Birziklapenaren aldeko herri plataforma abian da Goierrin

Herri plataforma

Herri plataforma1998 urtean hasi zen Cespa “Palanka” baserri inguruko lurretan obrak egiten, Ormaiztegi, Gabiria eta Mutiloa artean. Zabortegira pisu handiko kamioiak iritsi zitezen aldaketan egin zituzten bidean. 2006an inauguratu zen zabortegia. 2015eko azaroan B3 hondakinak kudeatzeko baimena eman zion Eusko Jaurlaritzak Lurpe zabortegiari, eta 2016ko otsailean baimen gehiago. Mutiloako Udalak gutun bat bidali zuen Eusko Jaurlaritzara bere desadostasuna erakutsiz. 2016ko irailean hondakin ezberdin gehiago kudeatzeko eskumena ematen zitzaiela ikusita, udalak bilera eskatu zuen GHK eta Foru Aldundiarekin. Bilera egunaren bezperan zabaldu zen prentsa ohar bidez Lurpek jasoko zituela Gipuzkoa guztiko hondakinak.

Komeni da Sasieta zabortegiaren itxiera ere testuinguruan kokatzea. Zabortegi hau Beasainen kokatzen da, baina Ormaiztegitik oso hurbil. Hau da, ormaiztegiarrak bi zabortegi oso handiren artean daude. Sasietak bazeukan gaitasunak hondakinak jasotzen jarraitzeko, obra eta inbertsio batzuk eginez gero. Egungo arduradun politikoek sekulako presa zeukaten, ordea, eta zabortegi publiko bat itxi zuten 2,5 milioi euro ez gastatzeagatik; orain zeregin hori enpresa pribatu bati esleitu diote, 25 milioi euroren truke (18 milioietan geratu da Cesparen beherapenei esker, lehiaketara aurkeztu zen enpresa bakarra).

Gipuzkoan egun 165.000 tona zabor inguru sortzen dira, birziklatzen ez dena, alegia. Hasieran zabortegiak organikoak eta arriskutsuak ez ziren hondakinak kudeatzeko eskumena zeukan soilik. Egun Eusko Jaurlaritzak emandako baimenei esker denetik jaso dezake; baimen danak eman dizkiote (biltzarrean irakurri zen zerrenda eta amaigabea da), lehiaketara aurkeztu den enpresa bakarrari.

Debagoienatik bertako herri plataforma nola sortu zen azaltzera ere etorri ziren. Antzekotasun handiak daude bi egoeren artean. Gipuzkoako Foru Aldundiak Epele zabortegira bideratu nahi izan zituen herrialdeko hondakin guztiak urte hasieran, eta orduan ere prentsa bitartez izan zuten horren berri. Bertako herritarrak berehala mobilizatu ziren, eta dirudienez agintariek jo puntua aldatu dute borroka horren ondorioz; dena den, nabarmendu zuten ez daukatela erlaxatzeko inongo asmorik. Izan ere, Mutiloara 102.000 tona bideratu nahi dira urtero; beste 60.000 tonekin zer gertatuko den ez dakigu oraindik.

Goierri osotik Ormaiztegiko bilkurara hurbildu ziren 150 herritar inguruk ezezko garbia eman zioten proiektu honi, eta birziklapenaren alde eta ingurumenaren mesedetan lanean jarraitzeko borondatea erakutsi. Herri plataforma sortzeko bilkura datorren asteartean izango da, hilak 25, 18:30etan, Mutiloako plazan.

herri plataforma

birziklapena, cespa, Foru aldundia, gabiria, Gipuzkoa, Goierri, Herri plataforma, hondakinak, lurpe, mutiloa, Ormaiztegi, zabortegiak
Beñat Hach Embarek

Mairua naiz behelaino artean. Kolaborazioak GARAn; ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

Zer duzu buruan “Birziklapenaren aldeko herri plataforma abian da Goierrin”-ri buruz

  • PNV zuen poltsikoi beitzei utzi ta hasi herrin nahiek betetzen!!!! Ta zuek lau urten hain gogoko izan dezuen “herriaren borondatea” nun dao ba oain?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude