Bakarrik

Esanahi ugari eta anitzeko hitza da bakarrik. Horregatik egiten dit grazia handia Azkuek, Resurrección Maríak noski, bere hiztegian honako hau baizik jartzen ez duenean: (AN, B, G, L, …) bakharrik (BN,S) solamente, isolément. Lekeitiarrak esan nahi du Nafarroa Garaian, Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin, bakarrik ahoskatzen dela, ka letraren osteko hotsik gabe eta, aldiz, Baxe Nafarroan eta Zuberoan, bakharrik, hatxearen hots eta guzti. Baina guztien esanahi bakarra, solamente, isolément dela.
Nago, Azkuek gaur egingo balu bere hiztegia, apurtxo bat bada ere zabaldu beharko lukeela bakarrik hitzaren esanahia, ezen, solamente, isolément, izateaz gain, ugariagoa ere bai baita hitz honek dakarkigun iradokizuna.
Esate baterako, Jeep ,Cheroke berriak, 36.000 euro bakarrik balio duela irakur daiteke iragarki askotan, edota zure etxea eros dezakezula 500.000 eurotan bakarrik. Jakina, bakarrik hori ez da, preseski, bakarrik etorri naiz esaldiko bakarrik horren pareko. Cherokeearen eta etxe berriaren bakarrik hitzak, merke-merke kontzeptua ere badaroa, hain juxtu ez delako batere merkea eskaintzen dizuten hori. Berarekin daroa beste hau ere: saldu nahi dizugun hau hain da ona, ezen eta ordaindu beharrekoa ez baitzaizu garesti egingo. Eta abar.
Ez dakit asmatzen ari ote naizen adierazi nahi dudana idazten, baina nik bakarrik hitza ikusten dudanean iragarki batean, dardarka jartzen naiz, badaezpadan ere. Neu bakar-bakarrik gauza izaten naiz horretaz konturatzeko.
Beti esan izan da lerro artean irakurtzen jakitea gauza handia dela. Informazio bat benetan ezagutzeko, nork ematen dizun informazioa ezagutzea ezinbestekoa dela. Urte asko dira Concha García Campoy eta Mercedes Caso-ri entzun niela honako esaldi hau Telediario batean: Chomin Iturbe Abasolo, alias Chimu, ha sido condenado a “sólo” tres meses de confinamiento por un tribunal francés. Eta, jakina, jarri nintzen pentsatzen, Txomini emandako hiru hilabete horiek, sólo edo bakarrik irudituko ote zitzaizkion berari ere ala, aitzitik, gehitxo ez ote zitzaion irudituko emandako zigorra. Izan ere, bakarrik hitza ondo edo gaizki erabilitako hitza den jakiteko, norbera zein aldetan dagoen ezagutzea da printzipala.
Gaur egunean ere, berdintsu gabiltza oraindik, Iñaki De Juanari ere sei urtera bakarrik jaitsi ei dio fiskalak eskaera. Hala esaten dute irrati eta telebista gehienetan, hala idazten dute egunkari ia denek. Hilerria ala askatasuna aldarrikatzen duen De Juanarentzat, seguru ez direla sei urte bakarrik izango. Segur naiz eternitate bat dela denbora hori guztia.
Nago adierazpen askatasuna urratzen denean, eskubide bat urratu bakarrik egiten dela, eta egun bat bera bakarrik kartzelaratzea ere aberrazioa dela bakarrik. Horixe bakarrik esan nahi nuen, neuk bakar-bakarrik idatzitako lerro hauetan.

Hasier Etxeberria. 061014 El Mundo.

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude