Besteenganik ikasteko duguna

Azken hilabeteetan, agian Deiadar efetuarengatik neurri batean, Frantziako beste hizkuntza gutxituetako hainbat egitura eta jendeekin harremanetan egoteko parada izan dut. Ez nahi bezainbat denboraz eta ez nahi bezainbat gogokoak nituzkeen gaietan sakontzeko. Alabaina harreman batzuk bederen badira eta biziki atsegina da. Batez ere, inpresio hori egoera berean bizi diren beste langile batzuena, baldintza berdintsuetan, ipar berarekin eta gogotsu, tirahalan baina harremanetan aritzeko nahi argiarekin.

Emanak gara hurbilen, gehien ezagutzen eta eredugarrienak zaizkigun iturrietara jotzeari. Erran nahi dut euskararen gaia gu bezala tratatzen dutenengana jotzen dugula, naturalki horretara ekarriak baikira eta oker litzateke ez gisa horretan gertatzea. Ez du bere hortan deus txarrik, bistan dena ezetz, salbu, nola gerta, egoera desberdinak, denboraldi desberdinak direla, batzuetan horiekin izaten dela zailena elkar kurutzatzeko, elkar ulertzeko, probetxurik ateratzeko elkarrenganik, eta batzuetan ez da trukaketa bat izaten, norabide bakarretako informazio transferentziak baizik.

Bretoidarrak, Okzitandarrak, Kortsikarrak, denbora joan ahala aitzinatu dira, zituzten ahalekin eta anitzetan, nola ez, gu, euskalherritarrak, ukanik eredu.

Gaurko egunean, hizkuntza gutxituen aktualitatean berriak heltzen zaizkigu noizbehinka, ontsa xerkatuz geroz. Onak diot. Ez dira baitezpada animaleak, ez dute seguraski egoera iraultzen, haatik adibide onak dira eta ekimen baikorrak. Gurean duela aspaldi asmatu eta burutuak, geroztik ahantziak, edo oraindik proiektu mailan direnak. Gurean gauzatzeko baldintzarik gabe edo ukatzen dizkigutenak, beste leku batzuetan posibleak dira eta gauzatzen.

Bretainiako adibidea biziki adierazgarria da. Azken hilabeteetan, helduen irakaskuntzaren konfederazio bat eratze eta indartze lanetan ari dira, eremu zabalean barreiaturik diren 80 bat egitura, elkarte bilduz jadanik eta piskanaka amankomunean nahi dituztenak definituz (irakasle formakuntzak, bretoiera ikasteko baliabideak, eskaintza garatzea…) ; bestalde, euskara bizi publikoan sartzeko urratsetan jarraitzen dute (Diskvouarn egitura haur munduan bretoiera integratzeko, ya dar brezonneg justizia arloan ) ; hizkuntza erakatsia izateko eskubideak bermatze aldera ere zenbait gauza egin dute lan munduan (sei hilabeteko formakuntza alternantzian hizkuntza ikasteko eta egonaldiak eginez lantokietan imertsioan).

Okzitanian, hizkuntza mailaren aitortzasistema oso bat badute egituratua eta definitua, egokitzen dutena perfil profesionalaren arabera, eremu zabalean aplikatzen dutena ; politika publikoan hizkuntzaren kriterioaren txertatzeko ekimenak badira eta hola. Kortsikan, lurralde kolektibitate berezi bat eta honekin batera konpententzia berri batzuk uharteratuak dituztenez panorama anitz aldatzen ari omen da ; azken honetatik aldiz, ez dut berri anitz helduen erakaskuntzari doakionez.

Horien guzien kurutzatzeak on egiten du. Eta eginen lidake seguraski gehixeago, gai konkretuen jorratzeko tartea lortuko banu. Gu bezalako egoeretan direlako, gutxi edo aski. Batzuk baliabide gehiagorekin, besteak gutxiagorekin. Batzuk eremu zabalean. Besteak txikian. Batzuk herri sustengu handiarekin edo/eta maila instituzionaleko sustengua. Gureganik hurbil dira azken batean, ofizaltasun eta politika orokorrik gabe. Nola edo hala lanean ari dira. Espontaneitate handia ere dute. Ez dira beti proeiktu landuak, oso kalkulatuak … batzuetan besainka eginak ere badira, pizinara salto eginez. Baina zinez hurbilak. Hutsune frango dituzkete gure gisan seguraski.Bizkitartean pena dut, zeren informazio horiek guziak biltzeko kostatzen baitzait, agian ez naizelako kanal onetan sartua, agian ez dituztelako zabaltzen nik jaso eta ulertzeko gisan, agian ez naizelako haienganaino erraz mugitzen. Oroz gainetik denbora eskasean bizi bainaiz, denak bezala funtsean.
Dena izanik ere, espero dut berriki hasi harreman horietatik. Frango. Eta desiratzen dut ere, denbora doi bat gehiago ukaten ahal banu, kasu konkretuen berri xeheki hartzea.
Zeren batzuek lortzen ez duguna, egiten ez dakiguna, beste batzuek lortzen dute, asmatu dute. Zeren penagarria zait nola iragaten zaigun hain urria dugun denbora, ezin aitzina eginez. Penagarriagoak zaizkit gure gabeziak eta ezintasunak, oraino gehiago beste nonbait antzeko egoeretan asmatu dutelarik nola molda.

Argazkia: Atekagaitz by Jakes Larre

IRUTEN ARI NUZU