Arbolak eta gizonak

images1.jpeg
Martin Ugalde zenaren alargunak, Ana Mari Martinezek, esan zidan behin, arbolak gorrotatzera ari zela iristen. Zergatik, galdetu nionean, Del Olmo juezaren izena bota zuen eta emakume haren begietan ikusten zen ez zuela ulertzen ahal epaile batek, gizon batek azken finean, nola ukan zezakeen gaiztakeriarako halako abildadea. Kontu korronte guztiak blokeatuta, epaiketa eta kartzelaren itzala gainean, Ana Marik ezin zuen ulertu halakorik: “Gaiztoa da arbola izena duen gizon hori. Bai, zuhaitzak gorrotatzera iritsiko naiz azkenean”.
Martin gaixorik zegoen ordurako, oso gaixorik. Pare bat urte lehenago hartua zuen erabakia jende aurrera gehiago ez agertzekoa. Oso jabe zen gainera zetorkion gainbehera fisikoaz, eta etxekoen intimitatean bizi nahi zituen azkenekoak. Baina eduki zuen astia, hala ere, Del Olmoren erasoari tankera hartzekoa, eta gauza handirik ezin esan ahal izan bazuen ere, esango nuke bere bizitza euskaltzalearen azken domina edo meritutzat hartzen zuela gertatzen zitzaien hura.
Martinek beti zekien gauzak goitik ikusten, halako begirada berezi baten jabe zen. Besteok hurbileko sasietan harrapaturik eta haserre geratzen ginen bitartean, berak Historiaren ikuspegia ezartzen zuen beti irribarre baten argitan, gertaeren bestelako interpretazio bat eskaintzen zuelarik gaur bai eta bihar ere bai. Bidea luzea dela, gustatzen zitzaion esatea, eta guk geure eginahala abildadez egiten bagenuen, herriak eta hizkuntzak etorkizun hobea ezagutuko zutela. Ahalegina ez dela alferrikakoa eta denboran atzera begiratu ezkero, pozteko moduan gaudela, asko aitzinatu dela hizkuntza kontuetan lehendik hona, eta Euskaldunon Egunkaria tresna bikaina dela bidea elkarrekin egiteko. Euskal Herriaren etsaiak handiak direla eta horregatik zuhurtasunez baina irmoki eman behar direla pausoak. Garrantzia duela urrats bakoitzak, eta horrexetarako geundela han bilduak, geure herriaren aldeko pausoak erabaki eta emateko. Etsipenak, beraz, ez zeukan lekurik Martinen kolkoan, eta gurean ere ez, haren hitzak entzuten genituenean. Gogoangarriak dira hari entzun genizkion diskurtsoak, unerik estuenetan bihotza pozez eta itxaropenez betetzeko materiarekin baitzeuden eginak.
Baina joan zen hura ere, eta hutsunea dago harrez geroztik. Sekulakoa. Pentsatzen dut Egunkaria Auzian harrapatuta dauden kideek, batez ere, asko eskertuko lituzketela gaur Martinen hitzak, jakingo baitzuen hemendik edo handik hitz egokiak aurkitu eta diskurtso zoragarri haietako bat antolatzen, sufrimenduari gozotasuna eta erabakiari kemena txertatzeko. Inork gutxik bezala.
Ez dago, ordea. Eta okerragoa dena, ematen du Euskaldunon Egunkaria auzia, soilik batzuei bakarrik dagokigula, ez dela herri eta kultura oso bati egiten zaion eraso neurrigabea. Bai, Ana Mari, neu ere arbolak gorrotatzera iritsiko naiz, baina ez arbolak bakarrik.

Hasier Etxeberria. El Mundo 20071201

Hasier Etxeberria

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude