Besarkadak balio baleza!

OTYw

Herri honetako jenderik gehienak badaki gizon horiek ez direla ETAkoak. Eta kiribilaren kizkurrik sinesgaitzenaren altzoan, hala balira ere egiazki, hori esaten duenari dagokio frogatzea: zer, noiz, non, norekin eta nola. Bat banaka hartuta, gainera. Horixe agintzen du legeak. 

Bai, Legeak asko dio, zinez. Ezin dela komunikabiderik itxi, esate baterako. Hori ere badio. ETAk jarri ei zuen dirua EUSKALDUNON EGUNKARIA sortzeko. Orain ahaztua duten akusazio horrexen aitzakian itxi zuten EUSKALDUNON EGUNKARIA: ETAk dirua jarri zuela. Gaur ZuZeu honetan gabiltzan batzuk, garai hartan ez ginen oso urruti ibili , Sortzaileetakoak izatea egokitu baitzitzaigun. Guk ez genuen sekula halakorik ikusi, ez ETArik ez bestelakorik. Baten bati balio badio, zin dagigu hori.

Euskal jendeak jarri zuen han dirua, eta nola, gainera. Bonoak, jaialdiak, akzioak, zozketak… Komeni da aitortu eta gogoratzea hori: euskaldungoak jarri zuela dirua, eguneroko egunkaria beharrezkoa zela ikusirik.

Egunkariaren sortzaileen arazoa horixe izaten zen, hain zuzen ere, legez eta euren erabakiz, ezin zutela izan EGUNKARIAREN herena baino gehiagoren jabe. Beste heren bat enpresek osatuko zuten eta hirugarrena, jendeak, pertsonek, akziodun norbanakoek. EUSKALDUNON EGUNKARIA ez baitzen inorena izateko jaio, denena izan zedin ez bazen. Eta, esan bezala, horixe zen arazoa, jendeak sortzaileen izenean jartzen zuela dirua, hainbestekoa baitzuten pertsona haiengan konfiantza. Eta hauek ezin zutela halakorik onartu nahita ere, sortzez baitzioten horixe euren buruari debekatu.

Alferrik, izango da ordea, milagarrenez gauzak kontatzen ibiltzea. Sasi demokrazietan gu bezalako txikiak ez du lekurik izaten eta uniformizazioa nahasten da berdintasunarekin. Horregatik izango da beste hamaikatxo lagun ikusiak ditugula gartzelako atetik barrura sartzen, ziegetan urteak bidegabeki egiten, batere frogarik gabe zigortuak, inongo atentatu edo ekintzatan sekula parte hartu gabekoak izanagatik: denak ETAkoak. Espainiako partean Legea eta Justizia bat eta bakarra direlakoan bizi baita ia mundu guztia.

Gure artean, ordea, egia esan behar bada, errugabetasunez eta libre aterako direla pentsatzearen gainetik,  izua dabil. Hobe bai erratuko bagina!

Askok uste dugu, froga ezaren gainetik, errugabetasun agerikoaren ondotik ere, zigorra etorriko dela. Esango genuke horixe uste dutela auziperatuek eurek ere: zigorren bat etorriko dela nolabait, ezin jakin zenbatekoa eta nori. Horixe.

Baten batek usteko du ezkor gabiltzala eta ez dugula sekula asmatzen gure pronostikoetan. Egia da hori zinez, eta hobe berriro ere egia gerta baledi! Baina baditugu pare bat kontu, gure itxaropena lanbrotzen dutenak.

Nola utziko dituzte libre eta errugabe hainbesteko zalaparta egin eta gero? Zein aurpegi jarriko diete Madrilgo epaile eta agintariei, egunkari bat itxi, eta handik zazpi urtera, akusatuak errugabe baldin badira? Arrazoirik gabe itxi bada komunikabide bat? Zer esango du Europar Batasunak? Zer Nazio Batuetako Erakundeak? Zer, gainerako guztiek? Nola utziko dute Espainiaren irudia era horretan kaltetzen?

Beste kontu bat ere badago kezkatuta egoteko: bost akusatuak libre irtengo balira, seguru asko idemnizazio eta kalteordain eskaerak jarriko dira auzitegietan, Espainiako estatuaren kontra, egindako kalte itzelagatik. Eta bide hori ere eten nahiko dute, seguru asko, kondenaren batekin.

Horiei bi arrazoiei gehitu Audientzia Nazionalaren eskutik ezagutzen dugun tradizioa eta normala da kezkatuta egotea. Ez genuke nahi, baina halaxe gaude, guztiz kezkaturik. Ez baikara fido, ez eta gutxiagorik ere, herri bat eta kultura oso bat suntsitzeko helburuarekin elikatzen den Audientzia Nazionala epaitegi baino, zigortegi baita guretzat, ez kasualitatez jaio baitzen, Francoren Tribunal de Orden Publico, faxisten tresna bidegabe hura, hil zen une eta leku berean.

Izanak izan, indar egiteko tenorea da orain. Elkarekin eta elkarren ondoan, denok batera geure babesa eta laguntza emateko ordua. Besarkada estu batean denok murgiltzeko.

Epaiketa zuzenean.

Egunkaria auzia.

Hasi da epaiketa.

Twitterren ere ari dira zuzenean Egunkaria auziaz, gehiena gaztelaniaz bada ere.

 

HTML Kodea

Irudia | Egunkaria libre | Joseba Barrenetxea (baimenarekin) | LGPL

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.