(Ber) ikasten

Sorgin egun batean gertatu zen dena, euria eta eguzkia aldi berean egiten duenean esaten da Lekeition sorgin eguna dela. Leihotik erreparatuz, eguraldiari so, ze oinetako jarri pentsatzen zebilen emakumea, zalantzati. Aukeratu zuen azkenean, egokiena iruditu zitzaion zorua. Erabaki azkarra izan arren, ondorio luzea ekarri zion.

Ez zebilen arineketan, ez zeukan inongo ezta inorako presarik, ezta patuak ere antza denez, azken honek ere ez baitzekien zer gertatuko zen, nik uste. Erloju bat erosi berri zuen, ze ordutan bizi zen ez jakitera ohitua zegoen alabari. Erloju handi bat, egur itxurako markoduna, sukaldean jartzeko, handia. Ez zuen denbora beharrik, beraz, gainean zeraman. Baina bizitzaren kontraesanak, erabaki bat denboraz hartu ez izanagatik, espaloian irrist egin eta erori egin zen, erlojua lurraren kontra zanpatuz.

Marina Landari Flickr-etik hartutako argazkia.

Denbora da amak hainka puskatu zuena, bi tokitatik puskatu ere. Nire erlojua ondo dago ordea, ondo ematen du ordua, denboraz dabil. Zarata arraro bat egiten du, baina. Kafe-makinak egiten duenaren antzekoa, amaren gertaera mingarriaren oroitzapen gisa. Lurraren kontra zanpatu zueneko oihua, edo hankako hezur birek egin zioten kraskadaren oihartzuna. Ez dakit, baina ez zait gustatzen, eta gustatzen zait, ama datorkit burura orduro eta.

Duela hilabete biko kontua da hau, nahiz eta hanka bat puskatzea gauza normaltzat daukagun oso gaizki eraman dudan kontua, hain justu. Ama oinez egiten ikasten ikusi dut. Ama oinez egiten ahaztuta ikusi dut, ezinetan, ez-gaituta. Ama, niretzako dena den hori, ezereztuta. Beti martxan zebilen hori, geldirik. Etxeko zeregin gehienak egiten zuena, zeregin barik. Arraroa, baina komenigarria gauzak beste angelu batetik ikusteko, bakoitzak nahita edo nahi gabe hartutako papera beste batek antzeztu dezakeen ikusteko, esate baterako.

Amagandik ikasi dudan gauzarik garrantzitsuena, eta beti buruan daukadana, gauza bat gertatzen bada gertatu behar zelako dela da. Hala izan behar zuen, eta kitto. Komeniko litzaiguke egunerokoan hain ohikoak diren gauza batzuk berrikastea, aurrekoaren oroitzapen zantzu bat izan arren, baina ahaztu eta berriro egiten ikasi, gauzak beste prespektiba batetik ikusten ikasteko. Erlojuari kolpe bat eman eta denboraren mugekin ez bizitzen, esate baterako.

Ahantzi edadeak - Kazetaria eta sare sozialetan aditua. Hara eta hona bideak egiten. Batzutan geldi, baina ez gehiegi. #Umorea #Blogak #Euskara