Azkue Fundazioa, Resu izeneko lekeitxar bat eta abar

zuzeu.eus-logo7http://www.youtube.com/watch?v=GD0C8efvl64

Aurkezpenaren aurretik ere hitz egin genuen hemen Azkue Fundazioaz, eta baita gure Ongi Etorria eman ere. Poztekoa da ekimenari ikusten zaion asmoa: “berrikuntzaren bidetik joko duen 2.0 proiektu bat da eta horretarako, teknologia berriak erabili eta landuko ditu. Irekia, partehartzailea eta bizia izango da Azkue Fundazioa, creative commons filosofia jarraitu eta bultzatuko duena. Hainbat egitasmo sustatuko ditu Fundazioak, alde batetik dagoeneko sarean jada dauden ekimenak bultzatuz eta bestetik, aplikazio, zerbitzu eta lanabes berriak abian jarriz”.

Ez alferrik ikusi genuen iaz Durangoko Azokaren baitan antolatu zen hitzaldian Josune Ariztondo, adi-adi, Josep Bargalloren hitzei. Egia esanda, edonori inbidia emateko modukoak izan ziren Ramon Llull Instituko buruak esandakoak. Hura bai izan zela buru argiz eta berba are  argiagoz, kultura eta hizkuntza baten alde munduan zer egin daitekeen agertzea.

Ramon Llull-en eredua, Etxepare Institutuarentzat da egokiagoa, baina denok dugu zer ikasirik Bargallok eta Quim Monzok eman zuten hitzaldi hartatik. (Oroit dezagun, Frankfurteko Azokako errege izatea lortu zutela Katalanezko Literatura). Esan bezala, adi-adi jarraitu zituen hango hitzak Josune Ariztondok publikotik. Bera izan zen oharrak idazten ikusi genuen apurretakoa eta ez gaitu harrituko Azkue Fundazio honen ostean, bere itzala baino apur bat gehiago ikusten badugu aurrerantzean.

Eta aipatu dugunez eta Mutrikun Txikorixa Paketia zutik dagoela probetxatuz —ez erabiltzeagatik Pisuerga eta Valladolideko kontu zahar arrotz hura—,  esan dezagun bidenabar, Blanca Urgell Sailburuak gaur bertan jakinerazi duela, aspaldian ixilik zebilen Etxepare Institutuaren egitasmoa aurrera eramateko asmoa duela Jaurlaritzak. Bedi.

Kontua izango da orain, euskararen aldeko antolamendu hauek guztiak, elkarrekin lotu eta koordinatu behar direla. Aitortu bai, Partekatu ere bai, baina, batez ere Zorroztu, atzo esan genuen bezala. Alferrik dira itxurakeriak: katalanek bezala, asmatu egin behar da. Erran nahi baita, Etxepare Instutua sozialisten gidaritzapekoa izango bada, eta besteak jeltzale edo sursum cordarenak, ezin dela disputa politikoa horraino eraman, denok baikinateke galtzaile. Horretan ere eredugarria Ramon Llull Institua, hainbeste herri, estatu (Andorra, Frantzia, Italia, Espainia…) administrazio eta partidutako jendearen borondate katalanzalearen bilgune.

Dena dela, filosofia kontuak baino, kontu txiki baten promesa egin dizuegu albistearen atarian:  oso polita eta zentzuzkoa geratzen da Publis agentziak Resurreccion Maria zaharrari eman dion moderniateta, 2.0 motako jakintsua zela esanez. Nahiz eta gure Txikorixa Paketia baino era derrigortuagoan sartua izan.

Sinesten ez baduzu, eman play bideoari. Bingo!

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.