Atez atekoa ere…

atez

Atez atekoa dela eta, Gipuzkoan sortu den borroka zaila da esplikatzen. Baina badirudi aurkari diren oposizioko hainbat alderdien elkartasun paregabea ikusteko aukera ekarriko digula.

Gertatzen ari dena ulertzeko arrazoi bila, errausketaren alde egiteko grinaren atzean zer ote dagoen ezin argitu nabil. Izan daiteke atez atekoaren gaiak mobilizatzen dituen herritarren emozioak baliatu nahi dituztela Foru Gobernua higatzeko? Edo izango da, akaso, Zubietako erraustegiaren inguruan dituzten interes eta konpromiso partikularrek bigarren mailan uzten dutela errauste planta batek ekarriko lukeen kaltea? Edo hain da handia alderdi horiek errausketan duten fedea edozein ezkontza egiteko prest daudela pagotxa etxera ekartzeko? Ez dakit.

Baina badakit, oroimena denbora haietara iristen zaidalako, nola jokatu duten batzuk eta besteek herri honetako hainbat gai garrantzitsuren inguruko gatazketan.

Gogoratzen dut Lemoizko zentral nuklearraren aurka ezkerretik egin zen borroka eta nolako zailtasuna izan zuten beste alderdiek hartatik etorriko zitzaigun kaltea ikusteko, nahiz eta beranduago Lemoizen kontra bat egin. Gogoratzen dut intsumisioaren garaian gure herriko ezkerrak hartu zuen bidea eta zenbat kostatu zitzaien beste alderdiei herritarrek soldaduskari ezetz esateko zeukaten eskubidearen alde jokatzea; eta nola, denboraren poderioz, berea ere egin zuten eskakizuna. Gogoratzen dut ezkerreko mundutik egin zen indarra hainbat talde, erakunde eta ekintzetan emakumearen presentzia bermatzeko eta zenbat urte pasa behar izan ziren beste denek aldarrikapen hori bereganatzeko.

Oraingo honetan ere -eta etorkizuneko erronkak gaur eskatzen digun erantzukizuna gogoan hartuta- susmoa dut hondakinen aferak bide bertsua egingo duela. Gure gizartearen eta planetaren onerako. Eta bestela, denbora testigu!

ITSASGORAN - Irakaslea ofizioz, Idazlea afizioz