Beti-bezperako koplak (Lujanbiok Faktorian)

MaialenLujanbio_foto300x168Beti bezperako koplak (Lujanbiok Faktorian)

Etzi da Santa Ageda, eta “Beti-bezperako koplak” eman ditu Maialen Lujanbiok gaur Euskadi Irratiko Faktorian (klikatu entzuteko), azpitik Xabi Erkiziak jasotako makil-hotsak lagun dituela.

.

Beti bezperako koplak (Lujanbiok Faktorian)Santa Ageda eguna,
beti bezpera duguna.
Ohitura batzuei ez zaie inoiz
iristen biharamuna.

Ezetza jaso zuen arrak,
gizonak, jainko lurtarrak.
Eta Ageda gure martiriari
moztu zizkion bularrak.

Aterik ate kantari gatoz,
makil eta ahots ozen gu.
Etxe honetako nagusi jaunak
etxeko andrea jotzen du.

Kolpe eta kolpe aldaba,
hotsa mututuz ahal bada.
Baserri honetako osaba zaharrak
erabiltzen du alaba.

Kalean jator zeharo,
etxean dena birao.
Senar onaren labanak zeuzkan
odol gorrizko bi aho.

Leihotik bota du haurra,
kolpez hausten da intxaurra.
Boterea ez da hainbeste aldatu
hogei mendetatik gaurra.

Aurrera goaz dena aldatzen da,
denbora pasa heinean.
Dena aldatzen da aldatzen ez den
oinarri baten gainean.

Beste zulo bat kiroldegian,
aldagela ohi den gizondegian.
Zulo bat berriz kiroldegian,
aldagela bat den andrategian.
Begi nini bat zulo erdian,
iltze zorrotz baten punta begian.

Labana zorrotz aortan,
garrasi min bat ahotan.
Zuhaitzak gizon bihurtzen dira
pasadizo itzal horretan.

Talde erasoan hiena,
pizti bakarrak nahiena.
Territorioa markatu nahia
Coloniako haiena.

Kalashnikov, bonba, makil,
bizitza merkeegi dabil.
Gerran gizonak hiltzen dituzte
andreak bortxatu eta hil.

Atseden bat eskopetak,
botak kendu eta apretak.
Neska gazte bat mereziko du
gudariaren apetak.

Adios orain esaten diot,
Santa honekin batean.
Beti bezperan bizi gaitezen
zorionez eta bakean.

.

 

* Irudia: Bertol Arrietaren argazki batetik.

Beti bezperako koplak (Lujanbiok Faktorian)

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.