Baserritarrak baserritarrari egurra, sutan jarri artean

Baserritarrak baserritarrari egurra, sutan jarri artean

Mendian bizi gara, oso mendian, baso-herrian, 500 metrotan; ez dira ospetsuak gure mendiak –Irimo da salbuespena–, eta bertan larratzen dira gure ardiak. Gustura egon ere bai alertzeen edota pinuen itzalpean, egun bero horietan; almitzea gailentzen ez den baso horietan, larre goxoa topatzen dute udaren lehorrean.

Ideia bat egin dezazuen, irudikatu lauki bat, eta erdigunean puntu bat: gure etxea. Laukiaren punta bakoitzean herri bat; gertuena 7,5 kilometrotara dago, eta horretara heltzeko km 1,5eko tartea dugu baso-pista dena. Laukiaren beste punta batean, 12,5 kilometrotara beste herri bat; eta horra heltzeko dagoen errepidera beste baso-pista, hau ere km 1,5.

Bi herri horietara joaten gara egunero-egunero umeak eskolara eramatera. Lehendabizi, egiten ditugu 12,5 kilometroak, eta nagusia institutuan utzi; gero, bi herrien artean dauden 3 kilometroak, txikiak eskolan utzi; eta, bukatzeko, etxera, 7,5 kilometro. Orotara 20 bat kilometro, egunean bitan, gutxienez. Ordubeteko bueltaska.

Baserritarrak baserritarrari egurra, sutan jarri artean

Bizitzan egiten ditugun hautu guztiek dituzte bi alde. Bat, gustagarria: naturan bizi, zaratarik ez, ikuspegi zabalak, egunsentiak, ilunabarrak, izarrak, bakea –ziur aski, bakoitzari atera niezaioke punta, baina gaurkoan hementxe utziko dut, utopian–… Bi, gogaikarria: distantziak, autoarekiko mendekotasuna, isolamendua… eta baso-lanak.

Paraje hauetan mendi gehiena jabetza pribatua da; eta batez ere, basoa. Arestian esan dut baso horiek zer goxoak diren gure ardientzat, eta, seguru ere, guretzat ere. Baina dena zatartzen da baso hori mozteko garaia heltzen denean. Zerrenda luzea egin nezake, baina geratuko naiz sua pizten didanarekin.

Baso-pistak ixtea.

Goizeko 8:15-8:30, eskolara joateko ordua –arratsaldeko 16:10ak ere izan daitezke, haurren bila joateko ordua–. Bazoaz, beti bezala, juxtu edo berandu, eta… kamioia bide erdian, enborrak zamatzen; edota, enborrak bide erdian, edota hondeamakina… eta itxaron egin behar duzu. Haiek badakite ez zarela pasieran dabilen bat, oporretan dagoen turista despistatua, badakite beheko baserrian bizi zarela eta eskolara joateko ordua dela. Zein egokitzen zaizun, saiatuko da ahalik eta lehenen bidea libre uzten; bestela, autotik jaitsi, eta mesedez pasatzen uzteko eskatu, joan behar duzula. Batzuetan aurpegi txarrak, inoiz “zure agenda eman beharko didazu, lana noiz egin jakiteko” entzun. Zeure golkorako birao batzuk bota eta aurrera!

Halakoetan eskertuko nuke, oso, baso horien jabeen aldetik edota baso-lanak egitera datozenen aldetik, gurekin kontatzea. Telefono-dei batekin nahiko da: “aizu, datorren astean basoa botatzen hasiko gara, zuek, orokorrean, zer ordutegi duzue, elkarri ahalik eta traba gutxien egitearren?” Izan ere, nik neuk ere badakit lanera datorrenari traba egiten diogula gure joan-etorriekin, baina elkarbizitzan biok amore eman beharko dugu zer edo zertan…

Baso-pisten egoera lanak bukatutakoan.

Askotan, negargarria da topatzen duguna. Beti izaten dira kalteak bideetan, nahitaez; baina, zenbaitetan, utzikeriak ere parte dauka: ikusi gauza ez dagoela ondo –lurra harrotuta, lokatzak bidea hartuta, gurpilek egindako zuloak…– eta bere horretan utzi, beste baten batek konponduko duen esperantzan –zertarako daude bada, auzolanak edo Udalak!– .

Ardiak ezinean, belardietarako pistan gora, udaberri honetan

Aurten esperientzia mingarria izan dugu. Gure ardientzako belarra ontzen dugu, mendialdearen bestaldean errentan ditugun belardi batzuetan. Iazko neguan atera zuten basoa, eta belardi horietara doan pista suntsitu egin zuten; besteak beste, egon zitekeen eguraldi txarrenean atera zutelako, jakinda eguraldi horrekin ezin dela egurrik atera. Martxoaren amaieran hasi ginen baso-jabeari esaten pista konpondu egin behar zuela, belarrak etortzerako beharko genuela. Laburbilduz, hilabeteak joan hilabeteak etorri, pista konpondu gabe lehen belardiko belarrak ekainaren 20aren inguruan egin genituen; pista horretatik jaitsi –hala moduz– eta buelta luzeagoa egiten duen beste batetik etxera igota–beste erremediorik ez genuelako. Bidaiak ohiko pistatik edo bueltan-bueltan ordu erdiko aldea –bider zazpi bidaia–. Amore eman behar izan genuen, ez baitzen egingarrria, gainontzeko belarrak jaso ez bere garaian–abuztuaren amaieran azpigarrietarako jaso behar izan genuen– eta alpapa erosi behar izan genuen; emaitza hauxe: buruko minak, haserreak eta 2300€ko galera.

Hainbat solasalditan baso-jabeak esan zigun ezin zuela besterik egin, bestela 14000€ diru-laguntza galduko zuela. Berak bazekiela zertaz ari ginen, bera ere baserritarra dela, bueltan-bueltan joateko, edota bidea guk konpontzeko traktorearekin. Gure diru-galeraz ez zuen ezer jakin nahi, ez zen galerarik berarentzat eta.

Belar-ondu gutxi; haserrea eta mina, ordea, uzta oparoa.

Baso-lanetan apurtutakoa

Orain dela gutxi auzolana egin genuen, bidea garbitzen. Handik eta astebetera, beste baso batzuk bota behar, eta gure lana desagertu egin zen. Hainbatetan, etxeko hormigoizko pista apurtuta. Makinak, dagoeneko, desagertu egin dira, baina inor ez da azaldu horiek konpontzera. Datorren urteko auzolanerako utzi al dituzte? Edo akaso Udalaren datorren urteko aurrekontuetarako?

Azken bi adibideotan baso-jabeak baserritarrak dira, eta ezinezkoa egiten zait ulertzea nolatan ez den mimo gehiago jartzen egin beharreko lanari; jakinda zer den mendian bizitzea, zer nolako eragozpenak sortzen diren normalean, aparteko ezer gertatu gabe. Ez dut ulertzen nolatan ez den adosten basoak ateratzen dituzten enpresekin gutxieneko baldintza batzuk –diru kontuez gain– bertan bizi direnen bizimodua ez zailtzearren.

Gustura gonbidatuko nituzke baso-jabeak eta basoak ateratzen dituzten langileak gure etxera, astebetez, goza dezaten, lan horietan ari direla inguruan, bakeaz, inguruaz, paisaiaz…

Errespetua faltan dugu mendialdean, egur gehiegi baserritarrari eta ni, honezkero, sutan nago.

Baserritarrak baserritarrari egurra Baserritarrak baserritarrari egurra Baserritarrak baserritarrari egurra
Josebe Blanco

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

2 pentsamendu “Baserritarrak baserritarrari egurra, sutan jarri artean”-ri buruz

  • ganbaratxotik 2017-01-03 19:38

    Arrazoia Josebe. Erruaren parte handia gurea nekazariona ez geralako kexatzen behar beste. Eta ez garelako kapazak kexatzeko eta aldarrikapenerako tresna eraginkor hori sortzeko. Oraindik dirua eta beldurra agintari.
    “Agian, agian egun batez jaikiko dira………”

    • Josebe Blanco
      Josebe Blanco 2017-01-03 22:57

      Kaixo, Ganbaratxotik!
      Nahiago nuke arrazoiarik ez izan; baina, zenbaitetan uste dut elkartasunak nagusi izan beharrean, norberekoikeria txapeldun! Geure etekinei begira bizi gara, eta, kalean bezala, indibidualismoa indartsu dabil.
      Kexatzeko gaitasun falta ez dugu baserritarrok –hori leporatzen digute, bada, askotan–, baina non kexatzen gara? Geure artean eta antzuak diren esparruetan! Udazkeneko bilera horien ostean, edota azoketan –asper-asper eginda gaudela–; zenbat negar ez ote dugu egiten? Akaso, hortik atera, eta bidea eman beharko genioke geure ezinegonari, era eraginkorrenean –zaila da hainbatetan…– Eta, benetan, nik ez dakit hau den bidea –sarean norberaren harrikadak botatzea, alegia–, baina gure etxean sortutako kezkak eta horien inguruko hausnarketak zabaltzeko beharra sentutu dut eta hemen izan dut aukera.
      Horrekin, baserriaren eta kalearen amildegia txikiagotzen bada milimetro bat bada ere, pozik! Eta nekazal munduan hausnarketarako balioko balu… zoragarri!
      Ondo ibili!
      Josebe

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude