Bakea bai; borroka ere bai

Bakea bai; borroka ere bai –

Bakea bai, borroka ere bai

Azkeneko urteotan, adinaren eraginez edo, loaldiarekin batera izaten ditudan ametsetan, garaiak eta pertsonak nahastuta agertzen zaizkit. Parke Tematiko bihurtu aurretiko Donostiako ume garaietako kale zikin eta maitagarrietan, gurasoekin, seme-alabekin eta aspaldiko lagunekin topo egiten dut sarritan, garaikideak izango baliran. Esnatzean, minututxo batzuk behar izaten ditut egunerokotasunera itzultzeko.

Martxoaren 12ko prentsa irakurtzean ere, antzeko egoeran aurkitu nuen nire burua. Iruñean izandako istiluek beste garai batera, beste aldarte batera, eraman ninduten eta. Esnatzerakoan sentitu ohi dudan noraezak ere harrapatu ninduen, une batez bederen.

Noraeza horretan bi euskarri atzeman zituen nire gogoak, duela urte eta erdi inguru irakurri nituen bi liburu , alegia. Liburuen egileak aspaldiko bi lagun: Julen Madariaga (Egiari zor) eta Jose Iriarte “Bikila” (Borrokaren gorrian). Bi liburuek ederki adierazten dute kide hauen ibilbidea eta Ezker Abertzaleak bere baitan uztartu nahi izan dituen bi arimak, hots, independentismoa eta sozialismoa. Biak ala biak ezagutzea biziki interesgarria da, eta biek ordezka dezaketena uztartzea, egun ere, erronka dugu ezkerreko independentismoan. Borrokaren gorritasun osoa erakusten dute bi liburu hauek, baina baita egungo buruhausteak arintzeko eredu interesgarriak ere, biek borroka armatua utzita, koherentziaz borrokatzen jarraitzea badagoela erakusten baitute.

Batek daki zein aukera hartuko nuen hiru hamarkada aurretik jaio izan banintz. Ziurki, Julen eta Joseren bideak ez zitzaizkidan arrotzak irudituko. Haatik, jaiotzea erabakitzen ez dugun bezala, non jaio eta noiz jaio ere, ez dago gure esku ,eta niri iragan den mendeko seigarren hamarkadaren hondarretan munduratzea suertatu zitzaidan. Jardun soziopolitikoan gazte hasi banintzen ere, ordurako ETAren jardunak ezaugarri basatiak hartuak zituen. Jasangaitzak eta onartezinak zitzaizkidan bahiketak, lehergailuak, erailketak, “heriotza-zigorra” ezartzea… jasanezinagoa, gainera, nolabait “gure” izenean egiten zirelako, Euskal Herriaren izenean, euskalherritarron izenean eta iraultzaileon izenean.

Hori zela eta, jarrera publikoa hartu behar nuela sentitu nuen eta nire hautua antimilitarismoa abertzalea izan zen. Hautu horrek Ezker Abertzalearen enbor nagusitik urruntzen ninduen; beste bide batzuk jorratu behar izan genituen lagun batzuek.

Estatuen biolentziak eta ETAren ekintzek egutegi eta eztabaida politikoa baldintzatzen zituzten. Ezker Abertzalearen talde nagusien egitura eta jardun moduetatik aldenduta, erakunde politikoen horiek dialektikatik at bizi ginen. Borrokaren ikuspegi absolutuak eta epikoak samin gehiegi sortzen zuen, kontraesan kudeaezinak sortzen zituen, antolaketa eredu hertsiak, hierarkiko eta autoritarioak eraikitzen zituen.

Alabaina, beti garbi izan dut Euskal Herrian ari ziren eta ari diren sektore politikoetatik Ezker Abertzale ofiziala izan behar genuela bidaide nagusietarikoa. Besteak beste, Julenek eta Josek (beste hamaika ekintzailek bezala) eskaintzen zuten konpromisoa eta grina aldaketaren giltzarriak baitziren/tira.

Bakea bai; borroka ere baiUrte latzenetan Ezker Abertzalearen erakundeek erabiltzen zituzten leloetatik bi nituen maiteagoak: “denok eman dezagun zerbait ; gutxi batzuek dena eman ez dezaten”; eta “Jaiak bai, borroka ere bai”. Lehenengoak bide baketsuetarako atea zabaltzeko erronka egiten zigun. Hau da, Dena ematen eta Dena kentzen zuten militante horiek borroka eredu hori bazter zezaten, bestelako jokabideak proposatzen genuenok borrokabide horiei tinko eta zintzo heldu behar genien; bigarren leloak, berriz, borroka militarraren epikatik ateratzeko atea zabaltzeko parada ematen zuen, antimilitaristok bultzatzen ari garenarekin bat eginez, borrokaren alde tragikoa alboratuz, alde pedagogikoa eta “ludikoa” azpimarratuz.

Beste guztiok bezala, antimilitaristok ez genuen beti asmatu. Frustrazio handia izaten genuen gure inguruko gazteren batek ETAn sartzeko erabakia hartzen zuenean, gure alternatibaren porrotaren adierazlea zelako. Auzo-lotsa ere sentitzen genuen batzuetan gure jardun politiko ludiko-pedagokikoak erredikuluaren marra zeharkatzen zuelarik ala ETBko saioen apaingarri bitxitzat erakusten zutenean. Haserrea, guregana hurbilduko hainbat sektore gezurretan ari zirela egiaztatzean, konpromisoa ETAren jardunarekin batera bukatzen zela ikusitakoan.

Bakerako bidea zabalik dago, bakea euskalherritarron lorpena da- izango da, bakea Estatuen arerioa da, ez dut zalantzarik. ETAk baldintzarik gabe armak utzi izana sekulako berri ona izan da. Askatu gaitu.

Zenbaitek esaten zutena gezurra zela, jakin badakigu; soberan dakigu armarik gabeko aldarrikapen guztiak ez direla legaltzat jotzen. Aldarrikapen askok ilegalak izaten jarraituko dute izaten. Helburu batzuk ezinezkoak dira Estatuekin haustura juridikoa egin gabe, borroka gabe ez dago askapen prozesurik, borroka gabe ez dago eraldaketa sozioekonomikorik. Ezker Abertzaleak ukan dituen bi arimak (arestian aipatutakoak) uztartzeko tenorean gaude, bide baketsuetatik biak uztartzea badago, indarkeriarik gabeko bideetatik haustura demokratikoa bideragarria da.

Iruñeko istiluak errepika ez daitezen, preso berria egon ez daitezen, giltzapean dauden lehenbailehen askatzeko, egindako eta pairatutako sufrimenduak ikasgai ahaztezina izan dadin, bakeari tinko eutsi behar diogu, borrokari zorrotz eutsi behar diogu eta horrela beste inork ez du inoiz zalantzarik izango, nehork ez du dena emateko eta dena kentzeko beharra sentituko, denok zerbait emateko konpromisoa berretsiko dugulako.

Patxi Azparren

Bakea bai; borroka ere bai

Donostiarra Pasaiaratua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude