Denboraren tamaina

modern-timesHogeita hamalau urte: jaiki, umeak esnatu, gosaria prestatu eta eman, jantzi bat, jantzi bestea, dutxatu eta jantzi, ohea egin, umeak eskolara eraman, lantokira joan, sei ordu lan, etxera bueltatu, bazkaldu, erosketak egin, etxera eraman, kiroletako poltsa prestatu, umeen bila joan, zaharrena igerilekura eraman, aldageletan lagundu, txikiarekin atera eta parkera joan, umearekin jostatu, lagunekin jardun, txikia arrastaka igerilekura joan, zaharrenari janzten lagundu, parkera eraman, biak bikotekidearekin utzi, kiroletako poltsa hartuta kiroldegira, kaleko arropa erantzi, kirol arropa jantzi, 30 minutu bizikleta estatikoan, 25 zintan, erantzi, dutxatu eta jantzi, etxera bueltatu, garbigailua jarri, alabari eskolako lanekin lagundu, txikiena bainatu, biei afaria eman, afaldu, ohera lagundu, ipuina kontatu, hurrengo eguneko bazkaria prestatu, bikotekideak jasotzen duen bitartean garbigailua hustu eta arropa zabaldu, gaueko albistegia ikusi, ohean eguneroko tartea irakurri eta lotara.

Berrogeita hamalau urte: jaiki, gosaria prestatu eta jan, dutxatu eta jantzi, maindireak pixka bat tenkatu, lantokira joan, sei ordu lan, etxera bueltatu, bazkaldu, erosketak egin, etxera eraman, kiroletako poltsa prestatu, kiroldegira joan, erantzi eta jantzi, 30 minutu bizikletan, zinta etzirako, atera, erantzi, dutxatu eta jantzi, etxera bueltatu, afaria prestatu, afaldu, sukaldea jaso, garbigailurako berandu izan eta biharko utzi, hurrengo eguneko bazkaria prestatu behar, baina albistegia ikusten jarri eta denborarik ez, ordenagailua piztu eta bukatu gabeko lanak egin asmoan, e-mail bat erantzun nahi eta ezin bukatu, neka-neka eginda ohera joan, liburua zabaldu eta argia itzali gabe, lo seko geratu.

Ezin duzu ulertu zer gertatu zaion denborari hogei urteotan. Aurkitzen duzun erantzun bakarra zera da: lehen 60 minutukoa zela ordu bakoitza, gaur, berriz, 20 minutu besterik ez dira!

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz