Arcelor, etxe barrutik. Aitzol Cajaraville

Arcelor, etxe barrutik

Arcelor, etxe barrutik. Aitzol CajaravilleAitzol Cajaraville donostiarra da, Intxaurrondo auzokoa, baina duela urte batzuk bizi da Zumarragan. Arcelor altzairugintza enpresan egiten du lan, mantentze elektrikoan. Duela hamaika urte hasi zen lehenago Orbegozo deituriko fabrikan, eta lanpostu finkoa 2008an eskuratu zuen. Enpresa batzordeko kidea da. Bikotea eta hiru alaba dauzka; zaharrena bere kasa bizi da, eta duela gutxi aitona-amona bihurtu du bikotea. Bi txikienak haiekin bizi dira, bistan dena.

Albistegietan tartea izan du afera honek, baina albistegi batek ez du inoiz patxada handirik eskaintzen gaiak aztertzeko. Ordu laurden baino gutxiago irauten du bideo honek, baino Aitzolek aipatu nahi zituen puntu guztiak jarri ditugu mahai gainean. Bideo honek bi indargune dauzkala iruditzen zait: batetik, gaiaren kokapena sakon, labur, eta lehen eskutik; bestetik, etxe batean kontu honek suposatzen duen dramari aurpegia jartzeko aukera.

Maiatzaren 1ean egin nuen topo Aitzolekin Zumarragan. Egun horretan ez nuen EAJ-ko kide ezagunik ikusi, baina industria sarea eta enplegua babestearen aldeko beste manifestazio batzuetan bai. Jeltzaleak protestan jeltzaleen politiken aurka. Beste zatiketa baten atarian al dago EAJ? Korronte obrerista bat sortu ote da Sabin Etxean, Itxaso Atutxa eta Josu Jon Imazek gidatuta? Eusko Alderdi Jornalaria? Zeren eta Erkorekari entzun genion Zumarragako planta itxiz gero mesede egingo ziola Sestaokoari; eta beharbada Urkulluren buruan ez dago bakarrik “gazteak kanpora joan nahi” izatea, agian irudituko zaio familiak osorik ere joan behar dutela Seneca moduko bat egitera, Asturiasen, komeni zaiela, ze demonio.

Aitzolek garbi uzten du elkarrizketan: denbora haien aurka doa.

Arcelor, etxe barrutik

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.