Amorruzko poema

Sentitzen dut mingots etortzea, baina paper zaharren artean aurkitu dut poemarik idazten ez dakien honen poemetako bat. Inoiz edo behin zauritu al zaitu baten batek? Inoiz edo behin esan al dute zutaz suntzitzerainoko gezurrik? Sartu al dizute beldurrik erraietaraino? Poesiak ez gaitu salbatuko, hori badakigu, baina beste matraila jartzeko ere, batzuk ez gara gauza, ez gara-eta hain kristauak. Salbatzeko ez da izango, baina a zer libratua hartu nuen sasi-poema hau idaztearekin, duela hiru urte, hain juxtu:

Zuk, Gezur,/ —gezur urde, gezur zikin—/ naizena ostu nahi/ nintekeena ere bai/ ahalko bazenu./Zuk, Gezur,/—gezur anker, gezur samin—/ turuta jo didazu/plazaren erdian:/ sugearen ziztua,/ aizkoraren ahoa/ ene izenean.

Eginen dute topa!/ gudari berriek,/ arrazoiaren jabe / memoria gabeek / (atera katxi bat, tío)./ Eginen dute topa!/ inperioaren zaintzaile/ beti-betikoek/ (saca un Dyc, cabrón)./ Ene izenean

Zuk, baina, Gezur,/ —gezur handi, gezur zital—/ akats egin duzu:/ nintzena otsotu./Dantza ez da gurean/ oraino bukatu./ To, otsoaren ordain/ xaxatuaren sari./ Ez ziren, berez, zuretzat,/ (laguna gogoan)/ to, hala ere, uhuri idatziok./ Egin Heriotzari kantu / gogorik baduzu.

Orain neu naiz pianoan./ Mugi, mugi./ Sol, Fa, Mi, Re, Do./ Mugi, mugi./ To, letaginon ausikia, /to, hitzezko zaztadok./ Egin hazka, jaso min/ bota lanturu eta intziri./ Sofri eta zaitez behingoz hil/ (egindako akatsen/ aladurarekin).

Urrezko balarik ez eta,/ to, zeuretzat/ letrazko hesolok./ To eta to, eta to eta to/ eta berriro ere, to eta to/ barru barruraino/ bihotz erdiraino/ Sol, Fa, Mi, Re, Do/ Galbidearen mirabe / makurrenarentzat/ argitara hitzok/ Sol, Fa, Mi, Re, Do/ mendeku asmo gabe/ mendeku direnok.

Eta Sol eta Fa eta Mi eta Do./ Zeuretzat, Gezur,/ —gezur gaizto, gezur gezurrezko—/ nola zaizkizun gaurtxe,/ halaxe betiko.

031107

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)