Aukeratu: Fillon ala Le Pen

Fillon edo Le Pen

Hauteskunde primarioak irabazi ditu François Fillonek (2007tik 2012ra Lehen Ministroa), eta eskuinaren hautagaia izanen da lehendakari hauteskundeetan. Herenegun egindako hauteskunde primarioetan aise nagusitu da. Alain Juppé izan da bigarren hautagaia, eta tarte esanguratsua atera dio. François Fillonek bozen %67a lortu du estatu mailan, eta Alain Juppé %33,4an geratu da. Ipar Euskal Herrian ere Fillon nagusitu da Angelu, Baiona, Biarritz eta Hendaian.

Emaitza jakin duenean espero ziren adierazpenak egin ditu, baina hein berean, argigarriak iruditzen zaizkit aurrera begira frantziar estatuan gertatuko dena ikusteko. Fillonek “30 urteetan egin ez den bezala”,  aitzinatzeko beharra nabarmendu du: “ezkerra porrota da, eta muturra hondoratzea”, eta hor elipsi bat egin du “eskuin” hitzarekin, bistan dena. Euskal Herriari dagokionez betiko hitz hutsalak: “eztabaidatzeko prest” omen dago, baina noski, “ezingo da deus egin Gobernu espainiarra gabe”. Euskal presoen hurbilketaz dagokionez, “nahiko ados” dagoela esan du; “beti ere, segurtasun baldintzek ahalbidetzen badute”. Hau da, hainbestekoa da bere segurtasuna, hainbestekoa, ez duela beharrik ere ikusten kea saltzeko, Miterrandek bezala.

Fillon edo Le PenNormala da hautagaiek beren hautua zentzudunena dela esatea, horrek ez nau harritzen. Kontua da Frantziak, gaur gaurkoz, eta horrekin batera Ipar Euskal Herriko euskaldunek, aukera asko dauzkatela honako atakan aurkitzeko: bigarren errondan Fillon eta Le Penen artean hautatu beharraz. Tori demokrazia, tori miseria, tori, hautatu eta irentsi, eta kontrako eztarrira joaten bazaizu ito.

Miterranden garaian abertzaletasunak jende gutxiago biltzen zuen Bidasoaren beste aldean, baina egun geroz eta jende gehiago ari da ordezkatzen. Apirileko hauteskundeen aurretik, beharbada, agian, baliteke, Fillon ke salmentara animatzea; eta batenbat, alternatiba zein den ikusita, erosten hastea. Espainiarekin ataka estuan bagaude, Frantzia eskuindar eta zentralistena ezagutzekotan egon gaitezkeela iruditzen zait.

Ipar Euskal Herriko testuinguru politikoan akordioak eta adostasunak aurkitzeko tradizio luzeagoa egon da aspaldidanik, Hegoaldean pentsaezinak zirenak, direnak. Baina azkeneko atentatuek, ezkerraren akatsek eta Fronte Nazionalaren diskurtsoak asko aldatu dute estatua, eta horrelako egoera baten aurrean ez dakit zer negoziatu daitekeen. Txarra eta okerragoa? Ea zer diogun apirilaren 24ean eta maiatzaren 8an.

Fillon edo Le Pen