Biharko Izarrak pilota txapelketa azken txanpan dago

Lehenengo finalerdian Yoldik eta Aldapek 22-11 menderatu dituzte Elurbe eta Galarraga. Azken hauek faborito ziren, otsailetik hona jokatzen ibili diren ligaxka luzean -denak denen kontra- partidurik gehien irabazi dituzten aurrelaria eta atzelaria zirelako. Zortzinakora arte partidu gogorra izan da, baina handik aurrera urdinak erraz nagusitu zaizkie. Yoldik GRAVN txapelketako buruz buruko finala zergatik irabazi duen erakutsi du eta Aldape gehiago izan da atzean.

Argazkilaria: Kepa Aginako
Argazkilaria: Kepa Aginako

Finaleko beste protagonistak ostegunean (21:30ean hasita) erabakiko dira. Asko espero da bigarren finalerditik: Gorka-Larrinaga eta Rico-Merino izango dira aurrez aurre. Inaki Larrinaga elorriarra ez beste hirurak errioxarrak dira. Laurek Aspe edo Asegarcerekin aurrekontratuak sinatuta dituzte.

Biharko Izarrak txapelketan 18-23 urte arteko pilotariek parte hartzen dute. Finalerdietara sailkatzeko sistema berezia da. 24 pilotariak multzo bitan banatzen dira eta bakoitzean seina aurrelari eta atzelari daude. Multzo bakoitzeko aurrelariek atzelari bakoitzarekin partidu bana jokatzen dute; beraz, denak denekin eta denen aurka ibili dira. Partidu gehien irabazi dituzten bina aurrelariak eta atzelariak sailkatzen dira finalerdietarako.

Pilotariek badakite noizerik noizera enpresek ikuskatzaileak bidaltzen dituztela eta, hain justu horrexegatik, enpresek badakite beren burua erakutsi nahi duen pilotariak txapelketa hau egutegian gorriz markaturik duela. Bata bestearen akuilu dira.

Denbora baduzu zatoz finalerdiak zein finala ikustera, merezi du-eta.

Abadiñon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria