Benito Ansola saria, Maria Elorza, Maider Fernandez eta Aitor Gametxorentzat

Ia urtebeteko ibilbidearen ondoren, larunbatean jakin genuen, Lekeitioko Zine Bilerako amaiera ekitaldian, nork irabazi duen aurtengo Benito Ansola (ikus-entzunezko proiektuak ekoizteko) saria. Bigarren edizio honetan, Maria Elorzak (Donostia, 1988), Maider Fernandezek (Donostia, 1988) eta Aitor Gametxok (Lekeitio, 1989) lortu dute saria, “Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa” proiektuarengatik. Ikus-entzunezko lana ekoizteko 4.000€ jasoko dituzte, eta film laburra 2013ko ekainaren 28a baino lehen aurkeztu beharko dute. Tamalez, bigarren saria banatu gabe geratu da, epaileen iritziz gainontzeko lanek ez dituztelako kalitate irizpideak bete.

“Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa”, nolabait poetikoak diren euskarazko hainbat esamolderen hiztegi edo bilduma osatzen duen film laburra da. Honen bidez, galtzen ari diren hizkerak jaso nahi dituzte sortzaileek, eta aldi berean, Euskal Herriko erretratu liriko bat egin.

Benito Ansola Sariak Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak sortu zituen 2010ean, Lekeitioko Udalaren laguntzarekin, euskal kultura zabaldu eta ikus-entzunezkoen ekoizle gazteei laguntza emateko. Benito Ansolak berak eman die saria aurtengo irabazleei, eta orain lanean jarraitu beharko dute istorioa paperetik pantailara eramateko.

Datorren urteko Lekeitioko Zine Bileran ezagutuko dugu “Irudi mintzatuen hiztegi poetikoa”. Zorionak Maria, Maider eta Aitorri!