Ate bat gutxiago

Beste komunikabide bat isilarazi dute. Garai berriei aurre egiteko ateak ireki beharrean, itxi eta itxi ari da Audientzi Nazionala. Atzo Ateak Ireki plataforma izan zen, eta gaur Etengaberen txanda izan da. Itxiera horiekin Nafarroako zein Euskal Herriko testigantzak isilarazi nahi dituzte, bertsio bakar batek balioko balu bezala.

Ezin da Gobernuaren ikuspegia kolokan jar dezakeen plataformarik sortu, ezin da Iruñeko bizardunek San Ferminetako ikurriñaren muntaia nola prestatu zuten ikusi, ezin da Poliziak Sabino Cuadra nola kolpatzen duen unea argitaratu, ezin da Euskal Herriko mugimendu sozial-politiko-kulturala askatasun osoz sarean zabaldu. Miguel Angel Llamas Pitu kazetariaren hitzak ekarri nahi ditut gogora: “Nafarroan herri mugimenduak indar handia du, eta guk herri mugimendu horri ahotsa jartzen diogu, besterik ez”.

Mugatuta gaude, guztiz. Gobernuak finkatu duen lerrotik ezin gara irten, egi bakarra baitago kontatzeke. Ateak Irekiren itxierarekin, zuzeneko testigantzak ekidin nahi ditu Eloy Velasco epaileak. Adibidez, Iruñeko Aske Gunean, zuzenean jarraitu zuen plataformak. Lan bikaina egin zuten, Euskal Herriko txoko guztietan Luis Goñi gaztearen atxiloketa zuzenean jarraitzeko aukera izan baitzen. Zuzeneko konexio hori ere delitua omen da. Ehunka gazte bildu ziren Goñiren atxiloketa saihesteko helburuarekin, eta Poliziak gogor kolpatu zituen. Ateak Irekiren zuzeneko irudi horiei esker ikusi ahal izan genuen guztia. Kazetaritza egiteko beste era bat aldarrikatzen du Ateak Irekik, besterik ez. Estatu mailan ahotsik ez dutenei ahotsa ematen die. CAN: El gran golpe dokumentala beste adibide garbi bat da. Isilpean mantendu duten auzia argitara eraman. Zenbat gezur esan zituzten? Zenbat datu ezkutatu? Erantzuleek eman al dute azalpenik? Dokumentalari esker zalantza guztiak uxatzea lortu zuen Ateak Irekik.

Tamalez, horrelako gertaeretara ohitu gara Euskal Herrian; baita beren burua ezkertiartzat duten komunikabideen isiltasunera ere. Mutu geratzen dira gure lurretan adierazpen askatasunaren aurkako eraso bat gertatzen den bakoitzean. Egungo krisiarekin, egunero ikusten ditugu lan eskubideen aldeko aldarrikapenak Espainian. Langile mugimendua indarra hartzen ari da kaleetan, jendeak bidezkoa ez dena salatzen du, Poliziaren karga gogorrek eztabaidak sortzen dituzte… hori guztia gertutik ezaugutu izan dugu Euskal Herrian. Oso gertutik. Eta egun, oraindik, tentakulurik kaltegarriena gainean dugu: Adierazpen askatasuna debekatzen duen tentakulua, alegia. Egin, Egin Irratia, Ardi Beltza, Egunkaria, Kale Gorria, Apurtu, Ateak Ireki, Etengabe… zerrenda geroz eta luzeagoa bihurtzen ari da, baina badirudi ez dela ezer gertatzen ari. Ez da harritzekoa, halere. Zer espero dugu bada Herrira-ren itxierarekin La Sextan umorea egiten duten kazetari ezkertiar horietaz?

TALAIATIK