Bakerako argazki sinbolikoen itzulera

otegi_lopez2006ko uztailaren 7koa da argazkia. Bileran ezker abertzaleko hiru ordezkari eta PSEko bi, tartean egungo lehendakaria. Eguraldiaz hitz egin al zuten? Baliteke, argazkia zen garrantzitsua, esan beharrekoak aurretik ere esanda zeuden. Bake prozesuaren argazki sinbolikoa izan zen hura. 2011n ere izango al da argazkirik?

Hilabete eskas igaro da hauteskundeetatik eta tantaka-tantaka argazki sinboliko baikorrez betetzen ari dira egunkariak. Ezker abertzalearen bozka jaso duten agintariak PSEko kideekin, batik bat. Irudia hitzari gainartzen ari zaio: PSEk Bilduri egurra ematen segitzen du, argazkiek, ordea, bestelako egoera erakusten dute.

Elkarrizketaren eta elkarbizitzaren ikusgarritasun publikoa daramate soinean irudi horiek. Ez dira bake prozesu bat aurrera eramateko bileren argazkiak 2006koa bezala, baina bai ondorio bera duten sinboloak: Bakea posible da, hitz egin, eztabaidatu eta elkarlanean aritzea posible den heinean.

Gainera, orain arteko bazterketa egoeratik urrun, normaltzen hasiko dira horrelakoak. Momentuz PSEk neurri batean gogoz kontra egiten badu ere, egoera berrira moldatzea beste erremediorik ez du izango.

Denbora eta borondate kontua da. Sorturen balizko legalizazioak ere inguruko panorama sinbolikoa erabat irauli dezake. Izan ere, zoritxarrez edo zorionez, irudiek instituzioak eta pertsonak legitimatzeko ahalmena dute.

Noizko hurrengo Otegi/Lopez bilera? Apustuak onartzen dira.

Donostia 2016an Europako Kultura Hiruburua izatea aitzakia ona izan daiteke. Txillidaren Haizearen Orratzak horren lekuko.