CESPA zabortegia eta hainbat detaile

CESPA zabortegia CESPA zabortegia CESPA zabortegia CESPA zabortegia

CESPA zabortegiaInguruan ezinegona dago. Edozein tabernan trago bat hartu duenak badaki, denda batean sartu denak antzeman du. Jendea zinegotziei galdezka dabil, kale bazterrean topatu eta baxu hitz egiten duten bizpahiru-hiruzpalau laguneko taldeak ugaritu egin dira. Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak prentsa ohar bidez jakinarazi zuenaren arabera, Mutiloako Cespa zabortegiari esleituko diote «Gipuzkoak hiri -hondakinen errefusari isurpen tratamendua» emateko zerbitzua. 24,8 milioi euroko esleipena da, eta 100.000 tona hondakin tratatzea aurreikusten dute; eta horrek, noski, ez digu batere graziarik egin.

Elixabete Garmendia ormaiztegiarrak ozen eta garbi adierazi zuen Berria egunkarian, herenegun. Bera izan da lehena, eta ederki dago hori, ez errepikatzearren berak esan gabe utzitako kontu batzuk aipatu beharko baititut; beraz, bi idatziak irakurtzea gomendatzen dizuet. 

Batetik, erasandako herrietako udalak prentsa bitartez izan dute guzti honen berri, eta hori errespetu falta latza da. Aitor Aldasorok, Beasaingo alkateak eta Sasieta Mankomunitateko lehendakariak, azalpen batzuk eman zituen bilkura batean Goierriko zenbait hautetsik eskatuta, eta abisatu ez izana arrazoitzeko esan zuen ez dela behin-betiko erabakia, eta ez dagoela kontraturik sinatuta; dirudienez “baldintzak bete” eta aurkeztu den enpresa bakarra den arren. Prentsa oharra atera den arren. Honako adierazpenak eskaini dizkio Goierriko Hitzari: “«Guri egokituko zaigu ingurumen baldintzak beteko dituztela zaintzea. Jaurlaritzak oso-oso baldintza zorrotzak pasa araziko dizkio. Gero eta zorrotzagoak dira eta bete egin beharko dituzte».

CESPA zabortegiaHori esatea erraza da. “Cespa zepa zabortegiko likidoa isuri da Estanda errekara“. “Cespa zabortegiko BESTE isuri baten ondorioz arrain mordoa hil da Estanda errekan”. Noski, herritarrok seinale potolo samarrak behar izaten ditugu horrelako kontuez ohartzeko: erreka kolorez aldatuta, tripaz gora doazen arrainak, hiru begiko arratoi mutanteak … Hori bai, isil-isilik zikinkeria joan bada uretan ideiarik ez, edo zabortegian suteren bat egon bada, edo zertzuk estaltzen dituzten lur-azpian.

Aldasorok honakoa ere esan du: “goierritarrentzat kalterako bada ere, ingurumenarentzat hobea da”. Ingurumenarentzako ona ormaiztegiarrok egiten duguna da: %90,4a birziklatu (eta hobetu daiteke). Galdera da ea zergatik ez diren mekanismo horiek jartzen beste herri batzuetan (hondakinak biltzeko sistema mistoa daukagu). Ea zergatik ordaindu behar dugun goierritarrok, neurri batean gauzak txukun egiten gabiltzanok, beste batzuek gaizki egindakoa. Elkartasuna ez da besteen hondakinak irentsi behar izatea; elkartasuna birziklatzea da. Elkartasuna munduarekiko, Euskal Herriarekiko eta gure etxekoekiko, baita guk moldeatutako ingurumena jasoko duten hurrengo belaunaldiekiko ere.

Ñabardura bat. Esan eta esan ari dira 100.000 tona errefusa ekarriko dituztela, baina hori gezurra da. Ez da errefusa izango, hondakin nahasiak baizik. Dirudienez, zabortegiak badauka errefusa tratatzeko lizentzia; baina errealitatean hor barruan nahastuta joan daitekeen guztia tratatzeko ere bai (organikoa, pilak, tramankulu elektrikoak edota poltsa batean sartu daitekeen edozer)?

Urko Apaolazak esan zuen duela sei urte idatzi zuen artikulu bikainean, eta komeni da gaur eta hemen errepikatzea. Cespa Ferrovial enpresa taldearen barruan dago, eta bertako lehendakari orde gisa agertzen da Santiago Bergareche; eta begira, begira, enpresa gizon hau Vocentoko zuzendaritzan dago, gipuzkoarroi dagokigunez Diario Vasco. Duela urte batzuk Ormaiztegin egunkari honen aurkako kanpaina txiki bat egin genuen, eta tartean datu objektibo batzuk lortu. Hauek dira igande batean saltzen diren egunkarien emaitzak:

CESPA zabortegiaHau da: egunkariak saltzen aberasten naiz, birziklapena igo dezakeen guztiaren aurka joko dut ondoren sailkatu ez diren hondakinekin aberasteko, eta egunen batean, erraustegia egiten bada, ba primeran, zeren eskoriak nonbaiten sartu beharko dira eta han egongo naiz ni aberasteko (RESA enpresak egindako Ingurumen-inpaktuaren Ikerketa eta Proiektu Teknikoa dokumentua, 441 orrialdean). Badirudi aski ez duenak ez duela deus. 

Amaitzeko, mezu bat Gipuzkoako Foru Aldundiari eta bereziki bertan dauden goierritarrei, Markel Olano buru. Sekulako detailea izan da bonba hau hauteskundeak pasa eta berehala botatzea. Ahazten ez den detaile horietako bat.

CESPA zabortegia

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.