Baserritarrak azoketan: udalen jaietarako atrezzoa?

Baserritarrak azoketan: udalen jaietarako atrezzoa?

Azoka garaia: Burokrazia sasoia

Baserritarrak azoketan: udalen jaietarako atrezzoa?

Orain da azoka berezietako garaia, udazkenarekin batera hasten dira ugaritzen, herriz herri eta eskualdez eskualde. Gure inguruan, San Andres azoka Eibarren, Santo Tomas Azpeitian eta Arrasaten, Santa Lutzi Zumarragan eta Urretxun…

Historian zehar, baserritarrontzat, bazuten zentzu praktiko bat azokok; etxeko mozkinak kalera eraman eta saltzea, alegia. Kaletarrentzat, berriz, aukera baserriko produktuak zuzenean erosteko. Eta orain, zer egiten dugu halakoetan baserritarrok? Atrezzo lanak ote?

Baserritarrak azoketan: udalen jaietarako atrezzoa?Halaxe sentitzen dut askotan. Gazta-postua atondu dugula sentitu beharrean, jendearentzako dohainik den anoa-postua jarri dugula. Jendea pasatzen ikusten dugu, pasatzen eta jaten alde berean, lasterka, geltokiari erreparatu gabe, presaka, hurrengo anoa-postura, jakin gabe zer jan duen, gu hantxe gaudela, begira, noiz jaso agur soil bat; askotan, ordea, ezta begirada iheskorrik ere. Gure aldamenekoekin bai, konplizitate begiradak izaten ditugu, “hauek, bai, ederki ari dira hamaiketakoa geure kontura egiten!” dioten begiradak izaten dira.

Zorionez, horrek guztiak badu bere aurkia, eta badira jator-jator etortzen direnak eta zure lana begirunez tratatzen dutenak –eta akaso ez dute erosiko, baina errespetuzko harremana izan dugu, eta eskertu egiten dut–.

Eta Udalentzat zer gara, jai-eguna girotzeko atrezzoa? Txistulariekin batera, folklorea jartzera etorritako aktoreak? Ala, gizartearen erritual horren partaide garrantzitsuak?

Hari mutur horri heltzeko, azalduko dizuet gure inguruan zeintzuk diren egoerak. Zenbait azokatan, saltzera joatearren, ordaindu egin behar izaten dugu –askotan, posturako eskatzen dituzun metroen arabera; halere, berdin-berdin baserritarra izan ala produktuen salerosketa egin, handi ala txiki…–. Adibideak asko dira, eta guri eragiten digutenak bi: Arrasate eta Zumarraga –30,07€ eta 28,05 €, hurrenez hurren–. Printzipioz, ez da diru asko, baina egun horretan egin duzun salmenta nolakoa den, ehuneko handia izan daiteke –iazko Arrasateko gure salmentaren %16,66 Udalera joan zen, kasu–, eta errentagarritasuna oso zalantzazkoa. Bigarrena, beste batzuetan –Eibarren, adibidez– ez dute kobratzen, eta gutxi batzuetan –Azpeitian, adibidez– baserritarrari dietatxo bat ematen diote produktuaren galkortasunaren araberakoa –gurean baratzainena baino txikiagoa–.

thn_imagenes6595a_150_0_false_

Azoketara saltzera joateagatik ordaintzea ez zait zilegi iruditzen. Ikuspegi orokorretik begira, baserriak gizarteari ematen diona ez da gutxi; hasteko, inportanteena: jatekoa; eta horrek bere isla izan beharko luke jaiegunetan ere. Gero, beste batzuk gehi nitzake, baina asko luzatuko nintzateke. Eta are gutxiago ordaindu beharrekoa berdin-berdin ezartzen bazaie eskaera egiten duten guztiei, ezeri erreparatu gabe, lehen esan dudan bezala.

Egoera horren aurrean, erabaki genuen zuzenean harremanetan jartzea bi Udalekin –Arrasate eta Zumarraga– eta azaltzea gure iritzia. Gure asmoa zen gure argudioak emanez, bidezkoa ez den egoera bati buelta ematen saiatzea, eta baserritarron ikuspegia erakundeetara eramatea. Bai, oso modu xumean, baina ez genuen ikusi beste biderik. Txanponaren bi aldeak dituzue jarraian.

Aurkia: Zumarraga. Aurten hasi dira kobratzen postua jartzearren –Udalaren egoera ekonomikoak hala aginduta–. Kultura-teknikariak zerikusi gutxi zuen Udalaren erabakian, eta Santa Lutzi azokako komisio-buruarekin hitz egiteko eskatu genion, hau da, alkatearekin. Gure sorpresarako, hitzordua adostu, eta gaur bertan elkartu gara, ordubeteko bilera izan da. Hizpide nagusiak, hauexek:

  • Erabakiaren arrazoiak

  • Santa Lutzi azokako udal-tasen balizko irizpideen gaineko proposamenak:

    • Aintzat hartzea eskatzaileen egoera, kobratzeko edo ez, eta diru kopurua: baserrian eta baserritik bizi direnak, salerosleak, elikadura-enpresak…

    • Negozio bolumenaren araberako mailaketa egitea

    • Arriskuak aintzat hartzea eta baloratzea. Produktuen galkortasunaren arabera: barazki eta fruta, ogia eta gozogintza artisaua, gazta eta eztia, kontserbak eta bestelako eraldatuak

    • Ekoizpen eredua baloratzea: biologikotik hasita, intentsibora dagoen tartea

    • Bertakoa, ingurukoa eta kanpokoa

  • Urtean zehar lehen sektorearekin Udalak duen lanketa eta Santa Lutzi azokaren antolaketa

Datorren urtera arte itxaron beharko dugu jakiteko gaurko bilerak fruitua ematen duen; baina guretzat pozgarria izan da erabakiak hartzen den lekuan gure iritzia azaldu izana, gure jarduera eta bizimodua errespetatuak direla sentitu izana, eta antzematea gogoa dagoela gauzak txukun egiteko, folkloretik haratago.

images-1

Ifrentzua: Arrasate. Aurten, bigarren urtez saiatu gara Udalarekin hitz egiten, eta kultura-teknikariekin lortu dugu hitz egitea, baina alferrik, iazko promesa –gure ikuspegia aintzat hartuko zutela aurtengorako, alegia– bete ez, eta hurrengo urterako, ezertxo ere ez. Egoera hori ikusita, saiatu ginen Kultura zinegotziarekin harremanetan jartzen, baina, orain ere, alferrik. Azkenik, posta elektroniko batean azaldu genion gure iritzia –baita alkateari ere– eta jakinda aurtengoko azokari begira ez zegoela zer eginik, eskatzen genuen bilera bat gure proposamenak egiteko eta Santamas azoka bidezkoago bat lortzeko. Erantzuna: eskerrik asko zure esfortzuagatik, baina aurten ezin da ezin egin. Guk, dagoeneko, erabaki dugu ez joatea –eskerrak Arrasateko jendearengana heltzeko beste bide batzuk ditugun…–. Ez zait oso argi geratu zer rol jokatzen dugun baserritarrok azoka honetan…

Nahiko genuke eztabaida hau jendartean eta erakundeetan zabaldu eta gogoeta sortu. Gure jendartean baserriak zer leku duen zehaztu beharko dugu, eta denontzako erosoa den egoera berri bat sortu, bai egun buruzurietan bai jaiegunetan. Atrezzo lanari utzi nahi nioke halakoetan.

Baserritarrak azoketan: udalen jaietarako atrezzoa? Baserritarrak azoketan: udalen jaietarako atrezzoa?
azokak, baserritarra
Josebe Blanco

PIKUNIETATIK HAUSNARREAN

2 pentsamendu “Baserritarrak azoketan: udalen jaietarako atrezzoa?”-ri buruz

  • Berditsu gertatzen ari da, elikadura subirautza, ekonomia alternatibo ekolojiko eta halako Gai Handietaz modan jartzen ari diran Berriketategietan. Hizlari handiak, subkontrata politikoak eta baserritarrik ez

    • Josebe Blanco
      Josebe Blanco 2016-12-08 22:02

      Gure inguruan gero eta baserritar gehiagok erabaki du ez joatea ordaindu beharreko azoketara. Martxa honetan bai, azokak ere baserritarrik gabe, eta “tratantez” beterik; hori bai, baserritarrez jantzita, dotore.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude