[Maltzaga V] Beste Maltzaga bat

Beste Maltzaga bat

Zer demonio da Maltzaga? (Beñat Hach Embarek)  [ Maltzaga I ]
Maltzaga hil da, gora Maltzaga! (Unai Oñederra)  [ Maltzaga II ]
Maltzaga reloaded: gerokoak geroko ez utzi (Mario Zubiaga)  [ Maltzaga III ]
Soberanismoa: Zein da abiapuntua? (Xabi Anza)  [ Maltzaga IV ]
Beste Maltzaga bat (Eneko Bidegain)  [ Maltzaga V ]
ZaMaltzaga (Unai apaolaza)  [ Maltzaga VI ]
Abia gaitezen (Miren Zabaleta)  [ Maltzaga VII ]
Trena Maltzagatik igaro da (Patxi Azparren)  [ Maltzaga VIII ]

Beste Maltzaga bat

Beste Maltzaga bat
Arg: Javier Bergasa, Noticias de Navarra

Maltzagaren metaforak ez garamatza bakarrik Telesforo Monzonen proposamenera, Lizarra-Garaziren ondorengo urteetan ere aipatu zen Maltzagaren ideia. Aipatu zutenak ziren Lizarra-Garaziko argazkia janzteko balio zuten eragileak, baina herri honetako eztabaida politikoan pisu gutxi aitortu izan zaienak. Ez EAJk, ez Ezker Abertzaleak ez zieten kasurik egin EA, Aralar eta ABren eskaerari. Lizarra-Garaziko giroa ez zen berriz sortuko, eta ez da berriz sortu… eta ez dirudi horretara goazenik. EAJ hotz dago independentziari begira. Alta, egin daiteke biderik independentziara buruz, EAJ gabe eta EAJren eta Ezker Abertzalearen betiereko kalapita segituz? Independentismoak nekez lortuko du batzuek aipatzen duten %85eko babesa, nukleo sendorik ez bada osatzen horren alde (artetik errateko: zergatik behar du independentismoak %85eko babesa, eta ez Espainiaren eta Frantziaren menpe egoteak?).

Euskal estatuak herritarren %85aren babesa izanen du, Euskal Herria aske izanen denean; ez lehenago. “Euskal estatua halakoa eta horrelakoa litzateke, hobeki biziko ginateke”… mila aldiz errepika daiteke, baina hori obratuko ez den bitartean, herritarrek ez dute ikusiko: erraza da paperean idaztea hobeki biziko ginatekeela (ados jarri behar, zer den hobeki bizitzea…), horrek ez du bermatzen sinestea gero gauzak hala izanen direla.

Ikastolak sortu zirenean, jende gutxik sinesten zuen eskola eredu ona zirela. Mesfidantzaz begiratzen zitzaien. Urteen poderioz, ikastolek frogatu dute ikasleek emaitza onak lortzen dituztela eta txikitatik bi hizkuntza ikastea aberasgarria dela haurrarentzat. Orduz geroztik hasi dira gero eta guraso gehiago erakartzen, mesfidantzak uxatu dituztenean. Ez ziren hasi milaka eta milaka guraso konbentzitu nahian, paperean idatzia zen eskola eredu bati buruz.

Beste Maltzaga bat
EH BAI-ko zenbait kide. Arg: Nahia Garat, Mediabask.

Independentziaren bidean ere berdin da. Sortu behar ditugu egiturak herri hau gero eta askeago izan dadin. Gaur egungo Maltzaga litzateke EAJ, EH Bildu eta EH Bai alderdi eta koalizioek gutxieneko akordio programatiko bat adostea, herriaren artikulaziorako, sendotzerako eta euskalduntzerako ezinbestekoak diren ardatzei begira: besteak beste hezkuntza, euskarazko komunikabideak, kirola, zatiketa administratiboaren ondorioak gainditzea eta abar. Eta Maltzaga berri horretarako bidean, gizarte eragileek, sektore ekonomikoaren edota kulturalaren hitza eta parte-hartzea ere funtsezkoak dira. Bestela, arlo horietan guztietan kolpeka segituko dute abertzaleek, eta horrela ez da sortuko herri hau askatasunera eramanen lukeen dinamikarik. Lehenesten bada EAJrik gabeko bidea, bi familia abertzale nagusien arteko lehiak eta talkak jarraituko dute ondorioak edukitzen beste sektoreetan. Eta horrek, azken urteetan kalte handia egin die Euskal Herriari, euskalgintzari, euskarari…

Herria gorpuzteak, hizkuntza sendotzeak, herriaren giharrak indartzeak eramanen gaitu independentziaren bidera. Eta horretarako, –barkatu, baina– kultura politikoa aldatu behar dugu eta –bai– EAJren eta ezker abertzalearen arteko hurbilketa bat behar da.

Beste Maltzaga bat
abertzaletasuna, askapen nazionala, Beste Maltzaga bat, euskal estatua, euskara, hizkuntza, maltzaga, nazio eraikuntza

18 pentsamendu “[Maltzaga V] Beste Maltzaga bat”-ri buruz

  • Egia esan behar da.
    EAJ eta ezker abertzalearen artean ez da izan elkar lanik inongo arlotan urte luzeetan. Lizarra-Garazi parentesi txikia eta halamoduzko espejismoa izan zen.
    Nola ezker abertzaleak dioen abertzalea dela eta EAJk abertzaletasuna sortu zuen eta partido bakoitzarentzat ikurriña da euskal bandera eta espainol muturrekoek abertzale deitutakoak zaku berdinean sartzen dituzten, lillura huts hauengatik ez dakit zer nolako batasuna ala amankomuntasuna eraiki beharko litzateke.
    Baina egia esan, EAJ gobernatzen duen leku guztietan eta ezker abertzalea berdina egiten duen lekuetan, bata bestearen alternatiba da eta alderantziz.
    Maltzaga, historia ikustea besterik ez da, eta lehenago “fronte abertzalea” ezker abertzalearen taktika absorbizionistaren arabera bultzatutako gauza bat izan da. Maniobra hauean nobleziarik ez, beti maltzurkeria eta gezurra tartean, soka azpiko desprestigio ideologikoa EAJren aurka tartean, eta sakonean euskal historiaren ikuspegi erabat sektarioa, non eta ETA sortu aurretik euskaldunok ginen atzerakoi-apezkoi koadrilla bat.
    Historiak demostratu du EAJk gauzatu duela bere estatuto proiektua. Ezker abertzalea hor dabil ordea bere ameskeri abertzalez mozorrotutako proiektu iraultzaileari tinko helduaz eta eredu sozialeko independentziaren antzeko engendroak erditzen dituela ELArekin batera.
    Baina hori bai, beti leial ezker abertzalea gatazka eta rollo txarra sortzeari, kontraesanak erein, zatiketa zabaldu, auzoz auzo eta herriz herri. Eta hauxe delarik gure errealitatea Eneko Bidegainek nahi du gauza potoloetan akordiorik egotea.
    Nola egongo da akordioa ezker abertzaleak ez badio aitortu nahi dugun markoari eta erakunde publikoei euskal burujabetzaren bideko erro eta mugarri izatea? Zilegi da abertzale ikuspegi batetik abertzale eta internazinalista izatea? Ez al da hau, historiari begira, ondorenek erakutsi duten bezala, timo erraldoi bat non eta denbora eta ilusioa galdu egin duten hainbat eta hainbat abertzale inuxentek?
    Nik uste dut onartu egin behar dela historiak erakutsi dituela EAJ eta ezker abertzalearen izaerak. Eta argi dago beren bideak beti aparte ibili direla. Zertara batera joan behar direlaren etengabeko matraka? Hemen borroka dagoelako sakonean, EAJre proiektoa izorratu nahi delako, euskal herrian ezker abertzaleak bere marko ideologikoaren hegemonia lortu nahi duelako. Azken batean, ezker abertzalearentzat pauso bat aurrera joatea EAJren hilotzaren gainean igarotzea litzatekeelako.
    Maltzaga, Lizarra-Garazi bezala, engainu itzel bat besterik ez da. Gauzak argitu behar dira, errekonozitu. Eta zoritxarrez ezker abertzaleak ez dio utziko bere ameskeri iraultzaileari eta beraz bere abertzaletasuna ez da abertzale izango.

    • Eneko Bidegain 2017-02-06 14:05

      Kaixo Bentazar.
      Kontua ez da batzuk Jainkoaren pare ezartzea eta besteak deabruaren pare. Ez dago jainkorik, ez deabrurik; ez dago gauzak bikain egiten dituenik edo dena oso gaizki egiten duenik. Baina elkar ezin-ikusi handia, bai, zure iruzkinak ederki islatzen duen bezala. Horrela, ez da egingo biderik independentziara begira; baina, bereziki, segituko dugu elkarri muturka egon daitezkeen sektore guztietan, sektore horien kalterako, eta ororen buru, gure hizkuntzaren, kulturaren eta herriaren kalterako. Eta horrela ez dago herririk altxatzerik.

  • Pat Garrett 2017-02-06 14:34

    Eneko, EAJ lortzen ari da bere proiektua aurrera ateratzea eta herria bere erara altxatzea, orain eta hemen, arrakastaz gainera, eta egiteko horretan gure hizkuntza eta kultura ez dira akuilu sinboliko eta folkloriko bat baizik, abertzaleen parte bat erakartzeko, eta ez funtzezko ardatz estrategikoak. Eta EAJri ondo doakio zeren ustiatzen ditu kapitalismoaren balio sozial behinenak: egoismoa, alienazioa, kontsumismo itsua eta Espainia penagarriarekiko konparazio etengabea. Ezker abertzalearentzat, aldiz, gure hizkuntza eta kultura inportanteagoak bide dira, bai, baina nire ustez ez zentralak, eta botoa askotan eman badiot ere, pikutara bidaliko nuke baldin aukera politiko euskaltzaleago bat sortuko balitz.

  • “akordio programatiko bat adostea, herriaren artikulaziorako, sendotzerako eta euskalduntzerako ezinbestekoak diren ardatzei begira”
    Foru-aldundien eta hiriburuetako udaletxeen aurrekontuetan ikusten ari gara alderdi bakoitzaren lehentasunak:
    -Aulkian eroso segitu ahal izateko aurrekontu posibilistak aurkezten ditu EAJk, ezer aldatu gabe eta argazkietan eta telebistan ondo orraztuta eta alkondara zikindu gabe agertuz
    -Ezker Abertzeleak ez dio protagonismoaren monopolioa utzi nahi EAJri eta erabateko markajea egiten dio beti, txikikerietan bada ere.
    – Podemos-i ezkertasunkeria adoleszentea irteten zaio bat-batean, eta Estatuari eskatu beharko lizkiokeen eginkizun sozialak udal edo diputazioenak direla esanez, muturturik ateratzen da beti plenoetatik.

  • Zer kontxo artikulatuko dute Herria zer den ez dakitenek?
    Zer sendotuko dute preso politikoen familiarren aldeko manifa batera joateko adorerik ere ez dutenek?
    Eta bide batez: zer da euskalduntzea eta euskalduntzerako ardatzak finkatzea? Batarrikak lehen eta Dobaranek orain egiten ez duten hori akaso?

  • Bide onetik goaz!
    Bagoaz!
    Joaten ari gara!

  • Joanak gara dagoeneko!

  • Kaxo Eneko.
    EAJ eta ezker abertzalea ez dira gauza berdina eta ez dituzte ardura berdinak. Eta esan dizudan oztopo ideologiko hori hortxe dago, Pat Garretten esanetan: kapitalismoaren kontra joan behar dugu euskaldunok. Eta gero segidan esaten du gehien inporta zaiona euskara dela. Betiko ezker abertzalearen hitz potolkeria.
    EAJk ez ditu askota gauzak egingo euskara mailan baina bera izan zen ikastolen eragile eta oraingo hezkuntza publiko euskaldunaren sortzaile, ezker abertzaleko mutikoak tiroak botatzen zituzten bitartean.
    Gaur egun gure herrian euskararen inguruko akordio eraginkor bat egon dadin ezker abertzaleak bere ideologia saboteatzailea eta gatazkatsua kendu beharko lituzke. Oso gauza zaila ezinezkoa ez bada.

    • Pat Garrett 2017-02-06 21:25

      Hala da, nire iritziz kapitalismoa eta euskara normalizatua inkonpatibleak dira, non ez dugun gizarte benetan euskaldun bat sortzen, baina hori ez dago PNVren asmoetan.

      • Euskara kapitalismoaren aurretik jaio zen, kapitalismoan bizi da eta kapitalismo ostean bizitzeko ez du behar urriko iraultza frakasatu eta odoltsuaren estigmarik eraman behar. Benetan gizarte euskaldun bat nahi baduzu hasi zaitez ez euskaldunak iraintzen, EAJn ez garela gutxi.

        • Pat Garrett 2017-02-06 22:26

          Ezker abertzaleari diozun ezinikusi patologikoak euskaldunen erdien baino gehiagoren kontra jartzen zaitu, batez ere kontuan harturik zuk bezala pentsatzen ez duten guztiak automatikoki ezker abertzalearen zakuan sartzen dituzula. Agian zuk ez duzu nahi gizarte euskaldun bat, eta euskara jakiteak ez zaitu normalizaziaren aldeko egiten. Begira Gorka Maneiro bestela.

  • Beñat Hach Embarek
    Beñat Hach Embarek 2017-02-06 17:01

    Aupa Eneko!
    %85aren babesa esaten denean, ikuspuntu praktiko batetik aztertu nahi nuke. Munduan zehar eman diren aldaketa prozesuak denboran irauteko bermea izan da Herria. Parez pare dauzkagun etsaiei neurria hartuta herriaren zati handi baten bermea eta indarra behar dugu geure pausuak atzeraezin bilaka daitezen.
    Guk herriaren bermea behar dugu, eta estatu okupatzaileak estatu direlako ez dute behar. Nigatik balitz ez litzateke autodeterminazio prozesurik egon behar Mendebaldeko Saharan, ez eta hemen ere; okupatu gintuzten, bada ospa. Esan nahi dudana da konpartitzen dudala zure irakurketa ikuspuntu etiko batetik, baina praktikoan agian ez.
    Euskadi Buru Batzarrak ez du prozesu independentistarik nahi, Bentazarrek oso ondo dioen bezala, jakin badakitelako prozesu iraultzaile bat izango dela bere horretan. Hala ere, Ezker Abertzaleak azken urteetan agertu duen jarrera ikusita ez daukat zalantzarik eskua luzatzen duten unean jaso eginen dutela; askok horregatik kritikatu dute EHB edota Sortu, EAJ-ri merezi ez duen zentralitatea emateagatik.
    Ekiten jarraitu dugu fronte ezberdinetan zure idatzi amaierako tesiari forma emateko, ahalik eta bidaide gehienekin: Herria gorpuzteak, hizkuntza sendotzeak, herriaren giharrak indartzeak eramanen gaitu independentziaren bidera. Herrigintza eremu oparoa da horretarako.
    Mila esker Eneko, ondo bizi eta segi bizkor!

  • Manex Gartzia 2017-02-06 23:02

    Kaixo guztioi. Nere ustez EAJ, EH Bildu eta EH Bai alderdi eta koalizioek gutxieneko akordio programatiko bat adostea, herriaren artikulaziorako, sendotzerako eta euskalduntzerako ezinbestekoak diren ardatzei begira , ez luke eraginkortasun handirik lortuko , ez bada elite eta buruzagi abertzaleen arteko argazki irrifartsu eta dotore bat edo beste, eta aparteko prozesurik gabe.Agian programa ta politika on batzuk jarriko lirateke martxan . Ziurrenik , bai.

    . Nere ustez burujabetzan eta euskalduntzean aurrerapasu eta lorpen nabarmendak( euskal estatu burujabe euskaldun baten sorreraren posibilitatea barru)behetik etorriko dira eta eskubide sozialen inguruko borroketatik,euskaraz bizitzeko eskubidea eskubide sozial inportantea eta ardatzazkoa delarik motore aldarrikatzaile traktore horretan. Herri mugimendu bizia burujabetzaren aldekoa prozesuaren gidaritzan parte erabakitzailea duelarik.Nik horrela ikusten det gipuzkoako lurralde hauetatik behintzat.Euskal herriaren parte honetarako burujabetzarako herri prozesu eraginkor ta progresiboari begira orain gutxi ELAko idazkari ohiak azaldutako hausnarketekin egiten det nik bat , hau da fase honetan EAJ gabe egin behar dela burujabetzarako indar metaketa fase honetan . Gero gerokoak, hau da ailegatuko direla , kapaz badin bagera abertzale guztiok bat egiteko fasea, behar dena egikaritzeko .

    Baina gaur egun, ez dago girorik ezta burujabetza programa posiblerik , naiz ta denok egon euskararen alde noski, nere ustez . Eta jose elorrietak jaurtitako idei eder eta azertatu horiek bideratzeko animo ta konbentzimendu naikorik ez dago herrian , agian hori ere hala da . Tira , ba bitartean, ahal deguna egingo degu, demonio,hor dago gure esku dago, euskalgintza, euskaraz saiatuko gea bizitzen , herri mugimenduan parte hartzen , eta animoa ez galtzen.

  • Ene Manex, ezker abertzaleak egunotan duen agenda politikoa ezin hobe plazaratu duzu eta zure sintesi lanarengatik eskerrak ematen dizkizut.
    Burujabetzaren aldeko metaketa EAJrik gabe, hori da zuen helburua eta txoratzen ari naiz inbento hori ikusteko nahian.
    Eskerrik asko Pat Garrett nire buru apala Gorka Maneirorekin konparatzeagatik. Ezagunak eta aidekoak ditut ezker abertzalean eta beraiekin ez dut arazorik. Zu bezalako fanatikoak ordea dira ezker abertzalearen linea ofizialaren eredu dira. Portzierto, euskaldun erdia baino gehiago ez da ezker abertzalekoa, soziologia piskat egin tzazu. Falta zitzaiguna oraindik hastea “gu ara euskaldunon maioria”.

    • Manex Gartzia 2017-02-07 22:38

      Aupa Bentazar . Inbento hori nere herrian burujabetzari buruzko herri kontsultaren dinamikan ikusten ari da . Bola earra , herritarra, inklusiboa, burujabea, euskalzalea, honestoa.

  • Manex Gartzia 2017-02-07 22:45

    Eta bola earrak , bihurtu daitezke olatu; nork daki?

  • Manex Gartzia 2017-02-07 22:49

    Agian katalanak pulamendua eginez gero goaz atzetik .

  • Manex Gartzia 2017-02-07 22:50

    Sardanaren erritmoan, to!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude