Printzesa ñoñostiarra

Charlotte Elizabeth Diana maiatzaren 2an jaio zen eta Cambridgeko dukeen bigarren umea da, Elizabeth II Ingalaterrako Erreginaren bosgarren birbiloba; berau ordezkatzeko zerrendan laugarrena.  Gurasoek, Guillermo Ingalaterrakoak eta Kate Middleton-ek, iragan larunbatean aurkeztu zuten haurra agindupekoen aurrean eta… aibala, ñoñostiarrez jantzita!

El País egunkarian irakurri dugunez, hiru izeneko printzesak Donostiako Irulea dendan erositako jantzitxoak zeramatzan soinean (buruko txanoa, jertsea eta artilezko oinetakoak), eskuz eginak eta kalitate bikainekoak.

“1932az geroztik detaile eta xarma zainduz” Donostiako Alde Zaharrean (Kale Nagusiko 7. zenbakian) jaio berrientzako eta haurrentzako arropa zein etxeko arropa (ohe estalkiak, mahai-zapiak…) saltzen duen denda da Irulea -webgunean lau hizkuntzatan egiten duen aurkezpenaren arabera-.

Manuela Barandiaranek sortua, tradizio familiarreko komertzioaren ardura alaba M. Luisa Pagola Barandiaranek hartu zuen 1952an, eta sortzailearen iloba Ayago eta Susana Villar Pagolak daramate egun. Dendak ateak ireki zitueneko itxura bera du gaur egun ere, jatorrizko altzari eta dekorazioa matentzen baititu.

Printzesa ñoñostiarra

Iruleak ez du jakin Britainia Handiko erret-familia bezero izan dutela “printzesa ñoñostiarra” jendaurrean ezagutzera eman eta norbaitek zeraman artilezko txanoa ezagutu duen arte. Antza denez, Facebook bidez harremanetan jarri eta emakume bati zuri eta hezur koloreko jantziak egin omen zizkioten eskuz; oparitarako ziren eta ez zuten ezagutzen jaiotzear zen haurraren sexua.

Esamesek diotenez -mundu honetan horrela jakiten ei dira kontuak-, emakumea María Teresa Turrión Borralloren ezaguna izan zitekeen, eta azken hau Cambridge-ko dukeen seme nagusiaren haurtzain espainiarra da; zeregin horietan britainiar erret-etxearentzat lan egiten duen lehen atzerritarra.

Lehen sukaldari izardunen jatetxeetara etortzen ei ziren Donostiara kanpotar aberatsak; orain, baita artilezko oinetakoak erostera ere, pentsa!