Bihar, ardien transhumantzia Zeanuritik Gorbeiaraino

Enrike Etxebarria bere artaldearekin, mendian gora.
Enrike Etxebarria bere artaldearekin, mendian gora.

Enrike Etxebarria 66 urteko artzaina da, eta horietatik 52 daramatza ardiekin lanean. 14 urterekin eskola utzi eta aita eta aititeren moduan, artzaintzara dedikatzen hasi zen. Urte guzti hauetan bizileku duen Elexartza baserriaren gotor den Gorbeia inguruan egin du behar.

Negu partean baserrian izan ohi du artaldea, berak, uda amaieran, ebakitako belar sikatuak jaten. Udaberriaren itzulerarekin, Gorbeiako Arrabako lautadak elurra galdu eta belar freskoa izaten du berriz ardien zain. Aurreko urteetan Maiatza aldera egin izan du larre aldaketa Etxebarriak, baina aurten, arrazoi pertsonalengatik Uztaila hasieran egingo du.

Etxebarriarekin batera egiteko transhumantzia, bihar, goizeko 8:15etan hasiko da Zeanuriko plazan. 9:00etarako Elexartza baserrira ailegatuko dira eta bertan egongo da zain artzaina. Txakurrekin ardiak pilatu eta bedeinkatu egingo ditu, Gorbeiarantz abiatu aurretik. Ana Mari Etxebarriak, Enrikeren arrebak, bedeinkatu ohi du artaldea; ereinontza erramu batekin ardiei ur bedeinkatua bota eta “San Joanek jagon daizala Arrabako landan!” esaten du emakumeak.

Hori eginda bidea hasiko du taldeak. Kereixako Atxera heltzean, telebistako kazetariek zenbait galdera egingo dizkiote eta Ipizki Taldeko kide batek Adarra joko du, aspaldi egiten zen moduan. 10:30ak inguru Pagomakurrera iritsiko dira mendi goizaleak, eta 11:00ak baino lehenago Arrabako landan egongo dira. Bertan, ardiek, belar freskoaz gozatzen hasiko dira lehen mementotik eta, ibiltariek, gura badute, Enrikeren borda ezagutzeko parada izango dute. Atsedenaldiaren ostean, beherantz abiatzen dira denak berriro, Enrike salbu, eta 14:00etarako Zeanuriko plazan izango dira atzera be.

Igandetik San Inazio egunera arte –Uztailak 29- egongo da Etxebarria han goian; egunean birritan ardiak batuz, goizez gazta eginez eta gau partean dastatzeko altxor hauei buelta emanez.

Zin dagit esperientzia benetan ederra dela Enrike Etxebarria artzainaren larre aldaketan parte hartzea. Ipizki Taldeak, Zeanuriko baliabide naturalak eta historiko-kulturalak aurkitu, berreskuratu, ikertu eta ezagutzera eman gura ditu bere ekintzekin.

Enrike Etxebarria, Gorbeia, Larre aldaketa, transhumantzia, Zeanuri

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude