Boxealari izan nahi zuen gotzaia

Boxealari izan nahi zuen gotzaia

Boxealari izan nahi zuen gotzaiaBokazioa zuen, zinez, boxealariarena.

Eta izena.

Izana bakarrik zuen falta.

Baina bazekien ora et labora metodoarekin laster lor zezakeela hura ere izenaren estalpean.

Eta hartan ahalegindu zen, boxealari izana lantzen.

Halaz ere, ikasketa sakonak egitea falta baitzitzaion oraindik, batxilergoan ikasia zuen latin apurrak ez zion argi bereizten uzten boxealariak ostiatzaile ziren ala ostiario.

Izenak izen, bazekien edonola ere ostiak eta zartadak banatzen ikasi behar zuela ahalik lasterren.

Eta ekin zion entrenamenduari.

Eta lehendabizi, ostiak non erraz eman eta, jakin izan zuen apaizgoa zuela bide egokiena.

Eta apaiz egin zen eta berehala hasi zen ostiak banatzen, han eta hemen, zahar eta gazte, gizon eta emakumeen artean.

Baina haiek leun eta metaforikoegiak iruditurik, ahaleginak areagotzea erabaki zuen segidan.

Berak, izatez, Frazier eta Ali zituen gogoan.

     – Haiek bai ostiak, ematen zituztenak. Haiek bai eredugarri! -esaten zuen bere golkorako.

Eta hartan hasi zen zoro-moro.

Eta baita lortu ere hautatutako bidea urratzea, gotzai bilakatu baitzen denbora gutxian.

   – Benetako Ostiarioa zaitugu -esan omen zion ingurukoren batek, fedearen zaindaritzat edo hartuz.

     – Kategoria handiko ostiak bana ditzakeen boxealaria, beraz -pentsatu zuen berak segituan.

Eta orduan, Jainkoak lepotik errosarioarekin tinko lotua zuela, hasi zen hara eta hona ostiaka, bidean Foreman eta Urtain iruditzen zitzaizkion guztiak K.O.z garaitu eta garbitu nahian.

Eta bokazio sutsu hura sustatuz iritsi zen iritsi zen tokira: lehen mailako txapeldunen, edo beharbada hobe, mitra eta capelo-kapeladunen kategoriara.

Huraxe bai poza hark hartu zuena!

Behin buru-buru izanik eta karguari zegozkion infula guztiekin, erruz ateratzen zitzaizkion ostiak, benetakoak, hala ukabiletatik nola ahotik.

Baina ordurako ikasketa sakonak eginda zituenez, bazekien bere bandokoak ez zirenei baino ez zizkiela eman behar. Eta halaxe jokatu zuen aurrerantzean, baita jubilatutakoan ere.

Are gehiago, jubilatutakoan agertu zen benetako ostiario eta benetako ostiatzaile bezala, izan ere, santutasunaren aldarean zeukan diktadore doilorraren apologia egitea otu baitzitzaion kristau bezain piadosoa zirudien sermoi batean.

Eta haren ahots erlastuak, gurinezko hitzen artean, jolas demokratikoaren fruitu huts balitz bezala zabaldu zuen aspaldi jasandako diktaduraren izua.

Eta azkenean gailurrera iritsia ikusi zuen bere bokazioa: argi eta garbi erakutsi zuen bera zela demokraziaren OSTIATZAILE nagusia eta, hitzekin nahasketarik egon ez zedin, baita ideologia faxistaren betiereko OSTIARIOA ere.

Han zegoen bera, BRONKO BAREA, ukabila biak eskuzorrotan sartuta eta buru gainetik jasota, guztien aurrean, boxealari bihurtuta.

Eta sermoi apologetikoaren amaieran, bertan zeuden agintariek AMEN esan zuten, burua begirune handiz makurtuz.

(K.S.)

OSTIARIOA: latinez ostiarius, jagolea, zaindaria, zaintzailea.

Boxealari izan nahi zuen gotzaia