Debekuen Gudari Eguna

ukberri, Flickr
ukberri, Flickr

Arralden elkartasun eguna debekatu nahi izan zuten eta Audientzia Nazionalera jo zuten. Adar jotzea baizik izan ez zena bete-betean sinestu zuen Dignidad y Justicia elkarteak. Debekuen afera noraino den irrigarria agerian geratu zen, baina Dignidad y Justicia ez da kikildu eta bere jardueran geldialdirik egiteko prest ez dagoela argi utzi du.

Debekua, debekuaren atzetik eta asteburu honetarako 24 izan dira galarazitako ekitaldiak. Arrazoiak, Gudari Eguna ospatzea¬†“terrorismoari gorazarre” egitea dela eta ekitaldiak antolatu dituzten erakundeak legez kanpokoak izatea. EKIN eta SEGIk deitutako ekimenak debekatu baitituzte, baina ez horiek soilik. Ahaztuak elkarteak Frankismoak fusilatutako azken pertsonak omentzeko antolatutako ekitaldiek ere jaso baitute Eloy Velascoren oharra; ezin dituzte egin.

Ahaztuak-ek harridura adierazi du debekuaren aurrean. Azken urteotan antzeko ekitaldiak antolatu dituztela gogorarazi dute eta inoiz istilurik ez dela egon. Era berean, halako ekitaldiak burutzea galarazteak frankismoaren eta garai hartan burututako krimenen zigorgabetasuna onartzea dakarrela diote.

Aurtengo Gudari egunean, ohiko omenaldien ordez, atxiloketak eta iskanbilak izango dira, ziurrenik. Eloy Velasco epaileak guztiaren atzean ETA dagoela uste baitu. Biltzeko eta manifestatzeko eskubideaz, ez dio ezertxo ere, halako ekitaldiak delituzko parte hartzea sustatzen dutela baizik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude