“Bi hamarkada Euskadiko migrazioari eta asiloari buruz hausnartzen”

Bi hamarkada Euskadiko migrazioari eta asiloari buruz hausnartzen – 

Joan den ostegunean, irailak 19, “Bi hamarkada Euskadiko migrazioari eta asiloari buruz hausnartzen” argitalpena aurkeztu genuen jardunaldian.

Berriro ere, eskerrak eman nahi dizkizuegu hogei urte hauetan egin duzuen ekarpen eta laguntzagatik.

Aurkeztutako dokumentuak helarazten dizkizuegu hurrengo esteken bitartez. 

MONOGRAFIKOA

DATUEN AURKEZPENA

Aurkezpena

Argitalpen honen helburua da azken bi hamarkadetako migrazio-fenomenoari buruzko zenbait gogoeta egitea, hainbat ikuspegi eta dimentsiotatik begiratuta. Aurretik, Ikuspegik eginak ditu jada hiru argitalpen monografiko, bat datozenak atzerritik Euskadirako migrazioen historian funtsezkoak izandako aldi nagusiekin: atzerritar jatorriko immigrazioaren hasierarekin (2004an), sendotze-garaiarekin (2010ean) eta krisi ekonomikoarekin (2013an). 2004an, Ikuspegik Euskadirako immigrazioari buruzko lehen urtekaria argitaratu zuenean, euskal gizartea fenomeno berri baten aurrean zegoen; fenomeno hori hasiberria zen, eta indarra hartzen hasia ere bai. Sei urte geroago, 2010ean, atzerritar jatorriko biztanleriaren ehunekoa bikoitza zen, eta etorkinen jatorriak dibertsifikatuta zeuden. Egoera erabat aldatu zen 2013an, Euskadira krisi ekonomikoa iristearekin batera. Izan ere, horrek, alde batetik, zapuztu egin zuen atzerritar jatorriko pertsona asko laneratu eta gizarteratu ahal izatea, krisiak enplegu asko suntsitu baitzituen eta, horrekin batera, baita bizi-proiektu asko ere; gainera, beste alde batetik, egoera horrek Euskadirako migrazio-fluxuak geldiarazi zituen, fluxu horiek lan-aukerekin baitzeuden estu lotuta. Hain zuzen ere, 2014an, Euskadi atzerriko immigrazioaren hartzaile bihurtu zenetik lehen aldiz, migrazio-saldo negatiboak erregistratu ziren.

2024an, hamar urte geroago, egoera oso bestelakoa da: zenbait krisi gainditu ondoren –ekonomikoa, sanitarioa eta humanitarioa–, eta hazkunde ekonomiko handiarekin bat etorrita, krisiaren aurreko erritmoan ari dira iristen atzerritar etorkinak Euskadira, eta orduko balioetara itzuli gara, beraz. Bi hamarkada hauetan aldaketa ugari izan dira: sozialak, demografikoak, ekonomikoak, politikoak eta lege mailakoak. Euskal gizartea ez da 2004ko bera, eta hogei urte barru ere ez da izango oraingo bera. Hortaz, Euskadiko migrazioen historiako beste mugarri baten aurrean gaude; izan ere, garrantzi handikoa da atzera begiratzea eta bi hamarkada hauetan izandako aldaketa garrantzitsuenei buruz hausnartzea, baina baita oraina aztertzea eta, agian, etorkizunari buruzko aieruren bat egitea ere.

Hori dela eta, Ikuspegin egokia iruditu zitzaigun ikuspegi eta lan-esparru desberdinetatik egindako hausnarketak eta analisiak partekatzeko gune bat eskaintzea, migraziofenomenoa hobeto ulertzeko baliagarria izan daitekeelako itxaropenean. Hogei urte hauetan informazio, ebidentzia eta datu asko bildu ditugu, eta horiek guztiak sistematizatzen eta laburbiltzen saiatu gara argitalpen hau osatzen duten hogei kapituluetan.

Julia Shershneva Zastavnaia
Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiko zuzendaria

“Bi hamarkada Euskadiko migrazioari eta asiloari buruz hausnartzen”

Inmigrazioaren Euskal Behatokia

Zer duzu buruan ““Bi hamarkada Euskadiko migrazioari eta asiloari buruz hausnartzen””-ri buruz

  • Migrazioa eta asiloa bi gauza arront ezberdinak dira. Ez Dute zer ikusirik.Era inmigrazioaren euskal ez dakit, vascoa izanen da, Euskalduna behar du.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude