatu egin zuten, gainera, argazki panoramiko eta planimetrikoz. Hemen duzue argazkietako bat, egungo planoarekin alderatuta, Sustatu bidez.

Arratsaldean, 17:45 aldera, Soriatik heldutako zortzi hegazkin astunek bonbardatu zuten berriro Durango, beste hiru hegazkinek Elorrio erasotzen zuten artean. Oraingoan ehiza-hegazkinak 33 izan omen ziren, informe frankisten arabera, eta hiritik ihesean zihoan jendea metrailatzen eta esku bonbak jaurtiz jardun ziren luzaroan Durango inguruko auzo eta landetan, Montorreta, San Roke, Landakon barrena. Defentsa gabeziaz baliaturik, hegazkinetatik metraileten munizioaren kaxak ere bota omen zituzten jendearen gainera.

336 lagun hil zirela uste da.


Durangoko bonbardaketen 80. urtemuga1937ko apirilaren 2an, 16:30 aldera, berriro agertu ziren italiar bonbaketariak Durango gainera. Soria-Logroño-Gasteiz-Otxandio-Durango airebidea egin zuten oraingoan. Bonbak geltokian, Batzokia eta Ezkurdi aldean, Berrioren oinetako fabrikan, Merkatu plazan eta Andra Maria elizaren inguruan jaurti zituzten. Ospitalea ere bonbapean gelditu zen, Gurutze Gorriaren sinboloa errespetatu gabe. Hildako gutxi eragin zituen, jadanik jende gutxi geratzen zelako Durangon.


1937ko apirilaren 4ean beste bonbardaketa bat izan zen. Durango ia hutsik zegoen ordurako. Durangoren kontrako bonbardaketak apirilaren 26ra arte mantendu ziren. Apirilaren 26an Aviazione Legionariak hasieran eta Kondor Legioak ondoren Gernika bonbardatu zuen.


Argia aldizkarian artikulu jantzia idatzi zuen Josu Chuecak duela zenbait urte, Durango: lehen euskal Ponpeia.

Durangoko bonbardaketen 80. urtemuga


Hainbat ekitaldi egin dira azken egun eta asteetan gertaera latz haiek gogoratzeko. Ekimen horietako argazki zoragarriak atera ditu Iban Gorriti argazkilariak, eta guztiak Mugalari atarian ikusi daitezke.

Durangoko bonbardaketen 80. urtemuga


Jon Irazabal ikerlariak gidatutako lanari esker, Durangoko bonbardaketari buruzko datu berriak topatu zituzten duela gutxi. Erromako eta Madrilgo bi artxibo historikotan begiratuta ondorioztatu dute, besteak beste, hiru izan zirela bonbardaketan parte hartu zuten hegazkin bonbaketariak, eta bonba su-eragileak erabili zituztela. Informazio hori bonbardaketan parte hartu zuten eskuadrilen egunerokoak eta liburu teknikoak aztertuta lortu dute.

Durangoko bonbardaketen 80. urtemuga


Durangoko bonbardaketari buruzko dokumental historikoa

Durangoko bonbardaketen 80. urtemuga
1936, 1937, 36ko guda, aita gerratik itzuli zenekoa, bonbardaketak, Durango, Durangoko bonbardaketen 80. urtemuga, formakuntza, historia, oroimena

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude