Azkue Fundazioa eta ezkerreko hanka

Aranzadi, Azkue eta Aita Donostia. cc-by-sa: gure gipuzkoa
Aranzadi, Azkue eta Aita Donostia. cc-by-sa: gure gipuzkoa

Ongi etorria eman nahi diogu ZuZeutik Azkue Fundazioari. Egitasmo eder askoak aitortu ditu,  geuk ere sinatuko genituzkeenak gogoz. Gainera, Bilbotik ez bada indar egiten, jai dago.

Kontua da, ordea, Azkue Fundazioa sortu bezperako irudia bi konturekin lainotu dela apur bat eta, seguru asko, ez bere erruz eta hala nahita. Sustatuk plazaratu zuen albistea.

Antza, baten bat kexu da Euskal Wikipediaren bultzatzaile nagusi dirudielako orain Azkue Fundazioak, Deian argitaratutako artikulu honen karietara. Egunkari horretan ez dute informazioa behar bezala bildu, Theklan, Euskal Wikipediako kudeatzaileetakoak —eta gure Begirale finenetakoak—, dioen moduan: “Kontua da Deiako artikulua guztiz lotsagarria dela. Badirudi Azkue Fundazioa dela orain Wikipedia sortu duena, eta guztiok dakigu hori ez dela horrela. Baina haruntzago doa, egindako elkarrizketak ez ditu errespetatzen (ez Azkuekoi ez niri eginikoa Wikipediako admin bezala), datuak asmatzen ditu (esaten du 300tapikomila artikulu dituela en:wpk 3.000.000 dituen bitartean; euskarazko wikipedia greziakotik azpira dagoela goian dagoen bitartean…). Gainera badirudi Wikipediako adminak orain Wikiplazakoak direla… En fin, lotsagarria dena.”

Azkue Fundazioak  dio ez dela bere intentzioa izan halako irudirik ematea, eta Deiak zuzendu duela okerra, edizio digitalean bada ere.

Segur gaude egia dela, ez zuela halako irudirik eman nahi Azkue Fundazioak, are gutxiago adanismoaren pipiak jotakoarenik, baina kontua da beste ikuspegi batean ere bera agertu dela aitzindari nagusi balitz bezala edo, behintzat, hari horretatik tiraka atera dute nagusiki hedabideetan: euskaraz argitaratutako edukiak libreki banatzen lehena balitz bezala. Argiago esanda, Creative Commons lizentziapean argitaratuko duen lehena bailitzan, Aitortu-Partekatu baimenaren erabileraz. (Laburbilduta: cc-by-sa).

Asko dira, ez bat eta ez bi, euskararen munduan lizentzia horrekin argitaratzen dutenak. Geu tartean.

Eta oroitu egin gara Gipuzkoako Diputazioak antolatu zuen Gipuzkoa.2.0 haren aurkezpenaz. Uztailaren 28an egin zen Donostiako Tabakaleran.

Ekitaldi hartan, ezer geratu bazen garbi, pentsaera aldaketa baten albistea izan zen: dena cc-by-sa lizentziapean egingo zuela aurrerantzean Gipuzkoako Diputazioak, eta tankera horretako ekimenei lagunduko ziela ahal zuen neurrian. Ez zegoela beste biderik euskal kulturagaiak eta hizkuntza barreiatu nahi badira. Esandakoaren ondorioak badira bazterretan, baina nabarmenena Gure Gipuzkoa izenekoa izango da.

Horregatik egin digu grazia,  aipatu eztabaidan, Gipuzkoa Kulturatik igorritako iruzkin xumea ikusi dugunean: “Azkue Fundazioari izena ematen dion Resurreción María de Azkue zenaren 1930. urteko argazkia Creative Commons by-sa, Aitortu-Berdin Partekatu baimenpean eskuragarri bada GureGipuzkoa atarian”.

Hemen jarri dizuegun argazkia bera, alegia. Eta esan gabe joan da, beste batzuk ari direla jada, Azkue Fundazioaren ildo berean. Lehenagotik eta gogo berdinean. Jakin nahiko genuke zer zebilen zehatz-mehatz iruzkin hori bidali duenaren gogoan. Agian Athletic eta Errealaren arteko lehiaren usaina duen zerbait.

Gaurko aurkezpena profitatu behar lukete biek, gipuzkoar eta bizkaitarrek, indarrak batu, koordinaketa antolatu eta ekinbideak erabakitzeko. Batez ere gauza eta tresna berdinak egiten ez ibili eta alferrikako zereginetan ez galtzeko. Aitortu eta Partekatu bezain garrantzitsua baita, Zorroztu kontzeptua.

Esan nahi baita, indarrak batu eta denok batera buruargiz jokatzea. Beharra badago eta Etxepare Institutua eta enparauen oihartzunik entzun ere egiten ez den honetan.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

3 pentsamendu “Azkue Fundazioa eta ezkerreko hanka”-ri buruz

  • Gauzatxo bat: artikuluarekin oro har ados. Baina gauza batekin ez, inola ere ez: ezkerreko hankarekin egunero altxatzen garenok ez dugu merezi simil hori erabiltzea. Ezkerra ibiltzen dugunok ere errespetutxoa merezi dugulakoan ….

  • Wikipedia eta CC by-sa lizentziak bultzatu nahi ditugu. Ez gara aitzindari, baina mundu honetan ekimen gehiago garatzeko lekua dagoela uste dugu. Apalik gatoz bidea elkarrekin egitera. Ezker eskuma aurrera egingo dugu denok batera, euskarak merezi du eta.
    Eskerrak ongi etorriagatik.

  • Ez dut uste Azkue Fundazioak gaizki jokatu duenik, baizik eta herri honetan dagoen prentsaren maila nahiko baxua dela. Urteak daramatzagu batzuk cc-by-sa lizentziarekin lanean, edo Wikipedian, baita MusikHerria cc-by-nc lizentziarekin diskak publikatzen. Kontua da prentsak ez digula inoiz kasurik egiten.

    Azkue Fundazioak zerbait baldin badu agintzen dutenen oniritzia da, eta prentsak agintzen dituenak nahiago ditu. Ziurrenik lehen aldia da Deian Wikipedia aipatzen dutela. Ez dago gaizki. Baina noski, Deiak PNVk kudeatutako edozein instituziok bultzatzen duen edozein gauza aipatuko du. Eta hori da arazoa, orain uste dutela Azkue Fundazioak interneten bultatzen duena guztiz berria dela.

    Hala ere kontua nire ustez serioagoa da. Azkue Fundazioak izan ditzake gogo onak eta bultzatzen dituen proiektuak interesgarriak izan. Baina UPVk berak Azkue bultzatu baino askoz hobe luke bere eduki guztiak CC-BY-SA lizentziarekin argitaratzea. Wikipediari onura gehiago egiten dio horrek beste edozein gauzak baino. Baita dirua ematea baino. Hitzaldik ematea baino gehiago ere.

    Izan ere denok gure diruarekin ordaintzen ditugu instituzioek gero copyrighta dute, ez dago oso argi norena, baina badute. Izan gaitezen serioak!