Daniel Landart: “Siestarik gabe ez naiteke bizi”

Donoztirin, Nafarroa Beherean, 1946an sortua, antzerki-idazle gisa ezaguna eta lanbidez kultura kudeatzailea da Daniel Landart. Egia esan behar bada, beti ikusi dugu Landart harat-honatean, mugaren bi aldetako kultura emankizunetan. Uztaritzen bizi da.

Daniel Landart osasun pattalekoa da. Bronkio aluak, beti gaixotzeko prest. Baina moldatzen da. Siestari esker. Edo, bederen, hala dio berak.

cc-by: eke
cc-by: eke

Xorien tenorean

Goizetan seiak aldera jeikitzen naiz. Kafesnea eta ogi xigortua gurinarekin hartzen dut egunero. Zazpi t’erdiak-zortziak aldera iristen naiz lantokira, Euskal Kultur Erakundera (EKE).

Zorionez EKE Uztaritzen bertan da eta kilometro t’erdira edo bizi naiz. Zortzietatik bederatziak arte nahiko kalme egoten da dena, ia inork ez du tenore horretan deitzen. Bederatzietan hasten dira gehienak. Tarte hori profitatzen dut ukan ditudan postak begiratzeko eta eguna nola antolatu erabakitzeko.

Bederatzietan, EKEko zazpi-zortzi lagunok elkarrekin hartzen dugu kafea eta gero, edo biltzarreak baditugu han berean, edo bestela kanpoan, herriko etxe batean, elkarte batekin, artista batekin… Beraz, erran nezake, baditugula bi edo hiru prozedimendu.

EKEn badira 120 bat elkarte eta horiek erakusten daukute urte guztiz egin nahi duten lana, guk laguntzeko. Beraz urtean bi aldiz edo, geu joaten gara haiengana edo etortzen zaizkigu haiek. Zoritxarrez edo zorionez, beti diru kontuetan badugu zerbait eskas. Hori niretzat arras inportant da, zeren EKEk anitz egiten baitu eta borrokatzen euskal elkarteen alde, horretarako sortua izan baita…

Eta gero, beste kontu bat da eni tokatzen zautana: kostaldeko herriak, Hendaia, Donibane Lohitzun, Biarritz… Herriko etxeekin eta heien kultur zerbitzuekin, zikloak eta gauzak antolatzea. Erran nahi baitu gaiak hautatu eta artistekin eta anitz jenderekin bildu eta mintzatu behar dela.”

Muga hor da betiere

“Gero tokatzen zait ere Hegoaldekoekin harremanak izatea, adibidez Donostiako KMn ziklo bat antolatzea, Andoainen, Gernikan… eta hola. Ohartzen gira muga ikaragarri bat badela oraindik Iparraldea eta Hegoaldearen artean, eta guk ez badugu proposatzen eta zirikatzen, ez da deus egiten Iparraldekorik han. Hegoaldekoak honat ekartzea ere ez dugu aski egiten.

Horrelaxe pasatzen dut goiza eta baita ere arratsaldea, gehienetan. Horixe da nire lana.

Goizeko seietan jeikita, hamaika t’erditan uzten dut lana eta bazkaltzen dut hamabietan. Etxean. Nihaurek preparatzen dut, nahiz eta astean aldi batean edo bitan, lan bilkurak direla eta, kanpoan bazkaltzen dudan. Beraz, astean lau alditan edo etxean bazkaltzen dut eta egoten naiz ordubata artio telebista eta albisteak ikusten.”

Lojantziaren garrantziaz

“Gero pausaldi bat egiten dut ordubetekoa. Pijaman jartzen naiz, gauaz balitz bezala. Lo egin behar dut, bederen laurden bat. Uste dut horrek salbatzen nauela. Hori kenduta, edo lantokitik urrun bizi banintz, aspaldi negoke lana utzita. Ez dut erranen gauak bezainbat fabore egiten duenik siestak, baina beti badut horren beharra. Ordu bat edo ordu bat eta laurden, horrek erran nahi du biak eta erdiak aldera joaten naizela lanera seiak arte.

Maiz baditugu hortik aparte bilkurak, arratsetan, eta horiek ere zaindu behar dira, baina, bertzenaz, zazpietan afaltzen dut eta gero eta gehiago kostatzen zait Hegoaldeko adiskideekin moldatzea. Proposatzen didatelarik bietan edo bazkaltzea, enetzat berant da. Gauza bera afariekin. Ahal bezain guti onartzen ditut halakoak.

Afaldu eta gero, film bat edo telebista ikusi, eta hamarretan ohera, ez banaiz kontzertu  edo halako batera joan. Bestenaz, hamarrak, hamar t’erdietan ohean naiz.

Baina goizeko bietan oheratzen banaiz ere, goizeko seietan jeikitzen naiz beti. Horregatik ez dut maite gauez kanpoan ibiltzea.”

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

2 pentsamendu “Daniel Landart: “Siestarik gabe ez naiteke bizi””-ri buruz

  • Lojantzia edo pyjama jantzi lo ondo egiteko.

    Askok uste duke nola ere hak Daniel Landartek ezen pyjama (pijama) hitza ez da euskarazkoa nahiz-eta guk euskaldunok dugun erabiltzen hori hitza nola beste europeoek.

    Baina ba dakigu ezen hitz hori dela

    inglesean pyjamas
    alemanean Pyjama
    frantzesean pyjama
    italianoan pigiama
    espainolean pijama

    eta hitz hori heldurik arartez inglesa da etorkiz hala ere indostani hizkuntzakoa. Non indostaniz da

    indostaniz paeyama

    [Hau informationea hartua da tik Larousse.]

    Uste ez badugu ere mugea eta mugak pluralez hor ditugu guk euskaldunok an geure entelegua eragina eginez gugan purismoak (inferioritate komplexuak) ez soil buruz muga physiko geographikoak ezartzeko limiteak eta agintaritza esparruak -nola aipatuak Danielek- baizik ere ditugu ezkutuxeago eta inkonszienteago linguistikoak eta konkretuki lexikalak (ahaztu gabe arlo orthographikoa) non ez dugun jakin ohi izaten differentzia egiten artean hitz propio euskaldun autokhthonoak nola harria edo mendia eta bestetik hitz internationalak nola pyjama edo gehiago zeintzu dira patrimonio amammkomun hon humanitatea.

  • Harrituta ginen: Zuzeu apiriletik martxan da eta Gerrikagoitia ez da oraindik agertu!(esaten genuen).
    Agertu da azkenean agertu, eta pozten gara haren osasuna, erabakia eta indarra betikoan direla ikusita, baina Erramun maiteari erran nahi diogu, gune hau ez dela hizkuntzalaritzaz; arras ongi ezagutzen ditugula bere hizkuntz-aldarriak eta ongi etorria izanen dela berak erabaki eta nahi duen eran espresatzen bada Zuzeun agertzen diren gaien inguruan. Ez, ordea, dena hizkuntza mailako eztabaidetara eramateko. Hori ez diogu utziko, erabiltzailearen mesedetan. Erran nahi baita, denok ditugula hemen geure obsesioak, baina sarreretako batean katuen elikadurari buruz hitz egiten ari bagara —haragia edo arraina ote zaion komeniago, esaterako—, ez dugula eztabaida eraman nahi gathu, khatu, kathu edo lokomotora esan behar ote zaion aberetxoari. Hori beste leku baterako eztabaida dela deritzogu. Ulertzen da, ez da?
    Esate baterako, asko interesatuko litzaiguke jakitea nolakoa den Erramun Gerrikagoitiaren egun arrunt bat. Nahi duen eran espresatua atseginez hartuko genuke, argazki batekin batera, gure helbidean: erredakzioa@zuzeu.com .