Bi herri, desio bakarra: Independentzia!

Saharako uztaileko brigadaren azken kronika.

Lehen asteko egunen abiadura azkarrak moteltzera egin du Ramadanaren eraginez, fenomeno erlijioso honek egunerokotasuna erabat baldintzatzen duela esan beharrean gaude. Eguneroko bizpahiru bilerak amaitu egin dira Sahara okupatuan, mugimendua etenda dago hirian arratseko zortziak hamargutxiagora arte, eta bazkaltzea bera ere zaildu egin zaigu. Orain ulertzen dugu beraz, bilera guztiak lehen egunetan burutzearen zergatia.

Abiadura moteldu arren, guk El Aaiunen jarraitzen dugu, badugu eta oraindik zer ikusi, ikasi eta bizi errealitate ezberdin honetan murgildurik. Uztailaren 9an ramadana hasi aurreko gauean, gure nagusi jaunaren guraso eta senideak ezagutzeko aukera izan genuen, plazer handi bat, eta guretzat prestatu zuten afari oparo zein ederra amaitu ezin izan bagenuen ere ikaragarria izan zen gaua. Brigada osoan zehar sekulakoak izan dira, bazkari, merienda zein afariak, Sahararren abegikortasun ukaezinaren isla.

Uztailaren bigarren astean berriro ere hondartzara itzultzeko aukera izan dugu, gure kabuz. Txango hauetan ere polizia eta militarren kontroletan gelditzea beste aukerarik ez dugu izan. Jendez beteriko taxiek badute beren xarma, esperientzia bitxiak bizitzen direla ikusi baitugu berriro ere. Hiru euskaldun, marokoar kolono bat, bi emakume Saharar eta gidaria, nahasketa zinez kontraesankorra, are gehiago, polizia eta militarrak gehituta. Umoreak baina ez du huts egin bidaian, eta hizkuntza berean mintzatu ez arren, horrek ez zuen zaildu emakumeen abegikortasuna, konturatu gabe haien etxean baikinen, eta haiek ramadanean egonik ere guretzat bazkaria prestatu nahian utzi behar izan genituen, eskaintza eskertuz, noski.

Hurrengo txangoa ezberdina izan da, El Aaiun eta hondartzaren artean kokaturiko dunak ezagutzeko aukera izan baitugu. Paraje zinez ikaragarria marrazten da bertan, areazko mendi horiek non amaituko ote ziren imajinatu nahian aritu gara, erantzunik jaso gabe. Bertan bizi den lasaitasuna ere sinestezina zen, haizearen doinuak soilik biltzen baititu gure hitzak bertan; El Aaiuneko auto, jende zein abereen zarataren aldean, isiltasunezko paradisua. Eguneko gosaria aldiz hondartzako haima batean egin dugu, arratsaldeko zortziak hamargutxiagotan. Bitxia izan da, guretzat afaria zena haientzat gosaria izatea, baina gizakia errealitate guztietara ohitzen da, eta gu ere ohitu ginen eguneko bigarren gosarira. Hondartzako haima aipatu dut, baina zehaztu beharrean aurkitzen naiz, izan ere 2011ko Gdemin Izik-eko kanpamentuaren ostean debekatuta dute sahararrek beren kulturaren ardatz den haima erabiltzea, eta hortaz, hondartza ondoko terreno partikular batean egin behar izan genuen gosaria (edo afaria), poliziarengandik ezkutatutako haima batean.

Hurrengo egunean MINURSOko komunikazio arduradun den Enrico Magnanirekin bildu gara, NBEen misio honen lana zertan den gertutik ezagutzeko. Azaldu diguna ez da berria izan, aurretik prestaturiko gidoiaz soilik mintzatu baita, MINURSOren zeregin mugatuen inguruan hain zuzen ere. Erakundea 1991an sortu zen etorkizunean Saharar lurraldean burutu beharreko autodeterminazio erreferenduma prestatzeko, baina lan garrantzitsuena 1994 eta 2004 urteen artean burutu zuen, erreferenduma gauzatzeko hauteskunde zerrenda burutzearekin. Egun, hainbeste buruhauste sortu zituen zerrenda hori Ginebran dela azaldu zigun, Marokoar gobernuak hura ezetsi zuenetik etenda baita erreferendumaren gaia. Bestetik, arduradunak azaldu digunez, MINURSOren beste funtzioetako bat lotsaren horma inguratzen duten minak kentzea da, baina dirudienez lan hori GKE batzuen esku dago, egun, beraz erakundeak ez du egiazko lanik egiten horren inguruan. Gure itaunketen aurrean ezkor azaldu da Enrico, beraien zeregina NBEko Kontseilu Orokorraren erabakien araberakoa dela argudiatuz eta misioa oso txikia dela etengabe azpimarratuz.

Bilera honetan argi gelditu zaiguna erakundearen porrota izan da, arrazoiak arrazoi, egun ez baitu saharar eta marokoarren arteko gatazka konpontzeko inongo funtziorik. Alde batetik erabat etenda dago erreferendumaren gaia eta bestetik Giza Eskubideen urraketen aurrean gor eta mutu agertzen da, Kontseilu Orokorrak funtzio hori eman ez diolako aitzakiapean, baina funtzio horren beharra exijitu gabe.

Hala, bada, azken eguna ere heldu da El Aaiunen, eta ondorioz bertan ezagututako jendeari agur esateko ordua. Agur esatea beti izaten da gogorra, baina etxean bezala hartu gaituen familia berri honi agur esatea are zailagoa izan da. Etxean bezala diot, baina are gehiago, beraien etxea gure etxea dela sinestarazi digute, eta ez dakigu nola eskertu, hitzak motz gelditzen baitira horrelakoetan. Ez dakigu nola eskertu horren egoera gogorra bizi duen jendeari duten guztia guri eman nahi izana, trukean ezer jaso gabe. Negar malkoak itsatsi dira zenbait aurpegitan, baina hartu gaituen sendiari agur esan ostean autobusera igo gara hamabost orduko bidaia luzeari ekiteko, berriro ere marokoko lurretara itzuli eta etxerako bideari hasiera emateko.

Bidaia luze honetan ere hainbatetan eskatu digute pasaportea, ohiko bihurtu dira polizia ezberdinen kontrolak, bospasei inguru, baina gutxienez El Aaiunen gure itzal fidelak izan diren horietaz desegin gara, El Aaiunen utzi baititugu gonbidatu gabe izan ditugun bidailagunak. Dena den, brigada ez dugu oraindik amaitu, izan ere Marrakechen baditugu oraindik bi zita.
Gaurko beroa iragan ostean, Via Democratica alderdi marokoarreko kidearekin, Rchdi Moustapharekin, bildu gara Marrakecheko kafetegi batean. Hizkuntza zailtasunak medio  (frantsesez mintzatu behar izan baikara), ulertzea lortu dugu. Bera kide den alderdi politikoaren lana azaltzeaz gain Gdeim Izik-eko kanpamenduen auziagatik epaitutako 25 kideen defentsa burutu du abokatu gisa, eta epaiaren funts gabetasunaz mintzatu zaigu luze eta zabal. Txalotzekoa da, zinez, Via Democratica alderdiak egiten duen lana, instituzioak izan ezik jendartearen beste alor guztietan aritzen baita herriarekin lanean. Rchdi-k azaldu digunez, instituzio eta hauteskunde guztiak boikotatzen dituzte, izan ere, egun Marokon indarrean dagoen konstituzioa ez dute onartzen. Behin eta berriro gobernu marokoarraren izaera totalitarioa azpimarratu ondoren, gure kezka eta galdera guztiei erantzun die.

Eta oraingoan bai, brigadaren azken eguna heldu da, eta horrekin batera azken bilera burutu dugu, Marokoar Giza Eskubideen elkartearekin (AMDH). Heldu bezala azaldu digute gure harridurarako haiek ramadana egiten ez badute ere, ezin dutela publikoan jan, edan ez erre egunez, izan ere estatu konfesionala izanik Marokoko Kode Penalean jasota baitago ramadana ez burutzea kartzela zigorrarekin ordainduko dela, guretzat sinestezina. Giza Eskubideen elkarte gisa Saharar errealitatearen inguruan burutzen duten lanaz mintzatu zaigu Omar Arbit, beren elkartearen zeregin handietako bat baita Saharar auziaren inguruan burutzen duten lana.

Marokon giza eskubideen aldeko elkarte ugari daude, baina azaldu digunez, haiek dira Sahararen aldeko konponbide demokratikoa defendatzen duten bakarrak (kuriosoa, Marokok auzi honetan giza eskubide urraketei dagokionean duen erantzukizuna kontuan hartuta). Hori dela eta, elkarte honek presio handiak jasan izan ditu eta zailtasun handiak izan ditu beren ekinbidea normaltasunez egin ahal izateko. Gure galderei erantzun ostean, Euskal Herriko egungo egoeraz galdetu digu eta zur eta lur geratu da gure herrian 600 preso politiko baino gehiago daudela esan diogunean.

Elkarte honen irizpide moralen arabera, ez dute ez AEBetako ez eta Erresuma Batuko dirurik onartzen, giza eskubideen urratzaile nagusitzat baitituzte. Gure herriaren errealitatea kontatzerakoan, gatazkaren erantzule nagusi diren estatu espainiar eta frantsesak giza eskubide urraketa nabariak egin dituela eta egiten jarraitzen duela ohartu dira eta espainiar gobernutik jasotzen duten dirua kolokan jarriko dutela adierazi digute. Espainiar estatuarekiko boikot jarrera aztertuko dutela entzuteak izugarrizko poztasuna eman digu. Ikusiko dugu zertan geratzen den!

Marrakechen azken orduko erosketak egin ostean, aireportura heldu gara, gaueko 12etarako, gure herrira itzuliko gaituen hegazkina hartzera. Ekipajea fakturatu ostean, leihatilako neskak, hegazkina irteteko bi ordu falta direlarik, polizia kontrola igaro behar dugula eta, presa sartu digu.

Arraroa egin zaigu horrenbesteko presa, baina esandakoa egin eta polizia kontrolera joan gara. Gure harridurarako guretzat espresuki prestaturiko polizia kontrol bortitza aurkitu dugu. Eskuzko ekipaia goitik behera miatu digute, azken zirrikituraino. Paperak, ticketak, karterako txartel guztiak, betaurrekoen kutxatilak, argazki kamerak eta bertan zeuden argazkiak, ebookak… dena atera digute, gure ekipaia guztiz nahasiz.

Txakurrak, gosez, janari bila dabiltzanean bezala ibili dira, gure ekipaian zerbait usaindu nahian, nondik gentozen eta zein lan burutu dugun argi eta garbi zekien poliziak. Buruturiko katxeoa ere guztiz desatsegina izan da, inoiz bizitako desatseginenetakoa. Hegazkineko bidaikideek ere guztiz harrituta begiratu gaituzte kontrolean ginenean, inork ez du ezer ulertu, guk baina badakigu kontrol gogor horren zergatia, bidaiari deserosoak izan gara haientzat, errealitatearen behatzaile deserosoak, eta kikildu nahi izan bagaituzte ere gainontzeko brigadek errealitatea ezagutzen jarraituko dute, sahararrentzat ezinbestekoa delako.

Azkenik zinez, milesker brigada posible egin duzuen guztiei, gure ama eta aita izan zareten bikoteari (zuek badakizue nortzuk zareten), gutaz horrenbeste arduratzeagatik eta etxean bezala hartzeagatik. Zuen borrokan gogor ekiten jarraituko duzuelako inongo zalantzarik ez dugu, bi herri desio bakarra, independentzia; eta horregatik ziur gaude noizbait zuenera itzuliko garela.

Desio bakarra, itzultzen garenean Saharar herrira itzultzea, okupazioari aurre egin eta independentzia lortu duen herrira itzultzea, inshala!!!!