Datu objektiboak eta irakurketa subjektiboak

Datu objektiboak

Datu objektiboak
Igor Meltxor

Datu objektiboek beti daukate indarra. Datu objektiboek oinarri bat ezartzen dute, bertatik irakurketa subjektiboak abiatzeko. “Kazetari Kanalla” da Igor Meltxor (analista politikoa, ikertzailea eta idazlea), eta beti babestu du datu objektiboak, zehatzak, biltzen dituela; sinesgarritasuna lortzea arrunt konplikatua baita, eta sobera erraza galtzea. Ikerketa kazetaritza ez dago sasoi betean gure herrian, eta Meltxorrek faltan sumatzen du bazterrak nahasten ibili zitekeen euskal Evole bat (bere profila erabat babesten ez duen arren). Kritikoa, noski, guztia bustitzen baitugu denok gure subjektibitateaz, baina datuak, datu zehatzak emango dizkiguna.

Horregatik joan nintzen Meltxorren hitzaldira, eta horregatik jaso ditut hemen idazle eta ikerlariak objektibotzat jotzen dituen hainbat datu. Hasieratik onartzen dut ezjakintasun osoa neukala kasu gehienen inguruan, hitzaldira bertaratu ginen askoren antzera. Labur-labur zerrendatuko ditut, garrantzitsua iruditzen baitzait azpimarratzea kazetari askok honen berri eman dutela, baina, kasu askotan, ez ditugu datuak ezagutzen. Horretan ere apur bat espainiarrak gara. Hego EH-ko edozeini galdetu eta Espainiako ustelkeria kasu zerrendatxo bat botako dizu: Gurtell, Punica, Noos, Black txartelak… Baina hemengoak zer? Zer dakigu Euskal Herriko irregulartasunez?

  • Karrantzako Minda: gaia bolo-bolo dabil Enkarterrietan aspalditik, baina ez da oso ezaguna egin Euskal Herrian, epaiketa egun hauetan izan den arren. Abereen hondakinak tratatzeko planta izan behar zen, baina egun amaitu gabeko eraikin bat da. Datu objektiboakEspainiako Gobernuak, Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak 13,5 milioi euroko diru laguntza eman zioten proiektuari; horietatik hamar pasatxo, obrak hasi aurretik. Diru hori guztia inbertitu ostean, ordea, lau zutabe eta horma baino ez ziren eraiki; egin gabeko lanen fakturak ere pasatu zituen enpresak. “Tribunal de Cuentas”-en txostenak, beste gauza askoren artean, honakoa dio: “La comisión de seguimiento del convenio estaba formada exclusivamente por el mismo director que ha gestionado, controlado y ordenado el pago de la subvención, y que a la vez era el administrador de la sociedad que recibía esas subvenciones.” Arduradun politiko horri egozten zaiona honakoa da, beraz: laguntza publikoak eman zizkiola berehala administratuko zuen sozietateari (EAJ-k Jaurlaritza galdu eta 14 egunetara). Martin Ascacibar da bera (Ibarretxeren Jaurlaritzan egon zen, eta egun Altuna eta Uria eraikuntza enpresako zuzendaritzan dago).
  • Gerediaga-Elorrio: 1426 milioi euro baino gehiago 6,4 km-ko errepide (radial) batengatik; horietatik 900 inguru bizkaitarren poltsikotik ateratako dirua. Gainkostua %42koa izan da, 2010etik hona. Penintsulako errepide garestiena da kilometroko. Zorra 2042 urteraino.

Datu objektiboak

  • Supersur: onartu dezagun barre egiten dugula Castellongo aeroportuarena bezalako kasuak entzutean. Zeren eta denok dakigu Castellongo aeroportuarena, ezta? Hegazkinik ez duen aeroportua, kudeaketa txarraren erakusle gorena, “Espainian gertatzen diren gauza horiek”. Beno, ba aski objektiboa dela iruditzen zait Surpersurrek trafiko oso gutxi daukala esatea, aspalditik salatzen den kontua da hori. Ezberdintasuna da hegazkinik gabeko Castellongo aeroportuak 150 milioi euro balio zituela, eta kotxerik gabeko Supersurrek 900 milioi. Hots, Castellongo sei aeroportu. Zorra 2035 urterarte.
  • AHT-ren gainkostua zati batzuetan %48koa izan da; Bidegirena zati batzuetan %70koa.
  • Balenziaga Museoa: 4,8 milioi eurotan finkatu zen proiektua, baina azkenean 15 milioi euroraino iritsi zen. Zortzi urteko kartzela zigorra eskatu zuten Getariako alkate ohiarentzat (EAJ).

Kasu gehiago daude, zerrenda ez da motza (Hiriko, De Miguel, Mallabiako alkate ohia, Bidegi enpresak, Gurtell enpresak, Dragados, OHL, Pasaiako lonja, errauskailuaren inguruko pastela…). Hau ikusita, galdera bat egitea iruditzen zait normalena: baina beno, horrelako kasuak zer dira, puntualak ala egiturazkoak? Ni ez naiz gai datu objektiboekin galdera horri erantzuteko, ez naizelako nor; Meltxor bera ere zalantzan jarriko lukete askok. Baina Xabier Arzallus bai, hori ez du inork zalantzan jarriko. Javier Ortiz kazetariak 2005ean argitaratu zuen “Arzallus. Así fue” liburua, eta garrantzitsuena da baimendutako biografia bat dela, Arzallusen oniritziarekin kaleratutakoa. Meltxorrek liburu horretan azkoitiarraren adierazpen hauek nabarmentzen ditu, 346-347 orrialdeetan (ez dut euskaratuko, itzulpenarekin ez baitut gauza txikiena ere aldatu nahi):

Datu objektiboak
Javier Ortiz kazetaria, eskubian

“Empiezas a tener la posibilidad de que te den dinero, ante lo cual se te abren dos posibilidades. La primera es exigir que te paguen un porcentaje sobre el precio total del encargo: te concedo esta obra, o te recalifico este terreno, o te encargo la fabricación y estos uniformes, o te asigno la contrata de tal o de cual, si tú pagas a mi partido el 4, el 5, el 8 ó el 10%. La segunda es: tú atribuyes estos trabajos conforme a la ley, por las vías de adjudicación establecidas, pero no ocultas a los empresarios que tu partido tiene necesidades que cubre con mucha dificultad”.

Hauek dira hitzaldian bildu nituen datu esanguratsuenak, eta Meltxorrek frogatzen duenaren arabera, datu objektiboak. Hemendik aurrera bakoitzak atera ditzala bere irakurketa subjektiboak.

Bestalde, Kazetari Kanalla PSE-ren lau urteko legegintzaldia ere ikertzen ari da, eta Nafarroan zentratuko den lan bat ere aterako dute etorkizunean. Informazio gehiago nahi izanez gero: https://elperiodistacanalla.net/

Datu objektiboak

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.