Amiantoaren biktimak, ahaztuak eta diskriminatuak

Amiantoaren biktimak –

Estatuarena da biktimentzako funts bat sortzeko betebeharra, hark ez zuelako bete herritarren osasuna zaintzeko betebeharra. Izan ere, hirurogeita hamarreko eta laurogeiko hamarkadetan amiantoaren erabilpenaren ondorioak ezagutzen ziren jada baina, URALITA enporioak zuen itzalagatik, orduantxe ezarri zen amiantorik gehien Estatuan.

Amiantoaren biktimak
Amiantoaren kaltuen aldeko ekitaldiaren irudia, CAF fabrikaren kanpoaldean, Beasainen (Goierriko Hitza)

Frantziako estatuan 20 urte baino gehiago daramatzate FIVA Funtsa martxan dutela, eta 2023rako haren aurrekontua 347.369.993 eurokoa da; sortu zenetik guztira gastatu den dirutza 6.626 milioi eurokoa da (FIVAren 2022ko memoriaren 55. eta 75. orrialdeetan ageri denez).

Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioaren memoriaren arabera, 4.582 da hildakoen kopurua urtean (funts-proiektuaren arau-eraginaren azterketaren memoria laburtuak, 2023ko ekainaren 28koak, 24. orrialdean dioenez).

Hildakoen guztizkoan, aitorpen-gutxiegitasuna dago (alegia, lanbide-gaixotasuna aitortuta ez duten pertsonena). Biriketako, bronkioetako eta laringeko minbiziengatik hildakoen % 0,44k bakarrik du aitortua gaixotasun profesionala. Mesoteliomen (pleurako eta peritoneoko minbiziaren) ondorioz hildako pertsonen artean, laneko gaixotasuna aitortu zaienen ehunekoa % 9 da (UGTren “Amiantoaren ondoriozko minbiziak gutxiegi aitortzeko zergatiak” gidako datuak dira, 50-52 orrialdeetan).

2022ko urrian “Amiantoaren biktimentzako konpentsazio-funts bat sortzeko legea” onetsi ondoren, bazirudien azkenean iritsi zela amiantoaren biktimei justizia egiten hasteko garaia.
Gogoratu behar da Funtsaren Legea lantzeko eta eztabaidatzeko ibilbide instituzionala luzea baino luzeagoa izan dela; eta legebiltzar-talde guztiek aho batez hartu dutela parte, bai Eusko Legebiltzarrean, bai Diputatuen Kongresuan, bai Senatuan:

Eusko Legebiltzarrak, 2013ko maiatzaren 17an, ponentzia bat sortzea erabaki zuen, amiantoaren biktimentzako konpentsazio-funts bat sortzeko aukera aztertzeko; eta euskal gizarteko estamentu guztiek parte hartu zuten bertan: langileen sindikatuak, enpresa-sindikatuak, hainbat mediku-elkartek, Osalan-Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, eta gaian adituak diren hainbat pertsonak. Guztira, 18 agerraldi egin ziren Legebiltzarrean.

Azkenean, Eusko Legebiltzarraren Osoko Bilkurak, 2015-06-25ean, aho batez onetsi zuen funts hori sortzeko lege-proiektua, eta Diputatuen Kongresuari proposatu zion hura onets zezala, Eusko Legebiltzarrak ez baitzuen hura indarrean jartzeko eskumenik.

Ordutik, Eusko Legebiltzarrak hiru aldiz erregistratu behar izan du lege-proiektu hori, 2016an, 2017an eta 2019an, aldi bakoitzean hauteskundeak aurreratu izanaren ondorioz. Bigarren eta hirugarren aldietan, proiektua aintzat hartu zuten Diputatuen Kongresuko osoko bilkurek, 2017ko urriaren 4an eta 2019ko maiatzaren 2an. 2022ko urrian burutu zen, azkenean, Parlamentuko izapide, eta urriaren 19ko BOEn argitaratu zenean, legegintza-prozesu luzea amaitu zen.

Onetsita dagoen legeak, bere bigarren xedapen gehigarrian, 90 eguneko epea ezartzen zuen haren Erregelamendua onesteko eta indarrean jartzeko.

Hala eta guztiz ere, gaur-gaurkoz dugun abelera da Gobernuak ez duela Erregelamendu hori onetsi, eta, gainera, Gizarteratze, Gizarte Segurantza eta Migrazio Ministerioak proposatutako zirriborroak ez duela Legearen espiritua errespetatzen, biktimen elkarteek eta sindikatuek elkar hartuta Ministerioari jakinarazi genion bezala, 2023ko uztailean aurkeztutako alegazioetan, legez ezarritako epearen barruan.

Sei hilabeteko epean Ministerioaren erantzunik jaso gabe egon ostean, urtarrilaren 18an, Sumar, EH Bilduko, EAJ, Junts, ERC, Podemos, Coalición Canaria eta BNGko diputatuek gutun bat bidali zioten Gobernuari Legearen Erregelamendua onets zezan eskatzeko.

Hala eta guztiz ere, Gobernuak aintzat hartu gabe jarraitzen du, eta arestian aipatutako talde horiek berberek legez besteko proposamen bat aurkeztu dute Diputatuen Kongresuan. Proposamen hori Kongresuko Osoko Bilkuran eztabaidatuko da irailaren 24an eta, haren bidez, Gobernuari eskatzen zaio:

  • Onets dezala 21/2022 Legearen Erregelamendua
  • Aintzat har ditzala biktimen elkarteek eta sindikatuek aurkeztutako alegazioak
  • Har ditzala 21/2022 Legea betetzeko Amiantoaren Biktimen Funtsa hornitzeko beharrezkoak diren aurrekontu-neurriak.

Gobernuak amiantoaren biktimentzako konpentsazio-funts bat sortzeko Legea ez betetzea, kaltetutako pertsonekiko erantzukizun eta justizia falta larria da. Funts hori ez eratzeak biktimen eskubideak urratzea dakar.

Gobernuaren ekintzarik ezak are gehiago larriagotzen du kaltetutako pertsonen eta haien senideen sufrimendua, eta agerian uzten du osasun publikoaren premiazko gai batekiko sentsibilitaterik eta lehentasunik eza.

Amiantoaren biktimak  Amiantoaren biktimak

Fedavica Amiantoaren Biktimen Elkarteen Federazioko bozeramailea

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude