Bela Lugosi Sindromepean (Meltxor, Gaspar Eta Arturmas)

Bela Lugosi Sindromepean (Meltxor, Gaspar Eta Arturmas)

Eguberrietan gaude, eta urtero bezala, besta hauek ekartzen dituzten abantaila guziekin ari gara gozatzen: bazkariak eta afariak, opariak, gabon kantak –harategian, arrandegian, Eroskin, Carrefurren, irratian, telebistan– eta urteroko eztabaidak. Fite errege magoak etorriko zaizkigu –baina dagoeneko Euskal Herrian dabiltza: oker ez banabil, Bilbon, abenduaren 24an, Gaspar atera baitzen Olentzeroren ordez– eta errege beltzaren inguruko debatea egin beharko dugu nahitaez. Egiazko gizon beltz batek egin beharko luke Baltasarren papera, edo aski da gizon zuri batek aurpegia betunez beltzatzea?

Egia erran, nahi izanez gero, tradizioa gure beharretara moldatzen ahalko genuke. Testamentu Berrian ez da inon aipatzen errege magoak hiru zirenik, ezta errege zirenik ere –“Iayo cenean bada Iesus Bethlehem Iudeacoan regue Herodesen demboran, huna, Çuhurrac Orientetic ethor citecen Ierusalemera”, dio Mateok, aipatzen dituen ebanjelista bakarrak–, eta Erdi Aroko margo aunitzetan zuriak dira hirurak. Aitor dezagun, halere, gaur egun hiru erregeak –edo jakintsuak, edo direnak direlakoak– zuriak izan daitezela eskatzeak white supremacist kutsu desatsegina izaten ahalko lukeela –eta, beraz, hemen ez dugu horrelakorik eskatuko–, baina kontua errealismoa baldin bada, ez dakit nondik atera dugun Gaspar eta Meltxor euskal herritarrak zirela.

Nolanahi den ere, ni, kabalkadan, trabestismo guzien aldekoa naiz, eta urtero aldatuko nuke bai ikuskizuna –urte batean, izan daitezela bi errege beltzak; bertze batean, hirurak izan daitezela erreginak; hurrengoan, erregeak, berriz ere, baina haien papera bete dezatela hiru emaztekik–, bai hura justifikatzeko arrazoibidea. Bertzenaz, kutrekeria iduritzen zait errege beltza benetan beltza izan dadin eskatzeko motibo pisuzkoena: ez baita batere polita Baltasarrek haurren aurpegiak zikintzea musuak ematean.

Iruñean ere urtero izaten dugu eztabaida hau –aurten, berriz ere, Baltasar benetan beltza izan dadin eskatuko zaio desfilea antolatzen duen elkarteari–, baina alferrik izanen da naski, aitzineko urteetan bezala. Nik memoria dudanetik, Fernando Lizaur izeneko gizon batek, alegia erregeen kabalkada antolatzen duen elkarteko lehendakariak, jantzi du Baltasarren mozorroa urtarrilaren 5ean, eta orain zaila da erratea Iruñean zein den eztabaidagai nagusia, Baltasar aurpegia beltzatua daraman gizon zuri bat izatea, edo hiru errege magoak egiatan lau izatea: Meltxor, Gaspar, Lizaur eta honen egoa –azken hau, gainera, bertze hiruren tamainakoa baita–. Beraz, Baltasar zehatz horren burugogorkeria ere sartu da eztabaidan, kontua debate pertsonalista bihurtzeraino, eta aferak segur aski aise konponbide errazagoa izanen zukeen ditxosozko Lizaur hori tartean ez balitz. Nolanahi den ere, elkarteak batzar batean aztertu behar du Iruñeko udalak eta hainbat herritarrek eginiko eskaera hori; aztertu eta, uste izatekoa da, bozkatu. Polita litzateke berdinketa ateratzea.

Katalunian ere berdinketa atera zen joan den igandean CUP koalizioak egin zuen batzarrean, 1.515 botora. Hauteskunde kanpainan promes egindakoa betetzea, hautesleek zer nahi duten aintzat hartzea eta kontsultak egitea Espainiako demokrazian prozedura ezohikoak eta arrotz samarrak direnez, CUPeko batzarrari buruzko mota guzietako txisteak eta komentario ustez irri-emangarriak aditu behar izan ditugu egun hauetan: bileran, zailena omen zen CUPeko jendea konbentzitzea kanpora porro bat erretzera ateratzeko gogoari eusteko –kar, kar, kar: irri potoratuak, faborez–. Larria da –hala adierazi dute Espainiako zenbait kazetarik– herrialde oso baten patua hiru mila lagun ingururen esku egotea: demokrazia, mundu guziak dakien bezala, zera baita, herrialde baten patua esea gaizki ahoskatzen duen agure baten, bankuek ongi koipetu duten morroi baten, eta Susana Diezen artean erabakitzea.

Zutabe batean, Javier Vizcainok berak ere aprobetxatu du erakusteko –enegarren aldiz– munduan diren progre guziei arrunt goititik begiratzen diela; adierazteko, orobat, Kataluniako prozesuak seko aspertzen duela –baina, atera dezagun kontua, mundu honetan zerk ez du hain kazetari eskarmentudun eta zaildua aspertuko; eskerrak eman behar genituzke, oraindik ez baitu aspertzen bere asperdura irakurle segur aski aspergarri hauekin konpartitzeak–; eta nabarmentzeko, bidenabarkoan, prozesu katalanak, hemendik ikusita, gogo guti ematen duela –ematen diola berari, eta eman beharko ligukeela guri, segur aski– horrelako abentura bat abian jartzeko, hau da, aprobetxatu du EAJren ikuspuntuarekin bat egiteko –eta kasualitate hori, kazetari independente batengandik etorrita, eskertzekoa da beti–.

Kataluniazale ez gutik gogotik egurtu dute CUP –neronek ere, badaitort, ez dut beti haren estrategia ulertu–, baina Kataluniako Testamentu berrian –halakorik balitz– ez du inon paratzen prozesuaren liderra nahitaez Artur Masek izan behar duenik; are gehiago, independentziaren berri ona inoiz idatziko balitz, kontatu beharko litzateke Masek eta haren alderdiak historikoki epel jokatu dutela independentziari dagokionez, eta ez zutela prozesua abiatu: prozesua martxan zelarik hasi zirela –gogoz kontra edo gogotsu, hori bertze kontu bat da– bertan parte hartzen. Halere, Mas ez da, nire ustez, lider txarra izan; maiz egoki defendatu du prozesua, baina ustelkeria hurbilegi izan du, haren urrin txarra ez sumatzeko, eta, orain, bistan da traba bihurtu dela.

Iruñean Meltxor, Gaspar eta Lizaur (bere egoarekin) ditugun bezalaxe, Katalunian Meltxor, Gaspar eta Arturmas dute: bien kasuetan, eztabaida pertsonalista bihurtu da debatea, eta horrek egoera gaiztotu bertzerik ez du egin. Gauza ororen gainetik inportanteena Iruñeko haurren eta Kataluniako helduen ilusioa baldin bada, hobe lukete biek baztertzea. Baina iduri luke Bela Lugosi sindromepean erori eta pertsonaia –umeek maiteen omen duten erregea, herria independentziara eramanen duen liderra– arruntean barneratu dutela, beren nortasuna pertsonaiarenarekin erabat nahasteraino. Eta hori ez da sekulan ona: Lugosi bera erotua hil zen, Drakula zela sinetsita. Halere, azken hatsa emandakoan, gauenara bat ikusi omen zuten haren gelan. Mas eta Lizaur zendutakoan –luze bizi daitezela, halere–, auskalo zer ikusiko dugun.

[Euskadi Irratiko gaurko solasaldia testu honetan zegoen oinarritua]

Bela Lugosi Sindromepean (Meltxor, Gaspar Eta Arturmas)

Iruñea (1972). Historia ikasi nuen, euskara irakasten dut.

Zer duzu buruan “Bela Lugosi Sindromepean (Meltxor, Gaspar Eta Arturmas)”-ri buruz