Antxoa harrapatzeko debekualdia urtebetez luzatu du Europak

Itsasontziak portuan amarratuta
Itsasontziak portuan amarratuta

Albisterik txarrena jaso dute gaur arratsaldean euskal arrantzaleek: bosgarren urtez ezin izango da antxoarik harrapatu Bizkaiko Golkoan. “Jipoi ederra” jaso dutela aitortu dute, eta erabatekoak izan dira etorkizunari buruz hitz egiterakoan: “egoera jasan ezina da dagoeneko”.

Europako Batzordearen erabakia ICES-en (Itsasoa Ikertzeko Zientzialarien Kontseilua) txostenean dago oinarrituta. Honen arabera, Bizkaiko Golkoko antxoaren biomasa 21.270 tonakoa da eta, Europako Batzordearen ustez, 24.000 tonatik gorakoa izan beharko litzateke arrantzaldia berriz zabaltzeko.

Aipagarria da ICES-en eta AZTI-Tecnaliaren txostenak ez datozela bat antxoaren biomasaren tamaina zenbatekoa den zehazteko orduan. Alde handia dago bata eta bestearen artean. Izan ere, AZTI-Tecnaliako biologoek orain aste pare bat argitaratutako ikerketak dio 28.000 tonakoa dela Bizkaiko Golkoko antxoaren biomasa. Aldea ez da hutsala, AZTI-Tecnaliaren ikerketako emaitzek urteko harrapaketa-kopuru bat ezartzeko aukera ematen zutelako.

Euskal arrantzaleak azken aukera honen aldekoak ziren, hau da, antxoaren arrantzaldia zabaltzearen alde zeuden baina “gehiegikeriarik gabeko harrapaketa kopuru kontrolatuak” ezarriz.

Arrantza sektorea ez dago bere sasoirik onenean. Petrolioaren prezioak eta, batez ere, harrapaketen jaitsierak eragin negatiboak izan ditu azken urteetan euskal flotan. Gero eta gazte gutxiago erakartzen du sektore honek eta gero eta arrantza-onzi gutxiago dago gure portuetan. Orain, Europar Batasunak hartutako erabaki honek konpondu ezinezko kaltea eragin diezaioke.